INFO

26.000tik gora lan istripu izan ziren Nafarroan 2023an

Nafarroan 2023 urtean 16.000 lan istriputik gora izan ziren, LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek egindako txostenaren arabera. Urte horretan hamabi langile hil ziren herrialdean. Joan den urtarrilean, berriz, bost izan ziren hildakoak lurralde honetan.

LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek Iruñean egindako agerraldia. (STEILAS)

26.000 lan istriputik gora izan ziren Nafarroan 2023an, LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin duten txostenaren arabera. Azken urtean Nafarroan hamabi langile hil dira, azken hamar urteotan 150 direlarik.

«Gainera, istripu kopuruak ez du etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen zerbitzutan (%70 inguru), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo», nabarmendu dute astearte honetan Iruñean egin duten aurkezpenean.

Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. Lehenak, sindikatuen datuak jasotzen ditu. Lehen atalari jarraiki, 2023an Nafarroan izandako istripu hilgarrien inguruko zehaztasunak eman dituzte. Horrela, bost heriotza garraiolarienak izan dira, bost errepidean istripuaz (horietatik bi in itinere), industrian bi egon dira, beste bi eraikuntzan, ez traumatikoak ere bi izan dira eta batbortxakeriaz.

Datu ofizialak jasotzen ditu txostenaren bigarren atalak. Istripuetan, datu ofizialek, enpresa zein mutualitateek eskainitako datuak hartzen dituzte aintzat. «Hemen amarrua dago, batetik, istripu arin asko ez direlako aitortzen eta bestetik, istripu larri asko mutualitateetako sendagileek arintzat jotzen dituztelako, administrazioen kontrolik gabe», salatu dute. Hala ere, datu ofizialek Nafarroan 26.000tik gora lan-istripu izan zirela 2023an erakusten dute.

«Gobernuek heriotzen inguruko datuak ere izkutatzen dituzte. Kasurik ohikoenak garraiolarienak izaten dira edo laneko heriotza bezala hartzen ez diren in itinere zein in mision istripuen kasuak. Istripu eta heriotza hauetako asko gure afiliatu sarearen bidez ezagutzen ditugu. Sindikatuok Nafarroan hamabi istripu hilgarri zenbatu ditugu eta datu ofizialen arabera hamar izan ziren», azaldu dute.

Sektoreak

Sektore batzuetan hiltzeko aukera gehiago dago, hala nola basogintza, eraikuntza, industria edo garraioan, eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea. Honetan, gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak. Hauen kasuan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortzitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten.

Istripu ez traumatikoen hazkundeak, kardiopatiak tarteko, faktore psikosozialean dauka bere iturrietako bat. Arrisku psikosozialen gorakadak heriotza ez traumatikoetan dauka islada, hauen hazkundean. Laneko arriskuen eragina dago heriotza hauen atzean, neurri batean behintzat. Nabarmendu beharrekoa da mutualitateek, une honetan, ez daukatela kasu psikosozial bakarra ere laneko kontingentzia bezala aitortuta, denak jotzen baitute kontingentzia arrunt.

2024ko lehen hilabetea ere orain arteko joera lazgarriaren erakusle da, urtarrilean bost hildako izan baitira Nafarroan.