INFO
Entrevista
Mariasun Landa Etxebeste
Idazlea eta irakaslea, Emakunde saria jaso du

«Begiak irekitzen dituzunean, ez dituzu berriro ixten»

«Feminismoa eta euskara uztartzen ditu, sozializazio prozesuan eta nortasun eraikuntzan dauden gazteentzat idazteko», nabarmendu zuen Emakundek Mariasun Landari buruz asteartean saria ematean. Artikulugilea ere bada, eta gero eta gusturago dabil hitzaldiak ematen.

Mariasun Landa Etxebeste. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Etxean hartu gaitu Mariasun Landak (Errenteria, 1949). Hori bera bada adierazgarria. Hurbil, natural, goxo mintzatu zaigu artez eta landarez hornitutako txokoan. Mahaian, orrazi gorri bat dago liburuen artean.

Zorionak! Bi sari batera, Emakunde iragan asteartean eta Gutun Zuria otsailaren 27an.

Emakundekoa oso ekitaldi polita izan zen, eta oso pozik gelditu nintzen. Irudi bat eman zidaten [egongelako apal batean ikusi dugu]. Gutun Zuriak, berriz, makila bat emango dit; agian norbait jotzeko... [barrez]

Ohartarazpena egin zenuen, erne ibili behar dugula lortutako eskubideak ez galtzeko.

Ipuin bat atera zitzaidan bat-batean, Loti Ederraren beste istorio bat: lo dagoen itxura egiten du, printze bat noiz etorriko zain, harik eta egun batean altxatu eta bidaiatzen eta ikasten hasten den arte. Beste emakume batekin ezkontzen da, Edurne Zurirekin. Bukaera jende askori gustatu zaio: begiak irekitzen dituzunean, ez dituzu berriro ixten. Erne segitu behar dugu: aurrera egin dugu, baina gauza asko arriskuan ikusten ditut. Gertatzen dena da diskurtso berri itxurarekin etortzen direla. Dena lotua dago politikan ematen ari den eskubi aldeko mugimenduarekin.

Zuk begiak goiz ireki zenituen. Nolatan, frankismo betean sortua izanik?

Haurtzaro eta nerabezaroan errebeldea nintzen: ‘Zergatik egin behar ditut nik oheak eta anaiak ez?’. Gero gizarte laguntzaile izateko ikasketak egin nituen eta hor irakasle bat izan nuen beti gogoan izango dudana: Tere Arozena. Gaztea zen eta begiak erne zituen. Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ gomendatu izana eskertzen diot. 1967 urte ingurua zen. Debekatuta zegoen hemen liburu hori eta Ameriketako edizioa irakurri nuen. Batez ere hitzak eman zizkidan: ‘A! Horrek izen hau dauka. Hau egiten da honengatik’. Emakume generoa neurri handi batean eraikia da. Zu jaio zaitezke sexu batekin, baina generoa kulturala da.

18-19 urterekin Parisera joan zinen ikastera.

Hasieran au pair bezala frantsesa ikastera. Gero ikasten jarraitu nuen eta lau urte egin nituen. Franco hiltzerako itzuli nintzen, gainditu gabeko ikasgai bati heltzeko: euskara.

Ez zenekien batere?

Familia euskalduna nuen, baina ni ez nintzen gauza hitz egiteko. Aitona hitz gutxikoa zen, eta ez zekien apenas erdararik. Haren oroitzapena beti sentitu dut mingarri nire baitan. Kartetan jolasten genuen, hizkuntzarik gabeko komunikazio batean. Zauri linguistikoa gelditu zait. 40 urte beranduago jakin dut eskolan nire gelan ibilitako batzuek euskaraz zekitela. Errepresioa.

Parisen 68ko Maiatzeko mugimendua ezagutu zenuen.

Maiatzean ez, udazkenean iritsi nintzen! [irriz]. Horregatik idatzi nuen ‘Festa aldameneko gelan’. Baina Maiatzak iraun egin zuela aldarrikatzen dut. Manifestazioak Auzo Latinoan asteburuero, espiritu erabat iraultzailea... Paris gordeta daukat nire barruan nire bizitzako momenturik inportanteena bezala, non gauza asko erabaki behar izan nuen: itzultzea, zeinekin konpartituko nuen bizitza, gero nire senarra izan zenarekin, euskara ikastea. Nire irakurketetan oso frantsestua sentitu naiz beti.

Irakurri eta idatzi umetatik egin duzu?

Pentsa ezazu ni naizela telebistarik gabeko aro batekoa. Horrek esan nahi du guretzat irakurtzea dibertimendu bat zela. Nik zor diot irakurketari oso ondo pasatzea. Liburu gutxi genituen, baina anaia nuen bost urte zaharragoa eta ‘Tom Sawyerren abenturak’, ‘Robinson Crusoe’... hartzen nizkion. Nire kabuz ipuinak idazten nituen, 10-12 urterekin, marrazkitxoekin, grapatu... Idazle izatearen ilusioa beti izan dut.

Filosofia hutsa ikasi zenuen.

Bai, eta euskara ikasi nahi nuenez, jaitsi nintzen hortik ume txikiekin Zarauzko ikastola izango zenera. Umeentzat hasi nintzen idazten, eta haur literatura modernoa deskubritu nuen. Txundituta gelditu nintzen. ‘Txan fantasma’-rekin Lizardi saria irabazi, eta berehala itzuli zen gaztelania eta katalanera...

Nahiko azkar lortu zenuen arrakasta.

Gure belaunaldiko idazleen artean daude Joxantonio Ormazabal handi-handia, Andu Lertxundi, Txiliku, Pello Añorga... bide bat ireki genuen.

Eta zure izena beraiekin. Umetan zuen liburuak irakurri genituen. Gogoan dut zure ‘Amets uhinak’.

Nik klaseetan erabili nituen ipuinak dira. Ikasleek aukeratu zuten izenburu hori.

Polita da. Haurtzaroan irakurtzen dituzun liburuek balio emozional handia dute.

Bai. Jendeak goitik behera begiratzen duenean haur literatura, ez da konturatzen, baina idazleek beraiek esango dizute zeintzuk izan diren beren libururik inportanteenak, markatu dituztenak: denak dira haur eta gazte literaturakoak. Txikitan edo gaztetxotan irakurtzen ditugun liburuen emozioa ez da berriro sentitzen. Nik ez dut berriro sentitu.

Liburu batek bizitza aldatzen ahal dizu neurri batean.

Ikuspuntua behintzat.

Idazle eta irakasle gisa ibili zara beti aldi berean.

Bai, eta oso gustura irakasle. Orain gutxiago idazten dut, baina ikastaro eta hitzaldiak ematen ditut, gero eta gehiago gustatzen zait transmisioa.

Militantzia feminista ere egin izan duzu.

1970eko eta 80ko hamarkadetan Donostiako Emakumeen Asanbladan, Leioako jardunaldietan... Hezkidetzan asko insistitu nuen. Gelak mistoak izatea ez zen nahikoa. Hezkidetza beste pauso bat da: maskulinitatearen eta feminitatearen balioak aprobetxatu eta sinbiosi polit bat egitea.

Zure pertsonaiek bezala.

‘Alex’ ipuinean, Euskadi saria irabazi zuena, gai hori tratatu nuen: mutil diferenteak. Sentikorragoa da. Hori ere erreibindikatu nahi izan dut, ez bakarrik nesken protagonismoa eta duintasuna, baita mutilen askatasuna ere.

Zein da zure sortzeko era?

Nire bizi osoan poltsa guztietan eraman dut koaderno bat eta zer edo zer apuntatu agian. Hor egiten dut lan [bere txokoa seinalatu digu, egongelatik ikusten dena]. Kalean oinez zoazela lanean ari zara, besteen liburuak irakurtzen ari zarenean ere bai. Baina ailegatzen da momentu bat non eseri egiten zaren.

Zure idazketaren eboluzioaz zer erranen zenuke?

Haur eta gazte literaturan, hasieran, rol maskulino eta femeninoen arteko borrokan ibili ginen, neskei eskainiz ordura arte bakarrik mutilei eskaintzen zitzaizkien lanbide, afizio eta abenturak. ‘Ioldi’-rekin beste fase bat hasi nuen: nola ikusten dira gauzak neska izanda? Hori da Ioldi [terrazara ematen duen atarian dago panpina bat, bufanda jantzita]. Gero, ez da inoiz aipatzen, baina artikulu asko idatzi ditut. Bi liburutan bildu ditut. Zehazki, gauza batzuk ditut oso nireak eta maiteak.

Nola bizi zara?

Zorte handikoa sentitzen naiz. Profesionalki aitortza handia dut eta pertsonalki denboraldi gozoan nago, baina agian orain dut munduarekiko inpresiorik bortitzena.