Emma Boada, datorren denboraldian Bera Beran jarraituko ez duen hirugarren jokalaria
Jokalari katalana 2019-20 denboraldian iritsi zen Costa del Sol Malagatik, eta gaur egun bosgarren denboraldia betetzen ari da Donostian. Orain arte 96 partida jokatu ditu eta 245 gol sartu.
Denboraldia aurrera darrai eta Super Amara Bera Bera 2023-24ra begira mugimenduak egiten ari da dagoeneko. Ostegun honetan jakitera eman duenez, Emma Boada zentralaren ibilbidea kluban denboraldi honen amaieran amaituko da. 2019-20 denboraldian iritsi zen Costa del Sol Malagatik, eta gaur egun bosgarren denboraldia betetzen ari da Donostian. Orain arte 96 partida jokatu ditu eta 245 gol sartu.
Ibilbide horretan, Boadak leku garrantzitsua izan du Super Amara Bera Beran, gehienetan zentral moduan arituz. Egun belaunean edema bat izan arren, ez du arazorik izango denboraldia bere mailarik onenean amaitzeko.
Bere izaera eta kalitateagatik, jokalari katalanak ekarpen handia eman dio taldeari, infantilen formazioan ere inplikatuz.
Klubak, bidalitako oharrean azpimarratu duenez, «arrakastarik onenak opa dizkio Emma Boadari proposatzen zaizkion erronketan».
Bartzelonakoa hurrengo urtean jarraituko ez duen hirugarren jokalaria da. Izan ere, urte hasieran jakin zen Malena Cavo argentinarrak kluba utziko duela, eta aurreko astean Bera Berak jakitera eman zuen Mariane Fernandes brasildarrak taldea utziko duela ere. Irteera gehiago espero dira.
Irteera hauen truke, Donostiako klubak Eszter Ogonovszky ezker hegaleko hungariar gaztea fitxatu du datozen bi denboraldietarako. Egun Txekiako Banik Most taldean dabilen jokalariak 20 urte ditu –uztailean 21 beteko du–, 1,78 zentimetro neurtzen du, eta 2019-2022 bitartean Itxakoko entrenatzaile izandako Ambros Martinek zuzendu zuen Gyori taldeko jokalari izan zen.