Korrikak ez du mugarik, euskarak ere ez duelako; elurpean eta eguzkipean, egunez eta gauez...
Euskara Euskal Herri osora zabaltzea du helburu Korrikak; euskarak ez du mugarik, eta guztia izan daiteke zubi. Kilometro berezi asko bizi ohi ditu lekukoak, baina momentu seinalatua izan ohi da Santiago Zubia gurutzatzen duenekoa, sinbolikoki bada ere, mugak desagertzen direnekoa.
Ostegun arratsalde honetan abiatuko da Korrika Irundik, eta hamaika egunez Euskal Herri osoa zeharkatuko du; lehenengo kilometroek zirrara piztu ohi dute, baita hurrengo ia hiru mila kilometroek ere. Une gogoangarri asko utzi ohi ditu, eta Korrika, mugak inoiz aipatu ez baditu ere, zubigile da bere sorreratik.
36. kilometroa berezia izango da ostegun arratsalde honetan ere, zubi bat zeharkatuko du; hain justu, Santiago Zubia gurutzatuko du arratsaldeko 17.20 inguruan, Irundik Hendaia aldera. Hendaiako gaztetxeak, Mintzaian elkarteak eta Hendaia koopek eramango dute lekukoa.
Zubiak eraikitzeko modu asko daude; AEKren sorreratik, euskara lau haizeetara zabaltzea izan da horretarako tresna nagusia. Santiago Zubia leku sinbolikoa izan da aspalditik euskal herritarrentzat, eta Korrikak ere bere aldaera gehienetan ezagutu izan du: egunez, eguzkiaren epelean, erdi hutsik, gauez, euritan, beteta...
2017an, Gipuzkoan barrena zebilen Korrika, Hendaian sartu-irtena egin zuenean. Kilometro partekatuan, ‘BATZUK handi bat eraiki dezagun’ leloari jarraituz egin zuten kilometroa elkarrekin hainbat erakundetako ordezkariek eta euskalgintzako eragileek.
Zubiak eraiki eta mugak deuseztatzeko, euskaltzale askoren lan kontzientea dago, ordea. Zazpigarren edizioan jarri zuen ipar Euskal Herria helmugatzat lehenbizikoz Korrikak, eta horrek ere badu zer esana. 1991n Gasteiztik abiatu zen eta Baiona izan zuen helmuga, berezia izan zen ipar euskal herritarrentzat, eta Itxaro Bordak mimoz idatzitako mezua eraman zuen barruan.
Lurraldearekin lotutako muga gehiagorekin ere egin du topo Korrikak urteetan zehar, eta guztiak gainditzea lortu du. Bigarren Korrikan, 1982an, Iruñean zen hastekoa, baina Nafarroako Gobernadore Zibilak ez zion Korrikari Nafarroan sartzeko baimenik eman. Azkenean, lortu zuten adostasunera iristea.
Lehenengo Korrikan, Izpegin, muga itxita zegoen elurraren ondorioz; lasterketa izan zen egun horretan zeharkatu zuen bakarra
Lehenengo Korrikan, Izpegin, Guardia Zibila ikusterakoan ere izan zuten ezustekoa. Korrika bertara iristerakoan, ordea, poliziek nahi bazuten pasatzeko esan zieten, baina elurragatik itxita zegoela. Ez zekiten zer egin, baina ezbai horretan zeudela ikusi zuten Nafarroako AEK-ko arduraduna elurra kentzeko makinekin jaisten. Elurra kendu zuten eta Korrikak pasatzea lortu zuen, egun hartan Korrika izan zen muga hori zeharkatu zuen bakarra.
Akaso bitxiagoa suerta liteke, baina begiak zabaltzeko ere lagungarria izan daiteke: esate baterako, 2011n, Trebiñun hasi zen Korrika; administratiboki Burgos den arren, euskararen herria marrazte aldera, bertan hastea erabaki zuten, eta ez zuten arazo nabarmenik izan.