INFO

Sektore publikoa euskalduntzeko dekretua «ez da normalizazioak behar duena», dio Kontseiluak

Astearte honetan ezagutu den EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretuaren azken bertsioa baloratu du Kontseiluak. Urrats baikorrak ere badakartzan arren, hasierako bertsioetatik atzerapauso nabarmenak eman direla uste du, oldarraldi judizialaren murrizketak islatuz.

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia. (Jon URBE | FOKU)

Astearte honetan eman da ezagutzera Lakuak aurki onartzeko asmoa duen EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuaren azken zirriborroa. 86/1997 Dekretua ordezkatzera dator eta, beraz, hurrengo urteetan administrazio publikoan eta, oro har, euskararen normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia izango duen dekretua izango da. 140.000 langileri baino gehiagori eragingo die.

Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, «ez da egungo abagunea eta erronkak kontuan hartuta jauzi sendoa bultzatuko duen dekretua». Hainbat kasutan, gainera, «agerikoa da oldarraldi judizialak dekretu honen garapena modu nabarmenean baldintzatu duela. Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira».

Nabarmendu duenez, azken Dekretua onartu zela 27 urte igaro diren honetan, herritarrek ez daukate bermatuta instituzio publikoekin harremanean euskara modu askean eta albo kalterik gabe hautatzeko eskubidea, eta zer esanik ez administrazioaren baitan euskaraz lan egiteari bagagozkio. Hori gutxi balitz, azken urteetan areagotzen joan dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko neurriak baliogabetu dituzten sententziak, orain arteko euskararen estatus ofiziala bera kolokan jartzen duen doktrina murriztaile bat ezarriz.

2022an, ELA eta LABekin batera EAEko sektore publikoaren euskalduntzeari 15 urteko epemuga jartzeko adostasuna aurkeztu zuen Kontseiluak. Bide horretatik, dekretu honek herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu eta euskaraz jardungo duen administrazio baterako trantsizio prozesua marraztu beharko lukeela deritzo, horretarako epe eta neurri zehatzak finkatuz, baita babes juridiko sendoa eskainiz ere.

Alabaina, «ez die erantzuten euskararen normalizazioak egun dituen erronka, hutsune eta betebeharrei».

Alde positiboak

Dekretu honek joera eta urrats baikor batzuk ere jasotzen dituela baloratu du Kontseiluak. Besteak beste, positiboa da berarentzat «eragin esparrua sektore publiko osora zabaltzea, euskarazko administrazio unitateak jaso izana, hautaketa prozesuetan azterketa euskaraz egin beharra ezarri ahal izatea, euskararen ezagutza maila azterketa bidez egiaztatzeko aukera edota, lanpostu bakoitzaren funtzioen arabera, hizkuntza eskakizun asimetrikoak ezartzeko aukera».

Hala ere, ez zaio oharkabean pasatu aurrera urrats hauek hainbat gabezia eta zalantza dakartzatela. Osakidetza, Ertzaintza eta Justizian 2033. urtera arte ez da indarrean sartuko dekretu berri honen aplikagarritasuna.

Horrekin batera, hizkuntza eskakizun asimetrikoen ezarpena aurreikusten du dekretuak. Hala, lanpostu publiko baterako hizkuntza eskakizunetan ahozko eta idatzizko maila desberdinak eskatu ahal izango dira. Neurri hau begi onez ikusten du Kontseiluak, betiere, lanpostuari dagozkion funtzio eta betebeharren baitan ezartzen badira betekizunak. Hala ere, malgutasun honek badakar arriskurik, esaterako, postuari dagokiona baina ezagutza maila baxuagoa ezartzeko erabili baitaiteke eta dekretu honek ez du jasotzen hori ekiditeko neurri zehatzik.

Ildo beretik, langile batek euskara maila egiaztatzeko bide berriak zabaltzen ditu dekretuak. Orain arteko titulu eta ikasketen baliokidetzaz gain, azterketa euskaraz eginez edota lanean euskaraz aritzeko gaitasunaren bidez balioztatu ahal izango du hautagaiak dagokion lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna. Aitzitik, azterketa euskaraz egiteko aukera jasotzen du, ez betebeharra.

Gabeziak

Kontseiluaren ustez, dekretu berriaren gabezia nagusietako bat da ez duela berariaz jasotzen, 1979ko Estatutua oinarri, 1982ko Euskararen Legeak administrazioa euskalduntzeko ezartzen duen betebeharra gauzatzeko epemugarik.

Beste hutsune handi bat hizkuntza profilen eta derrigortasun indizearen eskema ez gainditzea dela ikusten du. «Indize hau entitatearen esparruko euskaldunen eta erdi-euskaldunen erdiaren proportzioak batuz kalkulatzen da. Orain arteko jurisprudentziaren baitan, ez zegoen zehaztuta derrigortasun indizea hizkuntza-eskakizunak ezartzeko gutxieneko edo sabai modura ezartzen zen. Azkenaldian bizi dugun oldarraldi judizialaren baitan sabai modura interpretatzeari ekin zaio».

Erantsi duenez, dekretu berriak, Udal Legearen 6. artikulua oinarri hartuta, euskara zerbitzu hizkuntzatik lan hizkuntza izateko jauzia jasotzen badu ere, ez du behar adinako baliabide eta bermerik eskaintzen hala izan dadin.

Atzerapausoak

Euskalgintzaren Kontseiluak bere kezka adierazi nahi du dekretu honen garapenean «euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak diren hainbat eduki bidean galdu direlako, eta atzerapausoak dakartzaten beste hainbat gehitu».

Azken hauen artean nabarmenena euskararen ezagutza meritu gisa mugatzeari dagokion neurria da. Irudi instituzionalean euskarak «lehentasunezko tokia» izatea ezartzen zuen artikulua ere moldatu da, bere «ikusgarritasuna bultzatuko» dela adieraziz. Lehen hitza euskaraz izateko aukera ahalbidetzen zuen atala ere bertan behera geratu da. Jatorrizko erredakzioan euskal sektore publikoko entitate bakoitzak euskarazko hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetako langileek euskara lan hizkuntza gisa erabiltzeko betebeharra ezarri ahal izatea aurreikusten zen, baina onartu den azken bertsioan euskara «ere» erabili beharko dutela jaso da.

Hasierako bertsioetan, dekretuak 45 urtetik gorako langileek euskararen ezagutza egiaztatzeko salbuespen orokortua kentzen zuen, baina dekretuaren garapen prozesuan salbuespen hori berriz txertatzea erabaki da.