INFO

Laguntza humanitarioko bere hamabigarren misiorako itsasoratu da ‘Aita Mari’

‘Aita Mari’ laguntza humanitarioko itsasontzia urteko lehen misioan itsasoratu da. Bere historiako hamabigarrena da, mugarria Itsas Salbamendu Humanitarioaren (SMH) lanean, urtarrilaren 3an hasitako crowdfunding kanpainaren bidez jasotako laguntzak bultzatua.

‘Aita Mari’-ko kideek eskerrak eman nahi dizkiete misio garrantzitsu hau martxan jartzen lagundu dieten erakunde eta pertsona guztiei. (Borja ABARGUES)

Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) esker ona adierazi nahi die urtea hastearekin bat abiatu zen crowdfunding-aren arrakastan lagundu duten pertsona guztiei, aurreikuspenak gainditu eta kanpaina luzatzeko aukera eman diotelako. Erregaia eta elikagaiak ordaintzeko behar diren funtsak lortuta, astelehen honetan itsasoratu da berriz ‘Aita Mari’, bere hamabigarren laguntza humanitarioko misioan.

Halere, salbamendu-tripulazioak baditu behar gehiago, hala nola sistemen konponketak eta eguneratzeak. Lagundu nahi izanez gero, kanpainak zabalik jarraituko du itsasaldia amaitu arte. Esteka honetan parte har daiteke.

Mundu mailako krisi humanitario betean itsasoratu da euskal ontzia, besteak beste, Gaza, Siria, Pakistan, Afganistan, Kongo eta Yemenen indarkeria eta desplazamendua areagotu diren unean. Azaldu dutenez, gatazka horiek leku seguruagoetan babesa bilatzen duten pertsonen beharrak handitu dituzte, baita Europarako eta beste eskualde batzuetarako migrazio-fluxuak ere.

Lekuko eta igorle

«Zoritxarrez, Europako gobernuek ez diote erantzun egokirik eman krisi honi, eta jarrera kriminalizatzailea hartu dute pertsona migratzaileenganako eta laguntzen saiatzen diren erakundeekiko. Laguntza-neurri faltak eta itsasoko tragediekiko axolagabekeriak desesperantza egoeran utzi dituzte milaka pertsona», adierazi dute SMHko kideek.

Horregatik, inoiz baino gehiago, funtsezko ikusten dute gobernuek huts egin duten lekuetan eragiten jarraitzea. Gehien behar duenari laguntza humanitarioa emateko konpromisoa berretsi dute, bereziki emakumeei eta haurrei. Mediterraneo erdialdeko egoera aktiboki salatzeko misioarekin ere jarraitzen dute, «askotan isilarazi nahi den errealitate baten lekuko eta igorle» gisa.

‘Aita Mari’-ko tripulazioak eskerrak eman nahi dizkie misio garrantzitsu hau martxan jartzen lagundu dioten erakunde eta pertsona guztiei. «Haien eskuzabaltasun eta elkartasunak gure lana ahalbidetzen dute eta aurrera jarraitzeko indarra ematen digute».

Informazio gehiagorako edo SMHrekin kolaboratzeko, beren webgunea bisitatzera gonbidatu dute. Bertan nabarmentzen da, beste datu batzuen artean, 1.500 pertsonaren bizia salbatu dutela eta 60.000 artatu dituztela.