Kutxabank Araskik etxetik kanpoko aurreneko garaipena lortu du 2024 honetan
Made Urietarenek Benbibre azken sailkatuaren kantxan 48-78 irabazi dute, Tamara Sedaren lan bikainari esker. IDK Euskotrenek lanak eman dizkio Valentzia Basket liderrari, baina 63-70 galdu du. Lointek Gernika Bizkaiak partida eskasa jokatu du Cadi La Seuren kantxan eta 68-59 galtzaile atera da.
BENBIBRE 48 - KUTXABANK ARASKI 78
Nabarmen geratu da Benbibrek maila galduko duela –21 jardunaldiren ostean 1-20ko balantzea darama–, baina Bierzoko taldeak ez badu Kutxabank Araskik ezarritako erritmoa jarraitu, hori Gasteizko taldearen meritua da. Aurreneko erdian lana gogotik egin behar izan dute Madelen Urietarenek, baina atsedenalditik aurrera nahieran eraman dute norgehiagoka. Izan ere, hirugarren laurdenean 5-20ko partziala lortu dute arabarrek eta hortxe amaitu da Benbibreren erresistentzia saiakera oro. Hala, 2024ko aurreneko garaipena eskuratu dute bizkaitarrek Mendizorrotzatik urruti.
Kutxabank Araskiko jokalari guztiek sartu dute gutxienez saskiraketaren bat. Horrez gain, Tamara Sedak 19 puntu eta 13 errebote erdietsi ditu eta horrez gain, Brewer eta Gretterrerk ere 11 puntu edo gehiago lortu dituzte. Atsedenaldian markagailua arabarrean aldekoa zen, baina estu xamarra artean, 27-33. Alabaina, gasteiztarrek defentsa lanean estutzeaz bat, Bierzoko taldeak gainbehera egin du eta saskiratze errazak bata bestearen atzetik pilatu ditu talde araskizaleak.
Azken laurdenean hirugarren zatiko inertzia berbera mantendu du Madelen Urietaren taldeak, defentsako intentsitatea leunagoa izan bada ere. Amurrioko entrenatzaileak minutuak banatzea erabaki du azken minutu horietan, denboraldiko bederatzigarren garaipena bermaturik, ahalik eta alde handiena ateratzeko xedeaz.
IDK EUSKOTREN 63 - VALENTZIA BASKET 70
Ezin esan IDK Euskotrenek ahaleginik egin ez duenik, ezta Valentzia Basketi estuasunak pasa arazi ez dizkionik ere. Hala ere, bigarren laurdeneko 12-23 partziala larrutik ordaindu dute Azu Muguruzarenek, baita hiruko jaurtiketetan 15 saiakeratik 4 baino asmatu ez izana.
Txirrundularitzan sarri erabiltzen den «goma»-ren kontzeptua izan da partida hau hobekien deskriba dezakeena. Aurreneko laurdenetik hasita, Valentzia Basketek hobeto ekin dio norgehiagokari, zenbait hutsune izan arren bere jokalarien artean, Queralt Casas, esaterako. Fingall eta Alba Torrens bikain hasi dira jokatzen eta hasiera baten donostiarrek jipoia jasoko ote zuten zirudien. Zorionez, lanerako kantxaratu dira Azu Muguruzarenak eta defentsako lan horri esker partida berdintzea lortu dute aurreneko laurdenean, 9-16tik 16nakora pasa arte.
Tamalez, bigarren laurdenean berriz ere Alba Torrensen magiaren pean erori dira gipuzkoarrak. Binissalem-go hegalekoa 35 urte betetzear dago eta profesionalen artean ari da jokatzen 15 urte zituenez geroztik; hau da, onenak emanda dagoela. Baina onenak emanda egon arren, oraindik talentua hor dago eta bere eskutik 12-23ko partziala lortu du Valentzia Basketek, atsedenaldira 28-39 iristea lortuz.
Aldageletan gozoa egongo zen Azu Muguruza; edo bestela, aginduak behar bezala ulertu dituzte bere jokalariek. Nolanahi, IDK Euskotren berriz ere partidan murgildu da: 36-49 galtzen izatetik 44-49raino hurbildu da talde donostiarra, Fankam eta Laura Westeriken puntuen bitartez, baina batez ere defentsan eta errebotean lana beltz egin dutelako etxekoek.
Baina ez da nahikoa izan. Valentzia Basketek sekulako jokalari on pila dauka eta Alina Iagupova ukrainarraren txanda izan da atsedenaldiaz geroztik. Urrutitik asmatu ez badu ere, Iagupovak lauzpabost metrotik sekulako mina eragin du, eta horrez gain baloia bikain mugitu du, Raquel Carrera edo Fingallentzat baloi bikain askoak emanez.
Etsi gabe, Emakumeen Endesa Ligako liderrari irabazteko borrokan jarraitu du Ibaeta Basketek. Tamalez, valentziarrek beti aurkitu dute ihesbiderik; esaterako, Cristina Ouviñaren jaurtiketa libreak. Azkenean, sailkapeneko liderraren indarra handiegia izan da Azu Muguruzaren taldearentzat.
CADI LA SEU 68 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 59
Roso Buch eskoltak 23 puntu sartu ditu, baina Lointek Gernika Bizkaia taldeko gainerako taldekideek, guztira 36 gehiago besterik ezin izan dute saskiratu. Atarramendu horrekin, nekez lor liteke garaipenik, ezta sailkapenean uste baino askoz okerrago dagoen Cadi La Seuren kantxan ere. Katalanek ondo prestatu dute larunbat honetako partida eta askoz kontzertatuago ekin diote lanari. Ez da kasualitatea aurreneko laurdena 21-10 amaitu izana. Gernikarren zorigaitzerako, laurden horretan jazo denak partida erabat okertu dio talde bizkaitarrari eta ez da oker hasi dena zuzentzeko modurik izan.
Esan bezala, Roso Buch izan da Lointek Gernika Bizkaiaren puntu iturri ia bakarra eta Cadi La Seuk, berriz, Julia Soler, Remenerova edo Rivers aurkitu ditu uneren baten edo bestean. Hamar punturen muga horretan geratu du talde bizkaitarrak bere desabantailaren jarioa, baina ez atzera ez aurrera geratu da. Cadi La Seuk ezin partida behin betiko hautsi eta Lucas Fernandezenak ere, partidan sartzeko ahalegin horretan kamuts. Katua eta xagua bailiran luzaro aritu dira talde biak, baina ezin neurketa inora ere erori.
Azken laurdenean 68-49raino alde egin dute etxekoek, batez ere Julia Soler eskolta gaztearen lan apartari esker. Une horretatik aurrera, talde katalana erabat erlaxatu da eta, aldiz, Lointek Gernika Bizkaiak jaurtiketak asmatzeko modua aurkitu du, batez ere Stephanie Wattsen bidez. Alabaina, ordurako beranduegi zen eta porrot duina beste ezer ezin izan du etxera ekarri talde bizkaitarrak.
Bestalde, bere talde ohiaren aurka –Cadi La Seuk utzita dago, egia esan– Zoe Hernandez eskoltak ere debuta egin du, Ez du askorik jokatu eta ez du punturik sartu. Ezin lekioke askorik eskatu bere talde berriarekin hiruzpalau entrenamendu baino egin ez dituen jokalari bati.