INFO

«Nahikoa da», dio Xuharren familiak: ardurak argitzea eta Polizia eredua aldatzea nahi du

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari zuzendu zatzaie, hiru norabidetan erantzukizunak argitu ditzala eskatzeko: Tolosan kargatu zuen ertzain taldearenak, «indarkeriaz» kargatzeko agindua eman zuen ertzain buruarenak, eta sailburuarenak berarenak, bera baita Ertzaintzaren «arduradun eta erantzulea».

Agerraldiaren aurretik hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute Tolosan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astelehen goizaldean Ertzaintzaren foam balak batek zauritu zuen Xuhar gaztearen senide eta lagunek agerraldia egin dute larunbat eguerdian Tolosan. Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuarengana zuzendu dira, exijitzeko zaldunita eguneko karga polizialaren ardurak argitu eta hartu ditzala, eta gauzak aldatzeko garaia dela aldarrikatu dute; tartean, polizia eredua.

Ertzaintzaren kargaren ondorioz begia zaurituta duen Xuhar gaztearen lagunak eta senideak ‘Biolentzia polizialik ez. Bada garaia gauzak aldatzeko’ idatzita zuen pankartaren atzean jarri dira larunbat eguerdi honetan; aurrean, beraiei eta bereziki 16 urteko billabonatarrari babesa adieraztera agertu den ehunka lagun. Hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute eta gertaera «bidegabeari» buruzko irakurketa zabaldu du familiak jendez betetako Triangulo plazara.

Ostiralean jaso zuen mediku alta Xuharrek, eta bere egoeraren berri eman du lehenik Jon Pazos aitak. «Buruz oso izorratuta dago. Begian lesio latzak ditu, kolpe bortitza jaso zuen. Ez dakigu zein ondorio fisiko eta psikologiko eragingo dizkion», ohartarazi du. Hamabost puntu ditu emanda eskuineko begian, askatuta du erretinaren zati bat eta «kezkagarria» izan daitekeen odol-bildua begiaren barnean, gogoratu duenez. Ez du ikusmena guztiz berreskuratuko, lauso ikusiko du. Astearte goizean egingo diote lehen ebakuntza erretinako lesioa zabaldu ez dadin.

Ez zen astelehen goizaldeko zauritu bakarra izan, gainera. Pazosek jakinarazi duenez, Ertzaintzaren karga berak adin bereko beste gazte bati eman zion sudurrean foam jaurtigailu batekin. «Ez da bidezkoa», esan du, inauteriak ospatzen ari ziren gazteak halakorik sufritzea «uniformatu batzuk Tolosako inauterietara etorri zirelako jai-giroan ospatzen ari zen jendea eta gazteriaren kontra oldartzera».

«Ezin da onartu horrelako jarrerak dituen eredu polizial bat izatea. Nahikoa da! Ea behingoz aldatzen den hau guztia!», aldarrikatu du.

Kasu honetan ardura duten agintariei zuzendu zatzaie Xuharren aita, «erantzunak» eta «erantzukizun guztiak» eskatzeko. Zalantzan jarri du, gainera, Ertzaintzak abiatu duen barne ikerketarekin Segurtasun Saila gardentasunez jokatzen ari denik, Josu Erkoreka sailburuak hala ziurtatu bazuen ere. Triangulo plazako talaiatik, hatzarekin seinalatu du kamera bat, «190 gradutan irudiak hartzen dituena», Beotibar kalean Ertzaintzak egin zuen kargaren irudiak grabatuta behar luketela esanez. «Hor dago egia guztia. Azaldu dezatela argi eta garbi», exijitu du.

Aste honetan jasotako elkartasun oldea eskertu diete familiak eta lagunek gertu izan dituzten herritarrei. «Gertakari hauen ondoren euskal jendarte konprometitu bat altxa da, desproportzionaltasunaren eta minaren aurrean elkartasuna eta maitasuna gailendu dira. Bejondeizuela!», adierazi dute.

Ertzaintzari eta Erkorekari

Bi eskaera zehatz, bi norabidetara, zabaldu dituzte Xuharren gertukoek Tolosan egindako agerraldian. Lehenengoa, ertzainentzat izan da. «Trafikoan, salbamenduan, kalean edo ofizinan lan egiten duten agenteei: ez zaitezte isildu! Pentsatzen baduzue gazte baten bizitza ezin dela hankaz gora jarri, honelako kale batean hausnartu gabe eta basati kargatzeko erabakia hartzeagatik. Esan zerbait, altxatu zuen ahotsak, zuen gorputz polizialaren zilegitasuna jokoan dago», galdegin diete.

«Kontrara –gaineratu dute–, zuotako batzuk azken egunetan halako barrabaskeria justifikatzeko gai izan bazarete... segi etxera, ez zaituztegu nahi eta zaituztegu behar!»

Bigarren eskaria Erkorekarentzat izan da. Gogorarazi diote Tolosako karga «profesionala» eta «kirurgikoa» izan zela adierazi zuten Ertzaintzako sindikatuen «arduradun eta erantzulea» dela. «Josu Erkoreka jauna, operazio kirurgikoak Osakidetzako zirujauak egiten dituzte, lente kristalino kaltetuak, lakrimal apurtuak eta erretina askatuen ebakuntzak zirujauek egiten dituzte, ez poliziek. Zer nolako ‘ekintza profesional kirurgikoa’ egin nahi du Ertzaintzak S.I.R. eta S.I.R.X. modeloetako jaurtigailuak erabiliz?», galdetu diote.

Beste behin, «erantzukizunak» eskatu dizkiote Segurtasun sailburuari. Erantzukizunak zaldunita gauean kale honetan indarkeriaz sartu zen ertzain taldeari, «indarkeriaz» sartzea agindu zuen ertzain buruari, eta erantzukizunak Erkorekari. «Zuk ere bai, erantzukizunei aurre egin behar diezu, eta larriki kaltetua izan den familia honen aurrean arlo humanoan zein politikoan erantzun», ohartarazi dute.