INFO

Imanol Pradales jeltzaleak keinu egin die gazteei EGIren 120. urteurrenean

EAJ-ren lehendakarigaia Bilbon izan da EGI gazte erakundearen 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian. «Gizartearen parte bat politikatik urrundu dela» aitortu du, baina nabarmendu du «gazteriaren inkonformismoa ere badela urruntze horri aurre egiteko antidotorik onena».

Imanol Pradales Bilbon izan den ekitaldian. (EAJ)

Imanol Pradales EAJ-ren lehendakarigaia Bilbon izan da larunbat honetan Euzko Gaztedi-EGI erakundearen 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian. Kezkati agertu da «gizartearen parte bat politikatik urrundu dela ikusita», baina nabarmendu du «gazteriaren inkonformismoa ere badela urruntze horri aurre egiteko antidotorik onena, bai eta aurrerabiderako tresna ona ere».

«Gazte zarenean inkonformista zara, ez dago gauza hoberik. Zergatik konformatu behar dugu daukagunarekin? Ez dut onartzen gauzak diren moduan onartu behar direnik, konformismo horren kontra nago», adierazi du hautagai jeltzaleak komunikabideen aurrean.

«Ni ere inkonformista naiz, nire herriarekiko konpromiso batetik. Konpromisoa benetako politikarekin, ezinezkoak hitzematen ez dituena, egia esaten duena, ausarta dena. Euskadi eraiki nahi dut pertsona inkonformista eta konprometituekin. Zuen begirada behar dugu gure herri hau hobetzeko. Esfortzuaren kulturan sinesten dut. Saiatzearen kulturan, erratzeari beldurrik izan gabe. Erratzen bagara, hutsegitea zuzentzen dugu eta aurrera jarraitzen dugu», gaineratu du.

Pradalesek mezu bat helarazi die gazteei: «Proiektu hau zuokin partekatu nahi dut. Inkonformista zareten guztiok arrauna hartu dezazuela eta nire ondoan boga egitea nahi dut. Elkarrekin lan egin dezagun. Zer egin behar duten esan behar ez zaien jendea nahi dut ondoan, beren kabuz egiten dutenak nahi ditut».