INFO

Aberri Egunaren bezperan ekitaldia antolatu du Euskal Herria Baterak Bilbon

Aberri Egunaren bezperan, martxoaren 30ean, Euskal Herria Baterak ekitaldia antolatu du Bilboko Campos Eliseos antzokian. Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei zuzendu zaie, eta etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitu du.

Euskal Herria Batera ekimenaren prentsaurrekoa Aberri Egunaren bezperako ekitaldia aurkezteko. (NAIZ)

Beste urte batez, Euskal Herria Baterak ekitaldi bateratua antolatu du Aberri Egunaren bezperarako. Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Estitxu Garaik aurtengo ekitaldiaren berri eman dute Campos Eliseos Antzokian egindako agerraldian.

2020ko Aberri Egunaren testuinguruan esparru ezberdineko pertsonek sortutako ekimen herritarra da Euskal Herria Batera. Aberri Eguna baliatu nahi du nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta jendarteari, erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezaten eskatzeko.

Pandemiaren testuinguruan jaio zen egitasmoa, eta Aberri Eguna, Euskal Herri osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu zuen. 2022tik aurrera, pandemia atzean utzi ondoren, alderdi abertzaleek bere ohiko mobilizazioak berrartu zituzten eta nork bere deialdia egin zuen. Aldiz, Euskal Herria Baterak bateratasunean jarri zuen indarra eta urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki zuen.

Aurten, ekitaldi bateratua martxoaren 30ean Bilboko Campos Eliseos Antzokian izango da. Bi lan kultural uztartuko dira: Lehena, Euskal Herriko fundazio nagusiek osatu duten narrazio da, zeinak Euskal nazioa munduan aurkezten duen. Bigarrena, Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua, nazioa egunerokoan azalduko duena.

Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei parte hartzeko deia egin diete: «Batera aritzeko garaia dela uste dugu. Batera krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan. Batera lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera gure nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu dadin».

Bestalde, Aberri Eguna «batera aritzeko eta nazioa garela ospatzeko» eguntzat hartzen dute, eta, horregatik, etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitzen dute.

«Modu bateratuan zein ahal eta ofizialtasun gehienarekin euskal lurralde guztietan ospatu dezagun bagarela eta munduaren aurrean azaldu, bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula. Nazioek nazioa izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugulako», adierazi dute.