INFO

Soldata arrakala amaitzeko zaintza lanak baloratu eta banatzearen alde egin dute LABek eta ELAk

Gaur, otsailak 22, Soldata Arrakalaren Aurkako Eguna da. Donostian eta Iruñean mobilizatu da LAB, zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratu daitezen aldarrikatzeko. ELAk ere hor ikusten du ezberdintasunaren erroa, eta soldata arrakala berriro ere politizatzeko deia egin du.

Donostian, pankarta erraldoi bat eskegi du LABek Bretxako merkatuko teilatutik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Soldata Arrakalaren Aurkako Egunean, pankarta erraldoi bat eskegi du LABek Donostiako Bretxako merkatuko teilatutik; Iruñean, aldiz, elkarretaratzea egin du Gobernu espainiarraren Ordezkaritzaren aurrean, Merindadeen Plazan. Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratu daitezen aldarrikatu du. ELAk ere erroan dagoen arazoa salatu du: «Emakumeek gauzatzen dituzten lanei balio sozial eta ekonomiko eskasa ematen zaie». Horri buelta emateko, soldata arrakala berriro ere politizatzea proposatu du.

Nahia Fernandez ELAko genero taldeko kideak hala idatzi du iritzi artikulu batean: «Gaur egun, gizonen soldatak emakumeenak baino handiagoak dira. EAEn, esaterako, soldata arrakala %22 ingurukoa da. Eta sinesgaitza badirudi ere, legezkoa da. Nola da posible? Bada, oinarri politikoa, kulturala eta ideologikoa duen auziari erantzun teknikoa eman nahian jarraitzen dugulako, errora jo gabe. Izan ere, soldata arrakala ez da fenomeno naturala, enpleguaren eta zaintzaren banaketa sexualaren ondorioa baizik».

Soldataz haragoko lan baldintzei erreparatuz gero, genero arteko arrakala honakoa da ELAk emandako datuen arabera: Hego Euskal Herriko kontratu partzialen %25,9 emakumeenak dira; %7,7 soilik dira gizonenak. Behin-behineko kontratuei erreparatuta, %23,1 emakumeenak dira; gizonenak, berriz, %17,1. «Kasualitatea beharrean, kausalitatea ote?», galdetu du sindikatuak.

Zaintzea edo gurpilak ekoiztea

LABek garbi du: «Soldata arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da».

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa sindikatu honen ustez: «Ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gurpilak ekoizteari».

Zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa, gainera: «Zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak...) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek penalizazioak dakartza».

«Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostengatzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilegioari eusten diote», gaitzetsi du.

Negoziazio kolektibo feminista, «ezinbesteko tresna»

ELAk defendatu duenez, enpresek eta instituzioek proposatzen dituzten konponbide teknikoez haragoko erantzunak behar ditu soldata arrakalak. Izan ere, azken urteetan indarrean jarritako berdintasun plan, soldata gardentasunarentzako tresna eta neurri formal ezberdinek ez dute lortu urteroko joerari buelta ematea.

Errora jotzeko deia egin du sindikatuak, sexuaren araberako lanaren banaketaren ordena hausteko deia, alegia. Horretarako, negoziazio kolektibo feminista ezinbesteko tresna gisa aldarrikatu du. «Gatazka sindikal feminizatuek soldata arrakalaren aurkako borroka elikatzen dute, feminizatutako lanei balio sozial eta ekonomikoa aitortzea baita gakoa. Beraz, hartu dezagun borroka horien lekukoa eta birbideratu dezagun eztabaida, eremu teknikotik politikora. Soldata arrakala berriro ere politizatu dezagun», animatu du.

Enplegu guztien birbalorizazioa

LABek ere patronalak eta instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu du: «Zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzunkidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera».

Horren aurrean, zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea aldarrikatu du sindikatuak, baita zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea ere. Sexuaren araberako lan banaketa amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren jasangarritasun faktorea aplikatuko luke.

Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea ere proposatu du. «Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala aplikatu daiteke».

Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe, zaintzeko denborak bermatuz, eta zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea ere planteatu du LABek.