INFO

Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarri Olinpiar Jokoetarako sailkatu dira

Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarri Olinpiar Jokoetan lehiatuko dira. Puerto Ricon jokatzen ari den Munduko txapelketan, bosgarren fasera sailkatu dira eta beste arerioen emaitzak kontuan hartuta, txartela ziurtatu dute.

Nadia Erostarbe, Puerto Ricon jokatzen ari den Munduko txapelketan. (@BATBASQUETEAM)

Albiste ezin hobeak iristen ari zaizkigu Puerto Ricotik. Bart, Nadia Erostarbe zarauztarrak balentria historikoa lortu zuen, Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratuz; bada, ostiral arratsalde honetan, poztasun hori bikoitza izan da, Janire Gonzalez-Etxebarri ere hitzordu olinpiko horretan izango baita. Hala, Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren historiako bigarren eta hirugarren euskal surflaria bilakatuko da, Tokion Pauline Adok egin baitzuen debuta.

Puerto Ricon jokatzen ari da Munduko surf txapelketa (ISA World Surfing Games), plaza olinpikoak ere lehian daude. Hala, Erostarbek, zuzenean bosgarren errondara sailkatuta, puntu nahikoa pilatu du Tahitin jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzeko. Gainontzeko arerioen emaitzak ikusita, ziurtatu egin du plaza olinpikoa.

Ezusteko handiagoa izan da, ostiral arratsalde honetan Janire Gonzalez-Etxebarri ere finalerdietara sailkatu denean, bigarren aukera ederki baliatuz. Zumaiarrak ere sari bikoitza eraman du, Olinpiar Jokoetarako txartela ere poltsikoratu egin baitu. «Egia esan, ez zegoen nire planen artean; konfiantzan jardun gara eta taldeak lan oso ona egin du», adierazi du.

Erostarberen albistea bart jakinarazi zen,  ISA erakundeak sareratu zuen argitalpen baten bitartez. Bera ere halaxe jabetu zen, Basque Teamek zabaldutako elkarrizketan azaldu duenez: «Etxera bidean egon ginen talde guztia kalkuluak egiten, uste genuen baietz baina nola inork ez zigun konfirmatzen, ez geunden guztiz ziur. ISAk igo zuen publikazioa, izan zen poztasun handia».

«Poza», horixe sentitu zuen zarauztarrak, zeinak onartzen duen oraindik ere ez duela guztiz barneratu lortutako balentria. Uste du behin Munduko txapelketa bukatzen denean jabetuko dela lorpenaren dimentsioaz. «Ezin dut sinetsi oraindik, nik uste dut txapelketa bukatu arte ez dudala sinetsiko Olinpiar Jokoetan egongo naizela, Tahitin. Espero jende askori motibatzea surfean hasteko», adierazi du.

Hain zuzen ere, aipatu legez, hein handi batean, historia egin dute Erostarbe zein Janire Gonzalez-Etxebarrik. Pauline Ado hendaiarraren ondotik, Olinpiar Jokoetan arituko diren bigarren eta hirugarren surflari euskaldunak baitira.

Horrez gain, Basque Teameko Zarauztarra sasoi betean dago; olatu aparrean, hobeto adierazteko. 2023. urtea emaitza ikusgarriekin bukatu zuen eta horri esker, gorengo mailan lehiatzeko zorian egon zen. Ideia bat egiteko, Erostarbek euskal surflari batek CS mailan inoiz lortu duen emaitza hoberena eskuratu zuen Brasilgo Saquareman eta horri esker, CS rankingean zortzigarren postuan bukatu zuen; alegia, lehen bost sailkatuek irabazten dute CT zirkuiturako txartela.

Puerto Ricon lehiatzen ari den Munduko txapelketa honetan ere emaitza onak pilatzen ari da. Finalerdietan dago eta «txandaz txanda, urratsak egin eta lehen postua bilatzen» ahalegindiko dela ziurtatu du. Behin Olinpiar Jokoetako helburua lortuta, presioa gainetik kenduta, lasaiago ibiliko dela onartu du.