INFO

LAB: Udaltzainek suzko armak eramatea «Ertzaintzaren kopia hutsa bilakatzeko» urratsa da

Udaltzainei suzko armak eramateko derrigortasuna ezartzen dien dekretua onartu duela iragarri zuen asteartean Lakuak. LAB sindikatuaren ustez, polizikide hauek «Ertzaintzaren kopia hutsa bilakatzeko hamaikagarren urratsa da» erabaki hau.

Udaltzainei suzko armak eramateko dekretua arbuiatu du LABek. (Jon URBE | FOKU)

LAB sindikatuak deitoratu duenez, «inposatutakoa» eta «oso larria» da udaltzainei suzko armak eramatera derrigortzen dien Lakuako Gobernuaren dekretua. «Udaltzaingoa Ertzaintzaren kopia hutsa bilakatzeko hamaikagarren urratsa» dela uste du.

Ohar baten bidez arbuiatu du sindikatu honek Lakuaren erabakia. Bertan, EAJri leporatzen dio «2012an Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 legearekin hasitako diseinu poliziala gauzatzen jarraitu» nahi izatea.

Araba, Bizkai eta Gipiuzkoako udaltzainak «EAJren polizia-eredu bakar eta zentralizatuaren norabidean» kokatzeko ere, LAB en iritziz, Lakuak Udaltzaingo hautaketa-prozesu bakarraren deialdia, bitarteko udaltzainen lan-poltsa, agenteen deialdi bateratua, Segurtasun Publikoaren Legea eta Udaltzaingo Koordinazioa erabili ditu.

«Segurtasun Sailak Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz konpondu nahi dituela dirudi», salatu du LABek, baita «udal singularitatea eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatu» nahi duela ere.

«LABen oso argi dugu udal autonomiaren aldeko jarrera irmo eta aktiboa eskatu behar diegula euskal udalerriei, hau da, orain arte bezala, udal gobernuei egokitu behar zaie suzko armen erabileraren inguruko erabakimena», esan dute sindikatutik.

ELA ere ez dago ados

ELA sindikatuak ere desadostasuna agertu du. Ohar batean nabarmendu duenez, «Udaltzaingoei su-arma ezartzen dien dekretu hori Euskal Poliziaren Legearen bostgarren aldaketan jasotakoaren garapena da, eta Gobernu Taldearen (EAJ-PSOE) eta PPren aldeko botoekin atera zen aurrera. ELA lege horren aurka agertu zen –ekarri du gogora–; izan ere, ELAk defendatzen duen polizia-ereduaren aurka joateaz gain, ez zen sindikatuen ordezkariekin eztabaidatu eta negoziatu, eta ez zekarren aurrerapausorik, besteak beste, ratioei eta lan-baldintzei dagokienez, eta Udaltzaingoaren behin-behinekotasunari atea irekitzen zion».

«Dekretu horren aurka bozkatu zuen ELAk Udaltzaingoaren Koordinazio Batzordean. Izan ere, dekretuaren zirriborroa bilera baino bi egun lehenago jasotzeaz gain, armei ematen dio lehentasun osoa, eta ez du inolako hobekuntzarik ekartzen ez ratiotan, ez formazioan eta ezta udaltzaingoen etengabeko birziklatzearen inguruan ere», zehaztu du.

Honezaz gain, «ELAk salatu nahi du polizien lan-baldintzak gero eta okerragoak direla, langile falta orokorra dela, erakunde batzuetan kezkagarria guztiz. Ratioak ez dira nahikoak  behin-behinekotasun tasa % 30 ingurukoa da eta horrekin batera rotazioa, prestakuntza falta eta plantillak birziklatzeko borondate eza nabarmena dela, horrek ondorioak dituelarik udaltzainen osasunean eta herritarrei eskeini behar zaien zerbitzuan».