INFO

Euroligan etxeko lanak egitea ondo dago, baina ACB Ligakoak ezin ditu ahaztu Saski Baskoniak

Garaipen erraza lortu behar lukete gasteiztarrek Granadaren aurka etxean larunbatean 18.00etatik aurrera. Nolanahi andaluziarrek joan zen astebutuan Bilbao Basketi irabazi zioten eta itxura ona ematen ari dira. Hori bai, Will Barton Granadaren fitxaketa berriak ez du jokatuko.

Markus Howard inspiratuta aritu da azken neurketetan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ostegunean Armani Milanoren aurka Euroligako betebeharrak bikain bete zituen Saski Baskoniak, baina lehiaketak ez du atseden hartzen eta zapatu arratsaldeko 18.00ak gainean dira. Coviran Granada taldea etorriko da Zurbaora bisitari, eta egiari zor, ACB Ligan etxeko lanak egiteko aurkari aproposagorik aurkitzea ez da erraza. Hasteko eta bat, Pablo Pinek zuzentzen duen taldea sailkapeneko hamabosgarrena de 7-17 balantzearekin, eta bestetik, ez da ahaztu behar gasteiztarrak uneotan ACB Ligako play-offetara postuetatik kanpo daudela. Bederatzigarrenak dira Dusko Ivanovicenak, 13-11 balantzearekin.

Gogoan izan behar da ACB Liga sortu zenetik hona, 1983/84 denboraldian, Saski Baskoniak beti jokatu dituela liga txapelketa irabazteko kanporaketak eta hargatik, sekulazko deskalabrua litzateke arabarrentzat gutxienez ACB Ligako Top 8 horretan ez sailkatzea. Ondorioz, Granadaren kontra ezin du hutsik egin talde arabarrak.

Hiru asteko etenaldiaren ostean asko kosta zitzaion Baskoniari bere maila hartzea, baina pasa den igandean Bartzelonaren aurka lorturiko garaipenak gasteiztarrak berriz ere martxan jarri zirela erakutsi zuen. Orduko hartan Dusko Ivanovicen hitzetan, «38 minutu eta erdi oso onak egin ditugu, baina aurreneko minutu eta erdia ez zait gustatu», eta lau egun beranduago, Armani Milano taldearen aurka, maila pixka bat hobea ematea lortu zuten. «Partida bete-betekoa egin dugu. Defentsan lan bikaina egin dugu Milanoko barruko jokalarien gainean eta erasoan, berriz, pazientzia handiz jokatu dugu jaurtiketarik egokiena bilatu arte», adierazi zuen partida ostean Dusko Ivanovic berak.

Beti ere, gainera, jokalariren baten falta nozitu arren. Tripetatik jota, Chima Monekek ez zuen Barçaren aurka jokatu eta ostegunean, berriz, Nikos Rogkavopoulos falta izan zitzaion Ivanovici, birus batek jota, antza denez. Ez zien kalterik eragin baja horiek azken bi neurketetan eta, bada, deskuidu baten Rogkavopoulos ez balego Granadaren aurka jokatzeko moduan, inor gutxi larrituko litzateke hori dela-eta.

Errespetuaz harago

Jardunaldi egokia dirudi honako honek gasteiztarrek Top 8arekiko duen partida bateko desabantaila berdindu dezaten, baina noski, Granadak ere izango du esatekorik. Esan bezala, zazpi garaipen pilatu ditu orain arte talde andaluziarrak, azken-aurreko postuan doan Breoganek baino bat gehiago eta azkena doan Palentziak baino bi garaipen gehiagorekin. Alegia, Pablo Ponen taldeak baduela zertaz kezkaturik maila mantentzeko borrokan. Bada, behar gorria baino akuilu hoberik ez dagoelako, gutxieneko errespetua zor zaio Granadari.

Ez errespetua bakarrik, jokatzen badakitela garbi baitago. Esan bezala, pasa den asteburuan Surne Bilbao Basketi irabazi zioten eta Elias Valtonen zein Jacob Wiley fitxatu ostean, gaitasun fisiko askoz handiagoa dauka orain. Ezingo du, bestalde Will Barton beteranoak jokatu. Astelehenetik aurrera hasiko da Granadaren azken fitxaketa bere taldekide berriekin lanean, baina NBAn 12 denboraldi eman eta ia 700 partida jokatu dituenak badaki saskibaloian jokatzen. Baskoniaren zorionerako, Will Barton geratzen ez du buruko minik izango.

Gogoan izan behar da Granada taldea berria dela. Hau da, XXI. mendearen hasieran ACB Ligan aritu zen Granada hura –Ordin, Gianella, Joe Ingles, Pablo Aguilar, Richard Hendrix, Curtis Borchardt eta abar izan zituen hura– diru arazoek jota desagertu egin zela eta beste klub bat eratu behar izan dela ACB Ligara bidean. Ondorioz, Saski Baskonia eta Granadak elkarren aurka hiru partida baino ez dituzte jokatu eta, espero bezala, hiruretan gasteiztarrak nagusitu dira. Iaz Zurbaon 105-81 nagusitu ziren Joan Peñarroya eta bere mutilak. Partida hartan Peñarroyak atseden eman zion Markus Howardi. Bartzelona eta Armani Milanoren aurka erakutsitako fintasun berberaz jarraitzen badu saskiari begira, nahikoa lan izango behar dute andaluziarrek bera geratzen. Granadak, berriz, Kwan Cheatham dauka hiruko jaurtiketetan espezialista.

Neurketa hartan bertan, bestalde, Dani Diezek eta Lluis Costak tirabira txiki bat izan zuten neurketaren amaieran eta biak egotzi zituzten epaileek. Ikusi egin behar zapatu arratsaldean zer-nola konpontzen diren Madrilgo hegalekoa eta Bartzelonako antolatzailea.

Ez da ahaztu behar printzipioz askoz partida zailagoak egokituko zaizkiola Baskoniari hurrengo asteetan. Beraz, hobe du larunbateko aukera baliatzea.