INFO

Alvaro Djalok Sporting Bragarekin sartutako golek Bilbora itzultzeko ateak zabaldu dizkiote

Lehen taldeko jokalaria den Malcom Adu Aresen lehengusua da, eta Bizkaiko taldeetan jokatzen hasi ostean, Portugalera joan zen gazteen mailan. 24 urte ditu, eta 11 gol sartu ditu denboraldi honetan.

Alvaro Djalo Madrilen jaio zen, baina Bizkaiko futbol taldeetan hezitakoa da. (Miguel RIOPA | AFP)

Alvaro Djaloren izena bolo-bolo dabil Athletic jarraitzen duten komunikabideen artean. Izan ere, 11 gol sartu ditu denboraldi honetan Sporting Bragarekin, eta talde zuri-gorria indartzeko jokalari aproposa izan daiteke. Are gehiago, Athletic datorren denboraldian Europan aritzeko sailkatzen bada. Partida gehiago egongo dira, eta futbolari gehiagoren artean banatu beharko dituzte minutuak hiru txapelketetan lehiakorrak izateko.

Djalo Madrilen jaiotakoa da 1999an. Lehen urteetan Vallecasen bizi izan zen, baina bost urterekin Bizkaira joan zen familiarekin. Athleticeko lehen taldeko jokalaria den Malcom Adu Ares bere lehengusua da. Basauriko UD San Miguel taldean hasi zen futbolean jokatzen, eta gazteen mailan SD Begoñan bi denboraldi egin zituen. Bilboko taldeko jokalaria zela probak egitera joan zen Portugalera, eta Sporting Bragaren harrobian sartu zen 2017an.

Bost urte beranduago egin zuen debuta lehen taldearekin Portugalgo Ligan. Djalo Williams anaien antzeko futbolaria da. Hegaletatik mugitu daitekeen erasoko jokalaria baita. Iaz lau gol eta lau asistentzia eman zituen; Liga, Kopa eta Europa League artean jokatutako 32 partidetan.

Aurten pausu bat aurrera eman du, eta 11 gol daramatza. Horietatik sei, Portugalgo ligan sartu ditu, eta beste bostak Txapeldunen Ligan. Sporting Bragak ez zuen multzoko fasea gainditu, eta Europa Leagueko kanporaketan Azerbajango Qarabag taldearekin neurtuko ditu indarrak ostegun honetan. Portugalgo ligan laugarren tokian sailkatuta daude: Benfica, Sporting eta Portoren atzetik.

Djalok 2027rarteko kontratua dauka Bragan, eta 20 miloi euroko etete klausula. Dena den, badirudi Portugalgo taldeak begi onez ikusten duela irteera prezioa jaitsi eta negoziatzeko aukera.

Sporting Bragarekin egindako golek Bilbora itzultzeko ateak zabaldu dizkiote Djalori. Jokalariak joan den irailean egindako adierazpen batzuetan aitortu zuen Athletic talde «garrantzitsua» dela bere bizitzan, bere lagun guztiak talde zuri-gorriaren zaleak direla, eta «polita» izango litzatekeela familiarekin berriro batzea.