Korrika badator, konplexuak gainetik kendu eta euskaraz harro egoteko
2.700 kilometro, gau eta egun, gelditu gabe; 200 herri baino gehiago; ehunka antolatzaile; adin eta mota guztietako milaka parte hartzaile… Horiek dira euskararen alde AEK-k antolatzen duen ekitaldi erraldoiaren kopuru nagusiak, baina horrekin batera ezin ahaztu Korrikak sortzen duen emozioa.
Azkenenan, iritsi da Korrikaren beste edizio bat, hogeitahirugarrena. Aurten, euskararen aldeko lasterketak herri baten aldarrikapen alai eta irmoa izan nahi du. Horregatik, «Harro herri» goiburua aukeratu dute antolatzaileek, hain zuzen ere, «komunitate euskaldunak euskararekiko sentitzen duen harrotasuna» erakusteko. Martxoaren 14an, arratsaldeko 16.00etan, abiatuko da Irundik eta hamar egun geroago, hilaren 24an, amaituko da Baionan, Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera gurutzatu ondoren.
Lehen edizioa 1980an izan zen, eta orduan ere Euskal Herria osoa zeharkatu zuen, Oñatitik Bilbora. Harrez geroztik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsu eta garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Ordudanik, 44 urte eta 22 Korrika igaro dira, bi urtean behin antolatzen baita. Pandemiaren eraginez, 2021ean ezin izan zen antolatu eta urtebete atzeratu behar izan zen.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, Korrika hasi eta amaitu arte lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramango dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek helmugara iristean irakurriko duen mezua gordeko da.
Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe. Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, ekimen honen antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hilabete batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere pertsona edo talde bat omenduko dute. Oraingoan, Azterketak Euskaraz taldea izango da, frantziar Estatuko «hizkuntza lege murriztaileei aurre eginez» Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duten gazteek osatua.
Aitortza hori haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izatea nahi dute antolatzaileek. «Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezatela gazte horiek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori gure hizkuntzan burutu. Gainerako gazteentzat ere eredugarri izan daiteke ikustea egoera okerrenetan ere hainbat ikaslek ahalegina egiten dutela euskara hautatzeko».
APP HOBETUA
Aurtengo Korrikaren berrikuntza nagusia da app hobetu bat sortu dutela ibilbide osoa kontsultatzeko. Aplikazio hau aurreko edizioarekin alderatuta guztiz eguneratua jartzen du parte-hartzaileen eta jarraitzaileen eskura, atal berriekin, hala nola laguntzaile txartel birtualarekin. Gainera, Korrikako kolaboratzaileen artean astero egiten diren zozketak agertzen dira bertan, baita zozketa bakoitzaren irabazleak ere.
Aplikazio honen bidez, posible da ibilbidea kontsultatzea, eta, behin Korrika hasita, bertatik bertara jarraitzeko aukera egongo da: furgonetaren geolokalizazioari esker, aplikazioaren erabiltzaileek uneoro egiaztatu ahal izango dute lasterketa nondik doan. Aplikazioa eskuragarri dago bai IOS sistema eragilerako bai Androiderako, eta lasterketan gerta daitekeen edozein gorabeheraren berri emango du.
HARRO EGOTEKO UNEA
Korrikako koordinatzaile nagusi den Ane Elordiren hitzetan, egungo egoera aldakorrean harro egoteko unea da. «Bidegurutze honetan, euskaraz bizi nahi dugula oihukatzeko ordua da. Euskara aurrera aterako bada, gizartearen erabakitasunagatik izango da; eta Korrikak aukera paregabea ematen digu herria aktibatzeko eta errebindikazio sendo bat egiteko, erakundeei urrats gehiago eman ditzaten exijitzeko, herriaren gogoari erantzunez».
Horrekin batera, Korrikak elkartu egiten gaituela nabarmendu du Elordik, «komunitate baten parte sentiarazten gaitu, ingurua mugitzen du eta jende gehiago hurbiltzen du euskarara. Euskarak Korrika mugitzen du, eta Korrikak gizartea mugiaraziko du».
Izan ere, Korrikaren koordinatzaileak Jon Zabala Arando ikerlariak egindako lanaren ondorioak eman ditu ezaguztera. Prentsan eragin handia izan duen ikerketak zientifikoki erakutsi du Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte-ongizatean eta pertsonen ahalduntze kolektiboan.
«Kidetasun-sentimendua oinarrizko premia psikologiko garrantzitsua da gure osasunerako; Korrikako parte-hartzaileek diote ‘garrantzitsuago sentitzen direla’. Korrika, zalantzarik gabe, elkartasun sentimenduak sortzen dituen emozio positiboen eztanda izugarria da. Jende askorentzat deskribaezina. Astindu partekatu bat, erraietan biziki sentitzen dena», azaldu du Ane Elordik.
Afari baten bueltan sortutako ideia
Korrika, gaur ezagutzen dugun bezala, 1980an sortu zen, euskaltzale talde batek Algortako etxe batean egin zuten afari baten bueltan. Bertan ziren, besteak beste, gau-eskoletako, konpartsetako, publizitate arloko eta, nola ez, AEK-ko kideak.
Afari hura EHUko irakasle eta publizista Alvaro Gurrearen etxean egin zen eta asmoa euskararen aldeko kanpaina berritzaile bat antolatzea zen. Berarekin batera zeuden Urtsa Errazti, Natxo de Felipe, Joseba Campo eta Josepe Zuazo.
Algortako bilera hartan bildutakoek argi zuten zerbait haundia egin behar zela, ordura arte egin ez zen zerbait. Izan ere, lehenago Ibilaldiaren bi edizio ospatu ziren, baita San Mamesko Bai Euskarari jaialdia ere. Horregatik, jende guztia toki batera joan beharrean, jaia Euskal Herrian barrena joatera pentsatu zuten.
Afari hartan bildutakoak bat datoz esaterakoan ideia ez ezik izena bera ere (Korrika) Josepe Zuazori bururatu zitzaiola. Zuazo Erromoko gau-eskolako irakaslea zen, konpartsakidea eta publizitate munduari lotuta zegoen. Bere eskuekin zirriborro bat ere prestatu zuen ideia egingarria zela frogatzeko. Esan eta egin. Urte hartako azaroaren 29an Oñatitik irten zen Korrikaren lehen edizioa eta, lekukoek diotenez, Zuazok berak lan handia egin zuen ez bakarrik antolaketa lanetan, baita lekukoa eramaten ere.
Afari hartan parte hartu zuten guztiek, hala ere, argi utzi nahi izan dute beti Korrika bezalako antolakuntza haundi bat ez dela afari baten bueltan prestatzen. Afariarena bitxikeria bat besterik ez zen izan, horren atzean seriotasunez eginiko lan handia egon baitzen.
Zalantzarik ez dagoena da ideiak sekulako arrakasta izan zuela eta gaur, 23 edizio eta 46.000 kilometro geroago, bizirik eta indartsu jarraitzen duela.