ELAk Gipuzkoako bidaiarien garraioaren sektoreko hitzarmenaren «blokeoa» salatu du Ficoban
Irungo Ficoban bidaiarien garraioaren sektoreko hainbat enpresa ‘Errepideko Bidaiari Garraioaren ETEei buruzko III. Kongresu Nazionala’ egiten ari dira. ELAk hitzarmena «blokeatuta» dagoela salatu eta beraien aldarriak atarira eramateko baliatu du eguna.
ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du ostegun honetan Ficobaren aurrean, Gipuzkoako bidaiarien garraioaren sektoreko hitzarmenaren «blokeoa» salatzeko, Direbus patronala Irungo erakustazokan egiten ari den kongresua dela eta.
Sindikatuak salatu du urtarrilean egin zela patronalarekin azken bilera, eta ELAk ezezkoa eman ziola proposamenari. Gaineratu du geroztik ez dela mahaia biltzeko beste datarik jarri, eta horregatik eraman dituztela beraien aldarrikapenak Ficobako ateraino.
Lehenago ere beraien eskakizunak mahai gainean jarri zituztela gogoratu du ELAk eta berriro azaldu ditu: soldatetan KPIaren igoera kontzeptu guztieta, dietak barne; «1.592 orduko jardunaldiaren bidean pausu esanguratsuak eman daitezela gutxienez 2024.urtean 1,747 orduko jardunaldia finkatuz, eta 2025.urterako 1712 ordukoa».
Errelebo kontratuen inguruan ere hitz egin dute, eta legediak finkatutako sei urteko antzinatasuna enpresan mantentzea eta enpresa derrigortua egotea errelebo kontratua formalizatzera eskatu dute. Bestetik, ezarri nahi duten kategoria berria bertan behera geratzeko ere galdegin dute.
«Gipuzkoako jardunaldi luzeenetarikoa duen sektorea izanda, jardunaldi murrizketan aurrerapauso esanguratsuak ezinbestekoak dira langileentzat», esan dute. Eta gaineratu patronalak ez badu «epe laburrean zentzunzko proposamen bat» ekartzen eta «orain arteko dinamikan jarraitzen badu», ELAk mobilizaziorako proposamena luzatuko diela gainerako sindikatuei.
200 profesional inguru ari dira parte hartzen ostegun eta ostiral honetan Irunen Errepideko Bidaiari Garraioaren ETEei buruzko III. Kongresu Nazionalean.