INFO

Frankismoan errepresioa jasandako Gipuzkoako emakumeen bizipenak liburu batean bildu dituzte

Aranzadik Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanean ‘1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua’  azterlana argitaratu du. Errepresio frankista jasandako Gipuzkoako emakume ezberdinen kasuak jasotzen dira bertan.

Gipuzkoako emakumeek jasandako errepresio frankista jasotzen duen liburuaren aurkezpena. (Jon Urbe | FOKU)

‘1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua’ azterlana aurkeztu dute larunbat goiz honetan Donostian, Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko ekitaldian. Ione Zuloaga historialariak gidatu du azterlana, 1936 eta 1945 urte bitartean emakume gipuzkoarrek jasandako errepresio frankistaren inguruko errealitate desberdinak batu ditu.

Bigarren errepublikatik hasi eta XX mende erdialdera arte bizi izandakoak gogora ekarriz, «emakumeen irudia, izandako rolak eta bizipenak erdigunean ipinita, eta emakume horiek guztiak aitortzeko helburuarekin» osatu dute liburua aurkezpenean esandakoaren arabera.

Frankismo garaian errepresioa jasan zuten emakumeak, Bigarren Errepublikan zehar militantzia politikoa izan eta espazio publikoa hartu zutenak izan zirela nabarmentzen du azterlanak. «Hego Euskal Herriko lurraldeetan 190 miliziana inguru zenbatu dira, Euskal Milizia Antifaxistekin borrokan jardun zutenak gehienak. Horietatik gipuzkoar jatorrikoak 45 fronteetan aritu zirenak, 22 armak hartuta, 5 erizain lanetan, 9 sukalde lanetan eta 9 laguntza-zerbitzuetan».

3.545 espediente ikertu dira, 1936tik aurrera espetxeetan preso egondako emakumeenak, %95etik gora, gerra arrazoiengatik

Militantzia politikoaren ondorio

Jasandako errepresioa militantzia politikoagatik jasan zutela baieztatzeko zenbait datu gaineratu dituzte: Gipuzkoako Ondasunak Bahitzeko Batzordeak 30 emakume desjabetu zituen; Nafarroako Erantzukizun Politikoen Auzitegiak 111 emakume kondenatu zituen; eta frankistak boterera iritsi zirenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 215 emakume kanporatu zituen, telefono zerbitzuetako 57 emakume kargugabetu zituzten, Urolako trenetako 5, 7 garbitzaile, 4 irakasle, 2 bidezain zerbitzuetan eta Fraisoroko sehaska-etxean bat, beste 4 emakumeren kasuan lanbidea zehaztu gabe.

1.000 emakume kanporatu zirela beren herrietatik ondorioztatu du azterlanak. Bestalde, 3.545 espediente ikertu dira, 1936tik aurrera espetxeetan preso egondako emakumeenak, %95etik gora, gerra arrazoiengatik espetxeratuak, Azpeitian 9, Tolosa 121, Saturraranen 2.151 eta Ondarretan 1.264. Emakume fusilatuei dagokienez, gaur egunera arte 50etik gora identifikatu dira, gehiengoa epaiketa militarrik egin gabe fusilatu zituzten.

Lau atal: biktima ikusezinak, genero indarkeria, gorputza eta errepresioa

Zuloaga historialariak lau ataletan banatu du ikerketa. Batetik, Bigarren Errepublika garaitik abiatuta emakumeek egindako aldarriak eta beren irudiaren inguruko aldaketa azaltzen du; «Horretarako, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren eta lehen emakume alkateen errepasoa egiten da, espazio publikoaren konkista gisa ulertuz». Bigarren atalean, estatu kolpearen eta gerraren hasieraren testuinguruan, emakumeek frontean jokaturiko papera, erbesteratzeak eta erizain zein amabitxi bezala eginiko lana laburbiltzen dira.

Bigarren Mundu Gerran zehar nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jasotzen da


Emakumeen aurkako errepresio motak biltzen dira hirugarren atalean: errepresio ekonomikoa, lan-kanporatzeak, ile mozketak, telefonisten lana, kartzaleratutako emakumeen egoera, fusilamenduak, alargunen lutoaren ukazioa… Eta azkeneko atalean, berriz, Bigarren Mundu Gerran zehar nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jasotzen da: Maria Juana Gesalaga, Maria Josefa Sanzberro eta Simonne Paquita Lebouch.

Hiru ikerlariren lanek osatu dute Zuloagaren azterlana. Bartzelonako Unibertsitateko Queralt Solék ikuspegi historikotik aztertu ditu emakumeen rola eta egoera gerrateetan, ikusezin bihurtuko biktima gisa. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Enara Garrok genero indarkeria aztertu du testuinguru hartan, eta hari nola egin zitzaion aurre, nazioarteko eta Europako eskualdeetako ikuspegi batetik. Eta azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko Lourdes Herrastik emakumeen gorputzetan errepresioak izandako eragina aztertu du

«Asko zor diegu»

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak ere hitza hartu du aurkezpenean, eta frankismoaren biktimen egia, justizia eta erreparazioa gauzatzeko bidean urrats garrantzitsua dela esan du: «Ez bakarrik urraketa haiek jasan zituztenen testigantza jasotzen duelako, baizik eta Gipuzkoan eta gure herrian errepresio frankista jasan zuten emakume guztien memoria aldarrikatzen duelako; eta, gisa horretan, lurralde justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean aurrera egiten dugulako».

Gizon eta emakumeen berdintasunean oraindik egiteko asko badago ere, aurrera egiten ari dela nabarmendu du. «Asko zor diegu frankismoaren eta gorrotoaren indarkeria jasan zuten emakume haiei», laburbildu du.