INFO

Martxoaren 12ko grebari begira ehun mobilizazio egin dituzte EAEko sektore publikoan

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deituta, eta martxoak 12ko grebaren atariko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak elkarretaratzeak egin dituzte astearte honetan. 100 mobilizazio baino gehiago antolatu dituzte, sindikatuen arabera.

Sektore publikoko langileek astearte honetan Gasteizen egin duten elkarretaratzea. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deituta, 100 elkarretaratze baino gehiago antolatu dituzte astearte honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko lantokietan.

Datorren martxoaren 12ko grebari begira, «erakundeen eta agintzen duten alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dute zerbitzu publikoak indartzearen beharra», sindikatuek azaldu dutenez.

Esate baterako, Osasungintzako langileek 39 elkarretaratze egin dituzte ospitale eta osasun zentro nagusietan, adibidez, Donostia Ospitalean, Zumarraga Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean, Gurutzeta Ospitalean, Basurtu Ospitalean, Errenteriako Iztieta osasun Zentroan, Azpeitiko osasun zentroan, Arrasateko osasun zentroan, Irun erdialdeko anbulategian, Salburuako osasun zentroan, San Martin osasun zentroan, Galdakaoko osasun zentroan eta Santurtziko Kabiezes anbulategian.

Udal-Foru esparruan ere 30tik gora mobilizazio egin dituzte, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, zein hiru lurraldeetako hainbat herritan. Hala nola, Eibar, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Arrasate, Oñati, Pasaia, Barakaldo, Santurtzi, Ortuella, Basauri, Bermeo, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio eta Laudion, besteak beste.

Hezkuntza publikoan ere haurreskoletan eta eskoletan haur hezitzaileak, irakasleak, heziketa bereziko langileak eta sukaldari eta garbitzaileak kalera atera dira dira. Goizean zehar Elorrioko eta Segurako haurreskoletan eta Eibarko Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurren izan dira. Horretaz gain, Donostiako Zubiri Manteo eskolan eta Iralen, Bilboko Zamakola Juan Delmas eskolan eta Intxixu Ikastolan, Gasteizko Salburua eta San Inazio eskoletan, Balmasedako Mendian edota Hondarribiko Talaia ikastetxean. Egunean zehar, eguerdi eta arratsaldean beste hainbat eskoletan egingo dira mobilizazioak.