INFO

Parisko Laborantza Azokari begira radarrak estaltzeko ekintza burutu dute Urketan

FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuek asteburu honetan zehar Parisen eginen den Laborantza Azokari begira ekintza egin dute ostegun gauean. Radarrak estaltzeko operazioa burutu dute hainbat errepidetako bazterretan, hala nola Urketan.

Laborari bi erradarra estaltzeko lanetan, Urketan. (Patxi BELTZAIZ)

Aurreneko asteotan Hexagonoan zehar bezala Ipar Euskal Herrian ere mobilizazioak burutu dituzte laborantza sindikatuetako kideak ez dira kontent.

Gabriel Attal lehen ministroak PAC politikaren bidez laborariei heltzen zaizkien diru-laguntza gehienak ordainduak izan direla aldarrikatu arren, laborarien esanetan hori eta beste konpromiso ere betetzeko orduan atzerapenarekin dabil frantses Gobernua.

Asteburu honetan Parisen bere ateak zabalduko dituen Laborantza Azokak aukera paregabea izanen da laborarien ordezkarien eta gobernuaren arteko harremanak nola dauden egiaztatzeko.

Momentukoz, Emmanuel Macron presidentearen neurrira antolaturiko eztabaidan parte-hartzeari uko egin dio Hexagono mailan nekazaritza sindikatu nagusia den FNSEA.

Azken ordutan sindikatuek tonua altxatu dute. Hala, bart gauean, Ipar Euskal Herrian eta Biarnon ekintzak egin zituzten laborariek.

FNSEA eta Laborari Gazteak sindikatuek agiri baten bidez jakinarazi dituzte, hala nola Urketako errepidean dagoen radarra estaltzera eraman zituen operazioaren arrazoiak.

Laborariek erantzun azkarrak exijitzen dituztela adierazi nahi izan dute aipaturiko protestarekin.

Herritarren sostengua jasotzeko esperantzaz, baina baita Gobernuari «mezu azkarra» pasatzeko, traktoreekin barraskiko operazioa antolatu du, gaur goizean Parisen, Coordination Rurale izeneko bigarren nekazaritza sindikatuak.

Diru-laguntzak heltzen ari direla baieztatu dute

FDSEA eta Laborari Gazteak aitortu dutenez, berdin kabalen gaixotasunek hazleei sorturiko kalteak estaltzeko zein ardogintza edota laborantza biologikoaren sektoreak bete-betean kolpatzen dituzten krisiak gainditzen laguntzeko dirutzak ordaintzen hasi da Laborantza Ministaritza.

Alta, PAC politikaren bidez Bruselak bideratzen dituen funtsa guztien zain direla oraindik ere hainbat laborari agerian jarri dute protesta horren bidez.

Gabriel Attalek Egalim legearen bertsio berria iragarri du aste honetan bertan.

Elikadura mozkinen balio-katea errespetaraztea agintzen zuten aurreneko arauak ez badira bete ere, frantziar lehen ministroaren arabera lege berriak laborarien beharrak asetu beharko lituzke.

FDSEA eta Laborariak Gazteak sindikatuen arabera, errepideen blokatzeari erantzunez Gobernuak martxan emandako lehenengo neurriek «itxaropena sortzen dute».

Hala eta guztiz ere, laborarien diru-iturriak bermatzeko kostuen gaineko erabaki ausartagoak galdetzen dituzte.

Ildo beretik, «arauen sinplifikazioa»ri begira aurrerapausu gehiago eskatzen dituzte.

Trantsizio ekologikoari ekiteko engaiamenduak lausotu nahian

Frantziar Gobernuak zabalduriko bidetik, Bruselak lehen keinua egin du aste honetan bertan pestiziden erabilpena murrizteko helburuak lausotze aldera.

Trantsizio ekologikoaren kaltetan beste hainbat neurri hartzea ezin dira baztertu.

Jakin behar baita laborariek arbuiatzen dituzten hainbat neurri Europar Batasuneko Hitzarmen Berdean jasota izan arren oraindik ere indarrean ez daudela.

Laborariek baliatzen dituzten erregaien gaineko tasak ez igotzeko Parisek harturiko engaiamenduak hori aditzera ematen du.

Finean, laborantza ustiategien transmisioa errezteko -hala nola zergak apalduz- neurriak galdetzen dituzte aipaturiko sindikatuek, lehen sektorearen biziraupena bermatzeko.