INFO

Familiek adingabeak Interneteko arriskuetan hezteko gidak argitaratu dituzte

Lakuako Gobernuak familiei zuzendutako laguntza gida batzuk jarri ditu abian, helduek adingabeei Interneten erabilera egokiari buruzko orientazioa eman diezaieten. Sei liburuki dira, haur eta nerabeen garapen etapen arabera antolatuak.

‘Internet familian: erabilera seguru baterako jarraibideak’ gidaren aurkezpena. (IREKIA)

Lakuako Gobernuko Familia eta Haurren Zuzendaritzak familiei baliabideak ematea proposatu du «beren ardurapean dituzten haur eta nerabeei laguntza eta orientazioa eman diezaieten Internet zer den eta horrek zein arrisku dakartzan jakin dezaten».

Horretarako, Interneten, aplikazioen eta sare sozialen erabilera egokirako laguntza eta orientazio gida batzuk prestatu ditu, gurasoei eta beste pertsona heldu batzuei zuzenduta. Gidek izenburu hau dute: ‘Internet familian: erabilera seguru baterako jarraibideak’.

Sei dokumentuz osatutako bilduma da, eta asteazken honetan aurkeztu da atzo izandako Safer Internet Day egunarekin bat etorriz. Gida horiek adingabearen garapen etapen arabera antolatuta daude: 0-3 urte, 4-6 urte, 7-9 urte, 10-12 urte, 13-15 urte, eta 16-18 urte. Horietako bakoitzean modu labur eta generikoan azaltzen da nolakoak diren adin tarte horretako adingabeak, nola erlazionatzen diren Internetekin, zer arrisku sor daitezkeen eta zer egin dezaketen erreferentziazko pertsona helduek haiei laguntzeko.

Sei gidetako bakoitzak edukiaren laburpena, informazio interesgarria eta familian ikasi eta jolasteko baliabideak biltzen ditu. Gainera, dokumentu komun batzuk prestatu dira: glosario bat hitz teknikoen azalpenarekin, gaiarekin lotutako baliabide interesgarri batzuk eta gidak prestatzeko erabilitako bibliografia.

Grooming, ciberbullying, sexting, phishing eta antzeko terminoak azaltzeaz gain, egoera horiei heltzeko moduaren inguruan orientatzen da.

Bilduma sailaren web-orriaren bidez deskargatu daiteke, familiaren arloan: www.euskadi.eus/familia. Bertan banner bat gaitu da, deskargatzeko modua azkar identifikatzeko.

Lakuak azaldu duenez, «gida hauen helburua da adingabeen adinari egokitutako jarraibide batzuk eskaintzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) arduraz eta segurtasunez erabiltzeko. Baina, betiere teknologia berriak aukeragune gisa ikusita (erabilera denboran oreka mantenduta eta beste jarduera batzuk alde batera utzi gabe), eta ikasteko eta garatzeko, eta berdinekiko eta gizarteko gainerakoekiko harremanak errazteko gune gisa».

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere aurkezpenean adierazi duenez, adingabeekin bizi diren helduek Internet erabiltzen dute beren eguneroko askotariko jardueretarako. «Bizitza errealean babesten irakasten badiegu, zergatik ez dugu hori egingo bizitza birtualean? Haien hazkuntzaren arduradun gisa, familiek sareen sareak dakartzan arriskuetara ere hurbiltzeko betebeharra dute», adierazi du.