«Adi! filmatzen ari gara» Laudioko kaleetan
Txani Rodriguezen ‘Azken erromantikoak’ eleberria bizia hartzen ari da egunotan Euskal Herriko zenbait tokitan, izen bereko filmaren grabazioarekin. Atzo Laudion izan ziren David Perez Sañudok zuzentzen duen film luzeko eszena batzuk osatzen. Lantalde «itzela» dela nabarmendu zuen zuzendariak.
Laudioko tren geltokiko eta Elizalde, Jose Matia eta Maestro Elorza kaleetako joan-etorrietan trabak izan ziren atzo eguerdian, kamerak, mikrofonoak, figuranteak eta hauek zuzentzen zituen taldea erdian jarri baitziren.
David Perez Sañudo zuzendari bilbotarraren ‘Azken erromantikoak’ pelikularen filmazioan ziharduten. Txani Rodriguez Laudioko kazetari eta idazlearen ‘Los últimos románticos’ nobela saridunak kontatzen duen istorioa pantailetara eramango dute.
«Soinua grabatzen», «adi!, filmatzen ari gara» edo «entsegua!» bezalakoak entzun zitezkeen geltokiaren parean dagoen ‘La estación’ izeneko kafetegiaren terrazan. Bitartean, Miren Gaztañaga, Irune protagonista gorpuzten duen aktorea, zarata alde batera utzi eta bere baitan murgilduta zegoen.
Amaitutako lanaren minutu gutxi batzuk hartzen duen tarte baten atzean dagoena dirudiena baino askoz gehiago da: dozenaka pertsonek osatutako lantaldea, egin beharrekoa guztiz definituta duten figuranteak, haizearen itxura egiteko hiru makina martxan, mahaiak eta aulkiak altxatzeko ziri ugari, errealitatean zukua den ardo faltsua, eguraldi euritsua itxuratzearren kalea bustitzeko tutu malguak...
Plano desberdinetatik grabatutako hamar bat hartualdien artean, Txani Rodriguez idazleak aukera izan zuen hedabideei azaltzeko berarentzat «sentipen oso polita» dela. «Idatzi nuenean ez nuen espero, inondik inora, zinemarako aproposa izango zenik», aitortu zuen.
Rodriguezek nahiago du gidoia ez irakurri eta «beste ikusle bat bezala sorpresa hartzea». Hala ere, Perez Sañudo zuzendariaren «begiradatik» istorioa kontatzeko eta «beste leku batera eramateko» aukera nabarmendu du. «Harro» sentitzen da Laudio jaioterria eta bere lana zinemetan egongo direlako. Harrituta, gogora ekarri zuen pelikularen ideiaren hastapena kazetari baten txio batetik etorri zela.
Laudioko paper lantegi batean lan egiten duen Irune da protagonista. Miren Gaztañaga aktoreak honela definitzen du: «Galera garrantzitsuak izan ditu eta bere iraganarekiko ikuspegi erromantikoa dauka, baita bere bizitza jasangarriagoa izateko ere». Istorioan zehar «konturatzen da dena ez dela berdina, hain erromantikoa. Eta beste emozio batzuk ere besarkatuko ditu».
Goizeko lana amaitutakoan, Gaztañagak erronka honekin «oso-oso kontent» dagoela adierazi zuen. Gainera, zuzendariak aurretik egindako lana nabarmendu du, filmazioa «segurtasunarekin» egin ahal izateko aukera ematen duelako. Gidoia esku batean eta Rodriguezen eleberria bestean izan ditu antzezpena prestatzeko prozesuan: «Niretzat oparia izan da nobela eskura izatea. Biekin asko gozatu dut. Batek bestea osatu dit».
Lantalde «itzela»
David Perez Sañudok Marina Paresekin batera idatzi du gidoia, ‘Ane’ filmarengatik Goya sari bat partekatzen duen sortzailea. Filmazioa «oso lasaia» izaten ari dela esan zuen, lantalde «itzelari» esker eta Gaztañaga «pertsona oso berezia» delako. Baina, hasi berri direnez, «zuhurtziaz» ibili behar dutela uste du. Eleberria «hitzez hitz» moldatzea zaila izan dela onartu du, «oso sakona eta konplexua» baita.
«Fabrika baten barruan grabatu dugu eta konplexua izan da. Baina momentuz oso lasaia eta erraza izan da», zehaztu du, kontzentrazioa «lanean» eta «filmazioan» duela adieraziz, etorkizunari arreta handia eman gabe.
Bazkaltzeko egiten duten atsedenaldi laburrean utzi zuen seta NAIZek, baina eguna luzatuko zen, iluntzeak gehiago grabatzea uzten ez dien arte, behintzat, ezustekorik gertatu ezean. Beste bost aste dauzkate aurrean.