INFO

Neomak taldearen ‘Hor gaude’ abestiak jarriko dio musika aurtengo Herri Urratsi

Ostegun honetan jakinarazi dute Neomak musika taldearen ‘Hor gaude’ izango dela aurtengo Herri Urrats festaren kanta. Nerea Ibarzabalek idatzi ditu hitzak eta bideoklipa Mikel Cubillok eta Asier Elgezuak zuzendu dute.


«Zubiak sortzen/jaikitzen (e)ta erortzen/ikasi dugu/urratsak elkarlotzen», dio aurtengo Herri Urratsen abestiaren errepikak. Neomak taldeak ondutako ‘Hor gaude’ kanta aurkeztu dute ostegun honetan, bideokliparekin batera.

Musika Gipuzkoako taldeak egindakoa bada ere, hitzak Nerea Ibarzabalenak dira eta musika ekoizpena, Jimbo Paezena. Bideoa, aldiz, Mikel Cubillok eta Asier Elgezuak zuzendutakoa da eta Imanol Laisne Errotabehere da antzezlea, musika taldeko kideez lagunduta.

Ostegun honetan aurkeztu dute abestia eta bideoklipa, Baionan, baina aurkezpen ofiziala datorren igandean izango da, hilak 10, Neomak taldeak Donibane Lohizuneko Tanka aretoan eskainiko duen kontzertuan.

Bideoaren jatorrizko ideia Eneritz Aulestiarena da, ekoizle eragilea Unai Alberdi izan da eta argazki zuzendaria Rodrigo de Pablo. Muntaia Asier Elgezuak eta Mikel Cubillok egin dute; kamera laguntzailea Nestor Urbieta izan da, irudi digitaleko teknikaria Iñigo Arkauz; efektu bereziak Ander Mendiak eta KiwiProds-ek egin dituzte; graffer lanetan Huerta Montalvo ibili da, argiketariak Sandra Apausa eta Eddy Zelaia izan dira eta kolore postprodukzioa Heli Suarezek egin du.

Maiatzaren 12an ospatuko da Senpereko aintziran Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko jaiaren 41. edizioa. Azaroan iragarri zutenez, Beskoitzeko ikastolari bideratuko diote egunean bildutako dirua, eraikitzeko ezintasunean dago eta.