INFO

Sailkapenean gorantz egiteko jardunaldi paregabea euskal saskibaloi taldeentzat

Barça CBS Kutxabank Araskiren arerio zuzena etorriko da Mendizorrotzara. Garaipena lortuz gero, mailariu eustea ia erabat ziurtatuko du talde gasteiztarrak eta zortzigarren postura hurbilduko da. Lointek Gernika eta IDK Euskotren Benbibre eta Kanaria Handia azken bi sailkatuen aurka ariko dira.

Helburuak betetzeko asteburu paregabea izango dute aurrean Araskik, Gernikak eta Ibaeta Basketek. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aprilaren 20an amaituko da Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularra; bada, txapelketa azken bederatzi jardunaldietan sartu da eta euskal taldeek beren helburuak betetzeko bidea jorratu behar dute. Kutxabank Araskiren kasuan, maila beste urte batez mantentzea eta, posible balitz, zortzigarren postura hurbiltzea. Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren, berriz, zortzi onenen artean egonkortu nahian ari dira. Hiru taldeentzat jardunaldi aproposa da helburu horiei begira. Kutxabank Araskik helburu berbera duen aurkaria izango du eta, aldiz, gernikarrek eta donostiarrek lehiaketako azken bi sailkatuak.

Barça CBS taldea izango du aurkari Kutxabank Araskik larunbatean 19.00etatik aurrera. Joan zen asteburuan Benbibre azken sailkatuari 48-78 irabazi zion Madelen Urietaren taldeak eta, ondorioz, urtea hasi zenez geroztik etxetik kanpo lorturiko aurreneko garaipena erdiesteaz gain, denboraldiko bederatzigarren garaipena ere eskuratu zuen, liga sailkapeneko hamaikagarren postuan egonkortuz, Ferrol, Ensino eta zortzigarren postuan dagoen Jairisek baino garaipen bat gutxiagorekin.

Esan bezala, Bartzelonako taldea arabarren aurkari zuzena da. Zortzi garaipen pilatu dituzte orain arte, eta azken postuetatik ihes egiten ari direla dirudi. Urrutirago joan gabe, pasa den asteburuan Lugoko Ensino taldeari egurra eman zion talde katalanak, 66-50 nagusitu baitzen. Lesioekin oso gaizki ari dira pasatzen denboraldia hasi denez geroztik, baina badirudi martxa hartu dutela halakoren baten, azken hiru neurketak irabazi dituzte-eta.

«Ez digu asko ardura zer-nolako aurkaria izango dugun. Denak ere borroka berberean sartuta gaude, ea zeinek lortzen duen zortzigarren postura iristea», adierazi du Tamara Seda Kutxabank Araskiko pibotak. «Azken partida irabazita, ‘bibrazio onak’ ditu taldeak eta, beraz, sentsazio on horiei eusketeko garaipenean baino ez dugu pentsatzen», gaineratu du Mozambikeko jokalariak.

Ezin pasatzen utzi

Lointek Gernika Bizkaiak 18.30etan hasiko du bere partida, Benbibre azken sailkatuaren aurka. Bizkaitarrek Cadi La Seu taldearen aurka kale egin zuten, neurri handi baten urruneko jaurtiketan oso eskas aritu zirelako. Hiruko 23 saiakeratik 6 baino ez zituzten sartu; baliteke pasa den astean Gabby Nikitinaitek taldea utzi izanaren ondorioa izatea, bere ordez iritsi den Zoe Hernandezek oraindik martxa hartzeko denbora behar duela bistan geratu baitzen.

Porrot honen ostean sailkapeneko zazpigarren postuan dago Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea, zortzigarrenak baino garaipen bat gehiagorekin. Ondorioz, ezin du kalerik egin zapatu arratsaldeko deman, nahiz eta jakin bere aurkariak denboraldi osoan garaipen bat baino ez duela pilatu eta asteburu honetan ez bada hurrengoan matematikoki maila galduko duela.

IDK Euskotrenek ere galdu egin zuen joan zen astean, Valentzia Basket liderraren aurka. Zapatu honetan, Euskal Herrian 19.00ak direnean Kanaria Handia izango dute aurrez aurre Azu Muguruzarenek. Hau da, Emakumeen Endesa Ligako azken-aurreko sailkatua, lau garaipen baino ez dituela.

Partida berezia izango da Iris Mbulitorentzat. Depresioaren eraginez saskibaloia ia bi urtean utzita izan eta gero, eskolta kanariarrak aurtengo denboraldia Kanaria Handian bertan hasi du eta maila nahiko txukuna eman du, nahiz eta taldearen emaitzak onenak izan ez. Nolanahi, urtea hasteaz bat Ibaeta basketek fitxatzea deliberatu zuen eta irregularra bada ere, klase handiko jokalaria bistan da, eta baita presentzia fisiko nabarmena eskaintzen duela, bere 1,83 metroekin oso jokalari handia baita antolatzaile, eskolta eta hegaleko postuan aritzeko.

Kanaria Handiaren aurka kontuz ibili beharko dute, nolanahi. Etxeko partidak bakarrik jokatzen ditu Astou Ndour pibotak. Duela urtebete eskas ama izan zen eta ondorioz Euroligako albo batera uztea erabaki zuen Senegalen jaiotako jokalariak. Bere helburua Espainiako selekzioarekin Parisko Olinpiar Jokoetan egotea da eta hargatik Kanaria handiaren etxeko neurketetan ari da jokatzen, eta fisikoki oraindik onenean ez badago ere, maila handiko jokalaria dela bistan dago.