‘Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero’ liburua aurkeztu du Urtzi Urkizuk
ETBk 40 urte bete ondotik, Urtzi Urkizu kazetari eta idazleak Euskal Telebista Publikoaren inguruko hausnarketak jaso ditu liburu batean. ‘Txoria hodei artean’ liburua aurkeztu du Donostian, ETBn ibilitako eta egun lanean dauden hamaika lagunez inguraturik.
Azken urteetan euskal gizartean sumatzen den kezka baten inguruko hausnarketa bildu du Urtzi Urkizu kazetariak liburu batean. «Euskarazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei?» galderatik abiatu du ‘Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero’ liburua. 35 elkarrizketa egin dizkie gaiean «adituak zein arituak» direnei.
Martin Anso editorearekin batera aurkeztu du liburua asteazken goiz honetan, Donostian. Elkar, ‘Berria’ eta Jakinek elkarlanean osatzen duten Aleka bildumaren 14. alea da, eta editorearen iritziz «azken urteetako kezka bat plazaratu du eta gogoeta egiteko materiala da». Euskal Telebistaren «iraganaz eta etorkizunaz» hitz egiten duela aurreratu dute, eta baita beste hamaika gaien inguruan ere: «ETB1 eta ETB2ren arteko desorekaz, gobernantza ereduaz, bikoizketa politikaz, fikzioaren funtzioaz edota adimen artifizialaz hitz egiten da liburuan. Gogoeta eztabaida horren premia begibistakoa da eta hori sustatzeko eta horretan sakontzeko tresna bikaina da ‘Txoria hodei artean’».
35 elkarrizketa egin ditu Urkizuk liburua osatzeko, eta «elkarrizketatuak oso eskuzabalak» izan direla aitortu du, pozez. ETBren hasieran euskararen normalizazioan urratsak emateko lan handia egin zela txalotu du, baina egun «eztabaida sakon baten» beharra dagoela azpimarratu du.
Liburua 12 atalek osatzen dute, lehenengoan ETBren hastapenak jasotzen dira, garaiko protagonisten ahotik, baina ondoren, liburuak ez du orden kronologikorik jarraitzen, elkarrizketak eta hemeroteka baliatu ditu datozen gaiak lantzeko: «Euskara eta gaztelania ETB1n eta ETB2n, kontrol politikoa eta kontrol organoak, zentsura kasuen salaketak, albistegiak, bikoizketa, telesailak, zinema, ekoiztetxeak, entretenimendua, ikusle datuak, Primeran plataforma, adimen artifiziala eta amaitzeko ETBk nora jo beharko lukeen galdetu diet elkarrizketatu askori». Atal horiez gain, Itziar Ituñoren hitzaurrea du liburuak, eta Urkizuren beraren epilogoa, «eztabaidarako abiapuntua izateko asmoz».
Udaberrian ETBren inguruko eztabaida batzuk aurreikusten direla aurreratu du idazleak, eta liburuan jasotzen diren baina oraindik publikoak ez diren bi albisteren berri ere eman du. Batetik, ‘Hondar ahoak’ telesaila egin zuen lantaldeak fikzio horren jarraipena grabatuko dutela kontatzen da liburuan bertan. Eta bestetik, Lakuak diru kopuru bat emango diola 2024an ETBri, euskarazko telesail independienteak sortu eta ekoizteko, bi milioi euro, hain zuzen ere.
Nora jo?
Urkizuk liburuaren mamian sartzeko liburuko zenbait ideia azaldu zituen aurkezpenean. Bere ustez, Garazi Goia Europako telebista publiko garrantzitsuenen aholkulariaren ikuspegia ez da Euskal Herrian behar adina aintzat hartzen, eta horregatik, bere hitzak ekarri nahi izan ditu aurkezpenera: «Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, lan bikoitza eskatzen du. ETB1en eta ETB2n indar bera jartzen baldin bada, gizartean duen eragina ez da bera. Esfortzu eta indar handiagoa eskatzen du euskarak, jatorritik ez bada ahalegin hori egiten eta ez bazaio ETB1 kateari proportzionalki indar handiagoa ematen, eragina murriztuz joaten da».
Bea Zabalondo unibertsitateko irakasleak etorkizuneko Euskal Herrian jarri du bista, eta bertaratuko diren herritarrei telebista euskaraz eskaintzearen beharra azpimarratzen du liburuan: «Gero eta etorkin gehiago datoz eta etorriko dira Euskal Herrira, gure herria etorkinekin osatuko dugu. Horiei denei esateko gure hizkuntza euskara dela zer modu hoberik marrazki bizidunak, telesailak, filmak eta dokumentalak euskaraz erakustea baino? Egunkari bat hartu baino askoz lehenago jarriko dira etorkinak telebistaren aurrean, kanpotik datorren jende guztiarentzat ere eskaini behar dugu telebista euskaraz».
Kike Amonarrizek hizkuntza politiken inguruan egiten dituen hausnarketak ere gogoratu ditu idazleak: «Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena funtsezkoa da euskararen biziraupenerako, eta horretan ETB giltzarria da. Beste hainbat alorretan bezala, aldaketa sakon bat egin nahi bada eta norabide aldaketa sakon bat egin nahi bada, horrek denbora bat eskatzen du, prozedura bat eta eztabaida sakon bat».
Epilogoari erreferentzia eginez, etorkizunari begira baikorra da Urkizu: «Baikorra naiz, profesional asko daude euskarazko telebista egiten». Bestalde, aldaketarako zenbait proposamen jasotzen ditu epilogoan, eta horietako bi aletu ditu aurkezpenean. «Zuzendaritza nagusiaren aukeraketaren inguruko eztabaida sakona eman behar da, beste herrialde batzuen gisan lehiaketa publiko bidez aukeratu daiteke». Eta bigarrenik, hizkuntz politikei egin die erreferentzia, «euskarak erdigunea hartzeko» egin beharrekoak aipatuz.