Duela bi urte lan istripuz hil zen garabilariari omenaldia eginen dioten Baionan
Mohamed Kechoui garabi batekin lanean ari zela hil zen, 2022ko martxoaren 9an Baionako Santizpiritu auzoan. Bere heriotzaren bigarren urtemuga beteko den egunean omenaldia egingo dio auzoko talde batek, sindikatuen babesarekin.
Alsace-Lorraine etorbidearen lagunek ez dute erraz ahaztuko 2002ko martxoaren 9an gertatu zen istripua. Eraikin batean lanean zen garabia erori eta ondoko etxe baten kontra jo zuen.
Istripuaren ondorioz Mohamed Kechoui garabilaria hil zen. Gertakari larriaren ondoren kolektibo bat osatu zuten auzoan eta sindikatuek bat egin zuten, berehala, ekimen horrekin.
‘22 kai Bergeret’ kolektiboa hildakoaren oroimena errespetatzen dela bermatzeko helburuarekin eratu zuten.
Hala, CGT, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuekin batera, omenaldi bat egin zioten hildako langileari, iaz, istripu gertatu zen lekuan berean. Omenaldi xumea izan zen. Langilearen izena daraman plaka bat jarri zuten eta, minutu bateko isilunea gorde ondoren, «familiarekin adostutako hitzartze laburrak» egin zituzten.
Heriotzaren bigarren urtemuga markatzeko, omenaldi berri bat antolatu dute larunbat honetan.
Santizpiritu auzoan, istripua gertatu zen tokian bertan, larunbat honetan, martxoak 9, goizeko 11.00etan, arrosak uzteko hitzordua eman dute kolektiboko kideek.
«Jendeak berriz bere omenaldi bat egiteko eskatu digu, finean gizon bat hil da eta familia bat desegituratu da», azaldu du ekimenaren aurkezpenean Danielle Mesple kolektiboko kideak.
Langilearen emazteak, alargundu ondoren, bi haur hezi behar dituela –batek bi urte besterik ez ditu–, oroitarazi dute auzokoek, lan istripuaren ondorioak agerian jarriz.
Eraikuntza lanak, berri ere abian
Istripua gertatu zen eremuan berdegune bat eratzea proposatu zioten auzokoek Herriko Etxeari, baina proposamena deuseztatua izan ondoren, berriro ere eraikuntza lanak hasi dira.
Horren ondorioz, bertan hil zen langilea oroitzeko iaz ezarritako plaka lekualdatu izan behar dute kolektiboko lagunek. Liburutegiaren horman jarri dute.
Auzokoek hala eskatuta, obratik hurbil dagoen oinezkoentzako pasabidean, bederen, segurtasun neurriak gehitu ditu obra horiek egiten dituen Lapix enpresak.
Hala eta guztiz ere, sindikatuek agerian jarri dute eraikuntza sektoreari dagozkien arazoak ez direla zuzendu, lan ordutegi luzeak eta kontratuen prekaritatea hor direla beti oroitaraziz.
Adituen behin betiko txostena
Bestalde, ‘Bergeret kaiko 22’ bizilagunen kolektiboak lan istripua argitzeko adituek eginiko behin betiko txostena ukan duela jakitera eman du.
Auziaren instrukzioa sekretupean dagoenez, ezin dute xehetasun handirik eman txostenaren mamiari buruz.
Hala ere, «Lapix eraikuntza enpresaren ardura zuzena edo azpikontratazioaren bidezko ardura, obraren instalazio fase ezberdinetan» behatu dituztela adituek aurreratu dute kolektiboko lagunek.
Handik aurrera «erantzukizun katea zehaztea» epaileari dagokiola gaineratu du kolektiboak.