INFO

Herri akordioa zabaldu nahi du mugimendu feministak

Greba feminista orokorraren prestaketa Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lan ardatza izan da azken urtean; hura pasata, ordea, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokak aurrera jarraitzen du. Xedea erdiesteko bide luzea egiteke badute ere, herri akordioa zabaldu eta sakondu nahi dute.

Azaroaren 30eko greba orokor feministaren ardatz nagusia zaintza sistema publikoaren aldarrikapena izan zen. Argazkian, Iruñean egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Urte batzuk badira bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikapenaren alde egiten ari dela Euskal Herriko Mugimendu Feminista (EHMF), eta asmo horren barruan, zaintzaren adarrari lotuta. Iazko azaroaren 30eko greba orokor feminista mugarri garrantzitsua izan zen, eta urtarrilaren 28an Gasteizen egindako Asanblada Feminista Nazionalean adostu zuten martxoaren 8a ere problematika lantzen jarraitzeko beste egun bat izatea.

Horrekin batera, hala ere, sistema heteropatriarkalaren beste aurpegi batzuk ere aintzat hartuko dituzte: Palestina, bizitzaren garestitzea, indarkeria... «Ulertzen dugu mugimendu feminista prozesu batean badabilela azken urteetan eta ezin duela saihestu prozesu horri aipamena egitea», zehaztu du Ainhoa Olaso kideak.

Azaroaren 30ak eta martxan den prozesuak berak aldaketa bat ekarri duela uste dute. «Kristoren aukera izan da», batetik, kide feministak politizatzeko, «prozesu oso politikoa da formakuntza aldetik eta sistema ulertzeari begira». Eta bestetik, aldarrikapen zehatz eta, era berean, zabalak egiteko. «Begirada zabaldu du bai zaintza ulertzeko moduan bai zaintza erregimena edo euskal gobernuetatik aurrera daramatzaten politikak irakurri eta aztertzeari begira».

Aktibaziorako ere baliagarria izan dela dio Olasok, pandemia ondoren desartikulazio bat nabaritu baitzuten. «Borrokak eta nekeak beste modu batera bizi genituen», eta prozesu honek motibazioa ekarri du: «Anbizioa, helburu konkretuak eta argitasuna... apustu batzuk egiteko gogoa». Era berean, saretzerako abagune garrantzitsua ere izaten ari da, «inoiz baino aliantza estuagoak eman dira etxeko langileekin, zaintza sektorekoekin, baita sindikatuekin ere».

Zentzu horretan, greba orokor feminista «inflexio puntua» izan da, mahai gaineratu baitute zaintza eskubide kolektiboa eta bide horretan proposamen zehatza den zaintza sistema publikoa. Hura erdiesteko emergentziazko neurriak zeintzuk diren definitzeko garrantzitsua izan da beste gizarte eragile batzuekin batera osatu duten herri akordioa. «Potentzial handia» du eta errealitate bihurtzeko hainbat sektoretatik akordioan sakontzea sustatuko dute «adostasunak eta lehentasunak» zehaztuz.

Kideak gogoratu du urtebete baino gehiago daramatela sindikatuekin lanean eta estrategia komunak lantzen, gerora egingo dutena «bakoitzaren praktiketan edo batera lan egiteko espazioetan» adostu nahian. Hego Euskal Herriko etxeko langileak, berriz, «inoiz baino saretuago daude» eta haiekin ere estrategia komunak josteko saiakera egingo dute, baita zaintzaileen kolektiboekin sinergiak sendotzekoa.

ESTRATEGIA BATERATUAK

Urtarrileko Asanblada Nazional Feministan 300 bat emakumek parte hartu zuten eta ondorioztatu zuten, zaintza sistema publiko eta komunitariora bidean, zaintzarako eskubide kolektiboa bermatzeko estrategia komunak bultzatu behar dituztela arazo hori agendaren erdigunean jartzeko. Horretarako, herri akordioan sakondu eta estrategia amankomunak sortzen jarraitzearen alde egin zuten, eta horretan ari dira asanblada feministetan antolatuta.

Halaber, beste sektore batzuekin elkartu nahian ere badabiltza, tartean, erresidentzietako senideak, euren artean artikulatzen ari diren berdintasun teknikariak, pentsionistak... Olasok azaldu duenez, identifikatuta dituzte sektore edo agente batzuk zaintzarekin harreman estua dutenak eta «apustuak indar metaketatik egiteko asmoz», haiekin elkarlana lortzen ahaleginduko dira. «Saiakeran gabiltza planteatzeko: Herri akordioa daukagu eta zaintza sistema publikoaren aldeko prozesu bat martxan dugu, zuen agendetan zelan kabitzen da? Zer adostasun topatu ahal dugu gai bakoitzean?».

INSTITUZIOEN ERANTZUNA

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren biharamunean, EHMFk alderdiei eta erakundeei dei egin zien gaia jorratzeko erakunde arteko mahai bat sortzeko; baina ez zuten erantzunik jaso. Azken urteotako borrokak zerbait aldatu duen galdetuta, erakundeen aldetik beren aldarrikapenekiko «erreakzio bat» ikusi dute. Testuinguru horretan kokatzen du kideak «ustezko zaintza itunari buruz» Eusko Jaurlaritzak azaroan Tabakaleran egindako Zainketen Buruzko Kongresua.

Momentuz, hitzak irakurri dituzte, guk darabilgun hiztegia, baina edukietan ez dugu aldaketarik ikusten; are gehiago, kontrakoa: ez dago publifikazioaren aldeko aldarrikapenik, ez da zaintza langileen lan baldintzez hitz egiten, lurraldeen arteko desorekaz... Ez dugu ezer aldatzeko intentziorik ikusten erakundeen aldetik.

Erakundeek ez diete beren eskakizunei erantzun, eta salatu dutenez, zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustuari eutsi diote. Argi utzi dute hori ez dela Euskal Herriak behar duen eredua. «Pribatizazioaren aurkako eta bizitza prekarioekin amaitzeko» neurriak hartzea eskatu dituzte baita zainketen gaineko akordio bat lehenestea ere. Otsailean Bilbon egindako agerraldian, apirilean aurrera eramango diren Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak gertu direla-eta, erantzukizuna hartzeko eskatu zieten politikariei eta beraien eredua zein den galdetu zieten: «Bizitzaren edo onuraren alde?».