INFO

«Inklusioa, eperik gabe», Seaskako Integrazio Batzordearen aurtengo kanpainaren leloa

«Inklusioa, eperik gabe» leloa duen kanpaina martxan eman du Seaskako Integrazio Batzordeak. Aurtengo helburua 116.000 euro biltzea da elbarritasun egoeran diren haurren inklusioa ikastoletan laguntzeko. Gero eta handiagoak diren beharrei erantzuteko baliatuko dute kanpainan bildutako laguntza.

Integrazio Batzordearen kanpaina berriaren aurkezpena Kanbon iragan da, gaur goizean. (Patxi BELTZAIZ)

«Inklusioa, eperik gabe!» izanen da elbarritasun mota batekin bizi diren haurren eskolatze prozesua sostengatzeko Seaskako Integrazio Batzordeak urtero garatzen duen kanpainak aurten hautatu duen lema.

Izan ere, 2022. urteaz geroztik haur horiek dituzten beharrak estaltzeko gurasoek aurkezten dituzten eskaeren tratamendua gero eta luzeagoa bilakatu da.

Hori dela eta, Pirinio Atlantikoen departamenduak garatzen duen MDPH zerbitzuari mezua helarazi nahi izan diote gaur Integrazio Batzordeko kideek aurtengo kanpainaren berri emateko Kanbon eginiko agerraldian.

«Luzatze bat ikusi dugu MDPHarengandik; alta, elbarritasun egoera batean diren haurren
eskolaratzeak, beren behar guziei denborarik galdu gabe erantzutea eskatzen du», adierazi dute elkarteko kideek.

Zehaztu dutenez, dosier bati erantzuteko epea lau hilabetekoa bada ere, hamar-hamaika hilabete iraun dezake gaur egun horren tramitazioak.

Gibelatze handi horrek ondorio larriak dituela agerian jarri dute Integrazio Batzordeko kideek.

Bestalde, ulergaitza jo dute eskaera bat Pauen tratatu –Zuberoko ikasleen dosierrak bertan aztertzen dituzte– edo Baionan tratatu erantzun epea zeharo desberdina izatea.

Agerian jarri dutenez, Seaskako ikasle horiekin lan egiten duen lan taldeentzat zein irakasleentzat, bistan da, baita gurasoentzat ere, «bortitza da jakitea haien ikaslearen eskolatze ibilbidearen egokitzapena mugatua dela itxaronaldi egoera horrengatik».

Azken urteetan bezala, finantzamendu arazoak hor daude, baita ikasleek behar dituzten laguntzaileak kontratatzeko zailtasunak ere.

Horrendako, inoiz baino gehiago ikastoletako komunitatearen laguntza premiazkotzat jo dute Integrazio Batzordeko kideek. Hala, kanpainia babesteko deia luzatu dute.

Hainbat hitzordu finkatu dituzte

Integrazio batzordearen kanpaina 2024ko martxoaren 23an abiatuko da, Partaide Egunarekin.

Egun horretan, elkarteak egiten duen lana eta aurrera begira dituen erronkak azaltzeko, informazio mahaiak eta laguntza deialdiak antolatu dituzte, hainbat hiri eta herritan.

Gainera, diru bilketa indartzeko beste hainbat hitzordu iragarri dituzte.

Hala, martxoaren 17an, jantzi hustea –arropa salmenta– eginen dute Lakarran, eta egun berean Itsas Laminen Korrika iraganen da, Angelun. Apirilaren 7an, berriz, Neska Korrikaren edizio berri bat antolatuko dute, Azkainen.

1999an sortua, Integrazio Batzordea Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko ikastoletan
ikasten duten ahalmen urritasun egoeran diren haurren gurasoen eta lagunen elkartea da.

Elkarteak burutzen duen lanari esker, egun 158 haur dira inklusio programa batean. 13 laguntzaile kontratatuak ditu Integrazio Batzordeak ikasle horiek behar dituzten sostengu lanak burutzeko.

Finean, Seaskako bost kolegioetan inklusiorako egitura pedagogikoa martxan dago.