Kezkatzeko arrazoiak finalerdiaren atarian Athleticen, eta baita Atletico Madrilen ere
Talde bilbotarrak denboraldiko lehen zatirik eskasena egin zuen Betisen kontrako porrotean. Era berean, Yuri lesionatu egin zen, eta Nico Williams eta Sancet ez daudela beren unerik onenean agerian geratu zen. Bestalde, madrildarrek berdindu egin zuten Almerian, eta galdu Txapeldunen Ligan.
Athleticek berriro huts egin zuen etxetik kanpo azken jardunaldian. Sailkapenean kolpe bat emateko aukera galdu zuen, eta Kopako finalerdiaren atarian kezkatzeko arrazoi ugari utzi zituen.
Hasteko, Valentzian, Cadizen eta Almerian gertatu zen moduan, talde bilbotarrak itxura eskasa eman zuen Betisen zelaian. Denboraldiko lehen zatirik txarrena izan zen. Gola egin zuen Guruzeta izan ezik, gainontzeko taldekide guztiak beren maila eman ezin da aritu ziren.
Unai Simonek ezin izan zuen ezer egin golak ekiditeko, eta defentsak gaindituta egon ziren William Jose eta Chimy Avilaren kontra. Brasildarra erabakigarria izan zen Betisen lehen bi goletan. Zelai erdian ere Galarreta eta Prados ezinean aritu ziren, eta agerian geratu zen Oihan Sanceten eta Nico Williamesen distira falta.
Umekeria batengatik txartel gorria ikusteaz gain, Nicok ezer gutxi egin zuen erasoan. Epailearen erabakiek partidatik atera zuten, baita baloia kentzeko egin zizkioten faltak eta kolpeek. Williams txikiena ez zen gai izan egoera horri aurre egiteko. Horrez gain, ez zuen lortu bere dohaiak erakustea. Mallorcaren aurka lesionatu zenetik, ezin izan du bere mailarik onena eman.
Kopako finalerdiaren bueltako partida denboraldiko une erabakigarrienetako bat izango da, eta Oihan Sancet ere ez da bere unerik goxoenean helduko. Azken asteetan arazo fisikoak izan ditu, eta bere kabuz entrenatu du hainbat aldiz. Nafarra ez dago fin, eta Ernesto Valverdek ere gehiago eman dezakeela uste du, eta horrela adierazi zuen Betisen kontrako partidaren ostean.
Atsedenaldian ordezkatu zuen, eta Iñaki Williams atera zen bere lekuan. Bederatzi zenbakiak ere gainbehera bat igaro du Afrikako Kopatik itzuli ostean. Erasoko jokoan erabakigarrienak diren futbolariak hain ondo ez egotea igartzen ari da taldea. Batez ere, etxetik kanpo.
San Mamesen oso indartsu dago Athletic. Azken bederatzi partidak irabazi ditu, eta ez galtzearekin nahikoa izango du Kopako finalera iristeko. Hala ere, hutsune garrantzitsu bat izango du defentsaren ezker hegalean. Yurik min hartu zuen Betisen aurka, eta giharretako lesio bat dauka.
Imanol Garcia de Albeniz zelairatu zuen Valverdek bere ordez Sevillan. 23 urteko gazteak aukera gutxi izan ditu, eta ahal zuen moduan aurre egin zion erronkari. Defentsan zailtasunak dituen futbolari batentzat, ez da batere erraza hamarrekin aritzea. Hirugarren golean bere aldetik ireki zuen zuloa Betisek, baina Imanol bizirik atera zela esan daiteke. Iñigo Lekue ostegunean jokatzeko prest ez badago, Imanolek beste aukera bat izan dezake. Unai Gomez edo Berenguer postuz aldatzea eta atzeratzea ere posible da.
Griezmannen zain
Athleticek eman dezakeen maila baldintzatzen duten kontuak badaude, Atletico Madrilen ere antzeko zerbait gertatzen da. Simeoneren taldeak ezin izan zuen Almeria gainditu azken jardunaldian bi aldiz markagailuan aurreratu arren (2-2). Correak eta De Paulek egin zituzten golak, baina sailkapenaren zuloan dagoen aurkariak bi aldiz berdintzea lortu zuten. Luka Romero gazte argentinarrak egin zituen bi golak.
Berdinketa horri Txapeldunen Ligan jasotako porrota gehitu behar zaio. Atleticok galdu egin zuen Interren zelaian (1-0). Italiarrak nagusi izan ziren, eta abantaila handiagoa lortzeko aukerak izan zituzten.
Inork ezin du ukatu Atletico Europa mailako talderik indartsuenetako bat dela. Hala ere, Athletici gertatzen zaion moduan etxetik kanpo kosta egiten zaio bere mailarik onena ematea, eta San Mamesen irabazi beharra dauka Kopako finalera iristeko.
Horrez gain, Griezmannek min hartu zuen Interren kontrako norgehiagokan. Orkatila bihurritu eta aldaketa eskatu behar izan zuen. Alta, ez da lesio larria, eta frantziarraren asmoa San Mamesen egotea da. Izan ere, jokalari erabakigarria da, eta Atleticoren iparrorratza. Gainera, Athletic da gol gehien egin dizkion taldea.