INFO

Nafarroako Kontseiluaren irizpenak euskara «mespretxatzen» duela salatu dute

Eremu mistoko Osasun plazetan euskara meritua izatea legez kanpokotzat jo duen Nafarroako Kontseiluaren irizpena gogor kritikatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak. «Mespretxu eta gutxiespen onartezina» dela salatu dute.

2022ko maiatzaren 7an, Iruñean Merezimenduen Dekretu atzerakoia salatzeko manifestazioa deitu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Otsailaren 27an, Nafarroako Kontseiluak administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretu-proiektuaren gaineko 4/2024 irizpena eman zuen, bertan Osasunbidean euskararen ezagutza lanpostu guztietan baloratu ahal izateko aukeraren aurka agertu zen.

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak irizpenaren balorazioa egin dute, Dekretuak araudiaren interpretazio «erabat murriztailea» egiten duela salatuz.

Nafarroako Kontseiluaren ebazpenak euskara eta hizkuntza-eskubideak «mespretxatzen» dituela uste dute bi eragileek. «Izan ere, eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan oro har euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertzen da, baina, aldi berean, funtsezkoa iruditzen zaio ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza Europar Batasuneko hizkuntzak direlako. Hau da, osasun sisteman zerbitzuak eskaintzeko garrantzia gutxiago ematen diote Nafarroako berezko hizkuntza den euskarari eta lurralde osoko hiztunen eskubideei, nazioarteko hizkuntzen ezagutzari baino», diote.

Horregatik, onartezintzat jo dute «ebazpenean islatzen den euskararen mespretxua eta herritarren gutxiespena».

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak kezka adierazi dute Dekretuaren proiektua «jada aurreko araudiek jasotzen zutena baino atzerakoiagoa zelako eta, orain, Nafarroako Kontseiluak are murritzagoa egin behar dela gomendatzen duelako».

«Gainera, Nafarroako Kontseiluak epaitegietatik jarraitutako ildo bera jarraitzen du hizkuntza-politika eta ondorioz hizkuntza-eskubideak eta euskararen sustapena oztopatuaz», azpimarratu dute.

Hala, Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dezala onartu «araudiak edukiz husten jarraitzea». Nafarroa osorako hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudia garatzea, hizkuntza-politika egiteko dituen eskumenak defendatzea eta hori euskararen alde egiteko erabil ditzala eskatu diote.