INFO

«Herri harrotasuna» adierazi eta «ikurren uholdea» sortuko du Gure Eskuk Korrikan

«Herri harro bat» irudikatu nahi du Korrikaren 23. edizioak, eta Gure Eskuk ere helburu horretan bere ahalegina jarriko du, egunero «gure ikurrak zabalduz eta Euskal Herria harrotasunetik erakutsiz».

Korrikan ikurrinak eta nafar banderak eramateko deia egin du Gure Eskuk. (GURE ESKU)

Gure Esku buru-belarri murgilduko da Korrikak irauten dituen 10 egunetan «Euskal Herria harrotasunetik erakusteko», 23. edizioaren leloarekin bat eginez.

Horretarako, hainbat tokitan lekukoa eramateaz gain, ekimen desberdinak prestatu ditu. Hala, lasterketak irauten dituen hamar egunetan «ikurren uholdea» iragarri dute.  «Herri bat, zazpi lurraldez osatutako nazio bat aldarrikatuko dugu, gure hizkuntza beharrezkoa duen Euskal Herria», azaldu dute.

Lekukoa Tuteran, Trebiñun, Zallan, Tolosan eta Baionan eramango dute Gure Eskuren ordezkariek; Josu Etxaburu bozeramaileak Trebiñun eta azken egunean Lapurdiko hiriburuan eramango du. 

Irunen eta Baionan «ikurren tunelak» sortu nahi dituzte, eta horretarako izen ematea bat ireki dute, eraman beharreko materiala aldez aurretik jakiteko: https://izenaeman.gureesku.eus/eu/8. Bertan, Tourrean egin bezala, ikurrina eta nafar banderekin egingo diote ongietorria Korrikari. Irunen Santiago zubian, eta Baionan Mayou zubian.

Horretaz gain, egunero ikurrina eta bandera nafar erraldoiak zabalduko ditu Korrika igaroko den toki ezberdinetan.

Gure Eskuk dei egin die herritarrei «ikurrina zein nafar banderak eskuratzera eta ikur uholdea sortzera».

«Bete ditzagun errepide ertzak, egin dezagun korri gure ikurrekin esku, gerri zein lepoetan eta erakutsi dezagun herri bat garela», animatu du.