INFO

Haurren artean euskararen irakaskuntza sustatzeko kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak

Haurren artean euskararen irakaskuntza sustatzeko kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak, seme-alaba adingabeak dituzten familiei zuzenduta. Berezko hizkuntzaren alderdi positiboak azpimarratzen dituzte.

Ana Ollo lehendakariordea eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javi Arakama, alboetan Caparrosoko Maria Jesus Arana amona eta Castejongo Yaiza Mazo ama dituztelarik. (EUSKARABIDEA)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak gaur aurkeztu dute haurren artean euskararen ikaskuntza sustatzeko kanpaina, seme-alaba adingabeak dituzten familia nafarrei zuzendua.

‘Regálales el euskera y llegarán muy alto/Euskararekin, gora eta gora beti!’ lelopean, kanpaina otsailaren 17tik 28ra bitartean egingo da. Bertan, berezko hizkuntza positibotzat eta aberasgarritzat hartzen da, gero eta anitzagoa eta eleaniztunagoa den gizarte batean baliabide baliotsu gisa ikus dadin. Horrela, biztanleria sektore horri (bideoak, gurasoen prestakuntza, musika programak), haurrei, eskainitako beste ekimen batzuen osagarri den jardun ildo baten barruan kokatzen da, eta horrek bat egiten du departamentuak hiztun berriak sustatzeko egindako beste apustu estrategiko handiarekin, hau da, helduen prestakuntza laguntzeari eta sustatzeari dagokiona.

«Euskarari buruzko Foru Legeak ezarritako berezko hizkuntza honen sustapenarekiko konpromisoaren barruan sartzen dira bai haurren artean bai helduen artean euskara sustatzeko kanpainak eta Nafarroako Gobernuak herritarrak euskararen inguruan sentsibilizatzeko egiten dituen ekintzen ildoari jarraipena ematen dio egungoak, euskara aukera iturritzat hartzen duen ideiatik abiatuta», azaldu dute.

Ildo horretan, Ollo lehendakariordeak haurtzaroan euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzea lehentasunezko lan arloa dela adierazi du, eta «hiztun berriak gure hizkuntzen etorkizuna direla» eta erakundeek «kontuan hartu behar dugula gure babes eta sustapen betebeharra, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak adierazten duen bezala» azpimarratu du. Europako Kontseiluko adituek Nafarroa bisitatu dute berriki.

Era berean, «Nafarroako berezko bi hizkuntzak menderatuz haztea gero eta zabalduago dagoen errealitatea izatearen alde» egin du Ollo lehendakariordeak, eta «hori izan dadila geroko beste hizkuntza ikaskuntzen oinarria»; izan ere, «eleaniztasunik onena eta Nafarroako aniztasuna gehien errespetatzen duena gure berezko hizkuntzetan oinarritzen dena baita».

Gazteen %28ak euskaraz daki

Ollok gogorarazi du euskararen ezagutzak nabarmen egin duela gora gazteen artean; izan ere, gazteen %28k euskaraz daki gaur egun, eta %12,2k euskarazko ezagutza du, ongi hitz egin ez arren. «Datu garrantzitsuak dira eta, termino soziolinguistikoetan, gomendagarria da hizkuntza horren berreskurapena sendotzeko jarraitutasuna izatea, gero eta globalagoa den testuinguru batean, eta testuinguru horretara egokitu behar da. Hala azaltzen dute errealitate demografiko berri hori kontuan hartzearen alde egiten duten hainbat gogoeta ildoek, jatorriari eta osaerari dagokienez gizarte gero eta anitzagoa baitugu», esan du.

Ollo lehendakariordeak azpimarratu duenez, oro har gazteen %40k euskaraz jakitea «familia askorentzat euskara beren seme-alabentzat etorkizuneko apustua dela egiaztatzen du, eta kontuan hartzen dela aurrematrikulazioa erabakitzeko orduan. Balio erantsia da, beste hizkuntza bat ikasteari uko egin behar ez diona eta ezagutzak eta aukerak zabaltzeko balio duena».

Bestalde, 2018ko azterlan soziolinguistikoan jaso zen bezala, ingelesaren eta frantsesaren ezagutza handiagoa da euskaraz dakiten biztanleen artean euskaraz ez dakitenen artean baino. «Datu hori gazteenen artean nabarmendu nahi dugu; izan ere, Nafarroan, zehazki, gazteak eta, bereziki, euskara dakiten gazteenak dira adin talde poliglotena osatzen dutenak».

Azkenik, euskarak bizikidetza faktore gisa duen garrantzia ere aipatu du Ollo lehendakariordeak. «Kendu edo zatitu beharrean hizkuntzek elkartu egiten dute beti, eta euskarak biderkatu egiten du gizarte gisa dugun balioa», esan du. Ollok adierazi duenez, «beste lurralde batzuetatik datozen pertsonek eta familiek ere hautematen dute hori», eta horiek ere kanpaina honetan bertan ageri dira.

Euskara aukeren iturri gisa

Ildo beretik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak Nafarroaren dibertsitatea azpimarratu du, «jatorri, kultura, hizkuntza eta paisaia desberdinetako pertsonek osatutako komunitate» gisa. Kanpainan hainbat herrialdetatik iritsitako pertsonek parte hartzen dute, eta euskara ikastea edo beren seme-alabek ikastea garrantzitsua dela ikusi dute, gizarteratzeko beste elementu bat eta aukera-iturri gisa.

Euskarabideko arduradunak gogorarazi duenez, «gure txikiei sozializazio prozesuan laguntzeko lan egiten dugu, euskaraz ere garatu eta hezitzeko aukera gehien izan dezaten»

Helduei dagokienez, tokiko erakundeen eskutik, Euskarabideak ‘Euskara ahora’ kanpaina abiarazi zuen irailean, «kultura balioa ez ezik, komunikaziorako, harremanetarako eta lan tresna bizia ere baden hizkuntza baten ikaskuntza sustatzeko», zehaztu du Arakamak. Matrikularen doakotasunera hurbiltzen jarraitzek helburu deklaratuarekin, hau da, ekonomia oztopo izan ez dadin, Nafarroako Gobernuak hainbat laguntza eskaintzen ditu ikasle berriei laguntzeko (5.000 heldu baino gehiago matrikulatzen dira urtero euskaltegi edo hizkuntza eskola batean).