INFO

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuko 52 udalerritan kutxazainak jarriko dituzte

Landa-eremuan kutxazainak jartzeko laguntzak emango dizkie Lakuako Gobernuak 52 udalerriri. Zehazki, 6 Araban, 21 Gipuzkoan eta 25 Bizkaian. Navaridasen, Araban, kutxazain bat jarri dute ostegun honetan.

Navaridasen kutxazain bat instalatu dute ostegun honetan. (IREKIA)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuko 52 udalerritan kutxazainak instalatuko dituzte. «Finantza zerbitzuak bermatzeko», Lakuako Gobernuak, kutxazain automatikoak instalatzeko laguntza lerro bat ezarri du. Datorren martxoan lizitazio bat irekiko du udalerri bakoitzean zerbitzu horren dirulaguntza adjudikatzeko: 6 Araban, 21 Gipuzkoan eta 25 Bizkaian.

Pedro Azpiazuk, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, ekimen hau aurreratu zien finantza erakundeei iaz, landa garapena landa eremuen hazkunde eta biziberritze prozesutzat hartuta, biztalneriaren bizi baldintzak hobetzeko, hainbat ardatz nagusiren bidez: ardatz ekonomikoa, soziokulturala, ingurumenekoa, eta abar.

«Helburua da benetako finantza inklusio baten alde lan egitea, hazkundea ahalbidetuko duena landa eremuen garapen ekonomikoan. Izan ere, banku zerbitzuak ematen dituzten erakundeen presentziak aurrezkia, familien inbertsioa eta enpresa proiektuen garapena sustatzen du, eta horrek, aldi berean, eremu osoaren aurrerapen ekonomikoari laguntzen dio», nabarmendu du Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallek, gaur Arabako Navaridas herrian egindako ekitaldian, Arabako Foru Aldundiak eta Kutxabankek bultzatutako kutxazain automatiko baten instalazioa dela eta.

Ekitaldian izan da, halaber, Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko Arabako diputatu Anartz Gorrotxategi.