INFO

Amasa-Villabona; askotariko ikuspegi eta iritziekin aberastutako neurriak

Amasa-Villabonako Udalak «Berdintasunean Ados!» ekimen berritzailea jarri du abian, berdintasun politikak modu parte hartzailean erabakitzeko. Herritar guztiei zabalik egongo den mahaiaren bitartez, elkarrekin herri berdinzale, parekide eta feminista bat eraikitzea dute xede.

Mahai irekian udal ordezkariek eta esparruko zenbait eragilek parte hartuko dute. Irudian, Alazne Ayerbe teknikaria, Irune Alfonso zinegotzia, Beatriz Unzue alkatea eta Arantza Lopez zinegotzia. (GARA)

Agintaldi honetara arte, Amasa-Villabonako Udalak ez zuen berdintasun zinegotzirik, Gizarte Zerbitzuetakoak bideratzen zituen gai horiek. Arloari garrantzia emateko kargua sortu, eta Irune Alfonso Izagirrek hartu zuen ardura; halaber, Euskara edo Kirolean bezala, partaidetza mahaia eratzearen alde egin zuen udalak. Bertan eztabaidatu eta landuko dira, besteak beste, genero berdintasuna, indarkeria matxista, LGTBI+ kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko planaren garapena, emakumeon ahalduntzea, sentsibilizazioa...

Ordubetez, edo gehienez, ordu eta erdiz nahi duen orok izango du bilera irekian parte hartzeko aukera, nahiz eta gonbidapen zehatza egin dieten zenbait eragileri: Lurgatz eta Akain talde feministak, udal kale hezitzaileak, Zubimusu eta Erniobea ikastetxeetako hezkidetza arduradunak edota LGTBI+ kolektiboa. Haiekin batera, Beatriz Unzue alkateak, Irune Alfonsok eta taldea gidatuko duen Alazne Ayerbe Guridi gizarte zerbitzuetako teknikaria ere izango dira.

Urte hasieran martxan jarri dute, jakinda eragile nagusiak etorriko zirela. Otsailaren 7an elkartu zen lehenengoz, eta aurrerantzean, hilabeteko lehen asteazkenero bilduko da udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean. Esan bezala, mahaiak erabakitze ahalmen osoa du eta honako aurrekontua kudeatuko du: politika feminista, 30.000 euro; genero indarkeriaren aurkako ekintzak, 5.000 euro; Andragora emakumeen etxeko zerbitzuak, 22.335,23 euro; herriko zaintza sistemaren azterketa, 18.150 euro; eta emakume baserritarrak omentzeko eskultura, 6.000 euro.

Alfonsok eta Ayerbek azaldu dutenez, lehen bileran, aurrekontu proposamenarekin batera, aurtengo erronka nagusiak ere partekatu zituzten: zaintza sistemaren azterketa, herri dinamika feminista indartzea, herritarren sentsibilizazioan eta kontzientzian eragitea eta hezkidetza feminista garatzea herriko ikastetxeetan. Lehen bi puntuetan bakarrik sakontzeko beta izan zuten.

ZAINTZA EREDUA

Zaintzaren kasuan, herrian zaintza eredu publiko-komunitario-feminista bat eraikitzeko lehen pausoa eman nahi dituzte, hau da, egungo egoera sakonki ezagututa, zaintza eredu berri hori eraikitzen joateko egin beharrekoa definitzea. Martxoko bileran egin nahi den abiapuntu diagnosi motaren gainean hausnartzea eta lantzea erabaki zuten.

Herri dinamika feminista indartzeari dagokionean, berriz, Emakume Zientzialarien Egunean eta Martxoaren 8an aurrera eramateko proposamenak landu zituzten. «Bakoitzak bere aldetik egin beharrean, asmoak elkarbanatu eta bateratu nahi ditugu, gero bakoitzak bere ekintzak egin arren», zehaztu du Ayerbek. Halako egunei begira lantalde espezifikoak osatzea jaso dute araudian, hilabetean behin batzea nahikoa ez delako. Hauek ere irekiak izango dira.

Lehen bileran gogotsu ikusi zituzten partaideak eta proposamen ugari jaso. Ikuspegi desberdinek norberarena aberasten dutela uste du teknikariak, nahiz eta dinamikan ohitura falta nabaritu zuen. «Bitxia zen, guri begiratzen ziguten edo guri galdetu. Ez dugu guk erabaki behar, mahaiak erabaki behar du».

Bilera baino bost egun lehenago deialdi bat bidaliko dute gai zerrendarekin. Iradokizunak eta gaiak jasotzeko berdintasuna@villabona.eus abiarazi dute eta saioetan beti izango da ekarpenak egiteko tarte bat.



Irune Alfonso, Berdintasun zinegotzia: «Partaideek egin ditzaketen zenbait ekarpen bestela ez genituzke landuko»

 

Irune Alfonso Izagirre (Villabona, 1997) Akain talde feministako kide izateaz gain, Amasa-Villabonako Berdintasun zinegotzia ere bada iaztik. Parte hartze mahaiak izandako erantzunak poztu du, denen artean erabaki hobeak hartuko dituztela uste baitu.

Zergatik erabaki zenuten mahaia sortzea?

Politika feministak parte hartzaileak izan eta herritarrek erabakitzeko. Berdintasun gaiak hobeto eta serioago lantzeko. Lehen zinegotziak herritarrekin hitz eginda edo bere kabuz pentsatuta lantzen zituen gaiak; mahaiarekin herritar gehiagok parte hartzea eta bertan dena adostea nahi dugu.

Halako esparru baten beharra al zegoen?

Bere garaian mahaia sortzeko proposamen bat egin zen, ez dakit guk edo udalak, eta nahi zen. Taldeei gonbidapena egin diedanean oso ondo hartu dute.

Zertarako baliagarri izatea espero duzue?

Kaletik nator, talde feministetan egon naiz eta badakit zeintzuk gauden eta zer arlo lantzen diren; baina, egia da, herri gehiago badela: ikastetxeak, kale hezitzaileak... jende hori parte hartzera animatzea nahi genuen. Kale hezitzaileek kalean gaztetxoekin lan egiteaz gain, familietan ere badaude, orduan, gauza asko ikusten dituzte. Edo ikasleek hobeto dakite adin bakoitzean zer landu daitekeen, nola... guk ez dakigu. Eta, esan bezala, talde feminista bakoitzak bere bidetik ekar dezakeena.

Lehen bilera eginda, zein inpresio duzu?

Oso pozik atera nintzen. Ilusioa egin zidan ikusteak bi talde feministak berriro leku berean elkar gaitezkeela, eta ez gu bakarrik, baita beste arlo batzuetako jendea ere. Jendea gogotsu etorri zen, proposamenekin... Ikustea badagoela nahia eta indarra dagoela, ikustea mahaian jendeak parte hartzen zuela... Beraien iritziak ere jaso nituen eta oso pozik atera ziren.

Ikastetxeek ere parte hartzea nahi zenuen.

Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxeetan hezkidetza eta feminismoa lantzea; beren kabuz egiten dute, baina sakontzeko prestutasuna eta gogoa ikusi genuen. Oso pozik nago gaian murgilduko direlako. Heziketan dago oinarria, hezkuntzan.