INFO

Desinformazioari aurre egiteko Europako proiektu berritzaile baten buru izango da EHU

Desinformazioari aurre egitea helburu, hainbat hezkuntza ingurunetako irakasleei alfabetatze mediatiko eta informatiboari buruzko ezagutzak, tresnak eta materialak emango dizkien Europako proiektu baten buru izango da Euskal Herriko Unibertsitatea.

QYourself proiektu berritzailearen buru izango da Euskal Herriko Unibertsitatea. (EHU)

Europako QYourself proiektu berritzailearen buru izango da Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Europar Batasunaren Erasmus+ programak finantzatuko du proiektua, eta desinformazioari aurre egitea du helburu, hainbat hezkuntza ingurunetako irakasleei alfabetatze mediatiko eta informatiboari buruzko ezagutzak, tresnak eta materialak emanez.

Proiektuak 250.000 euroko finantzaketa eta bi urteko exekuzio epea izango ditu –2023ko azarotik 2025eko urrira bitarte–, eta desinformazioaren fenomenoari aurre egiteko premiagatik sortu da.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «proiektuaren barruan, aliantza estrategikoa egin da erronka horri aurre egiteko funtsezkoak eta osagarriak diren EHUko bi jakintza arloren artean: kazetaritzaren eta hezkuntzaren artean».

Horrela, QYourself proiektuko lantaldean EHUko irakasleak eta ikertzaileak daude, bai Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Sailekoak, bai Bilboko eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateetakoak. Hauek dira proiektuko ikertzaile nagusiak: María José Cantalapiedra González Kazetaritza Saileko irakasle titularra eta Bitartez Ikertalde Finkatuko ikertzaile nagusia, eta Dorleta Apaolaza-Llorente Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea eta Gizarteak, Prozesuak eta Kulturak (VIII.-XVIII. mendeak) Ikertaldeko kidea.

«Hezkuntza inguruneetan alfabetatze mediatikoko gaitasunak garatzeko neurriak hartzeko premiak bultzatuta iritsi da QYourself, irakasleekin lankidetza estuan». Honela, proiektuan irakasleentzako hezkuntza baliabide irekiak sortuko dira, «ikasgelako desinformazioaren fenomenoari aurre egin eta ikasleen pentsamendu kritikoa pizteko asmoz».

«Desinformazioaren aurkako entrenamendu praktiko» bezala definitu dute proiektua, «gogoetaren bidez egindakoa, eta, kazetaritza metodoan oinarritutako tresna digitalak ezarriz, edukia eta iturriak hautatzeko eta informazioaren azken itxura erabakitzeko prozesuak barneratzen lagunduko du».