INFO

Eserialdia egin dute Tolosan, Xuharrekin elkartasunez eta «indarkeria polizialaz nazkatuta»

Ehunka lagunek eserialdia egin dute Tolosan, duela 34 egun Xuhar Villabonako gaztea Ertzaintzak pilotakada batez zauritu zuen Soldadu kalean. «Egia lokazteko» saiakera salatu du Xuhar Herri Plataformak eta «indarkeria polizialaz nazkatuta daudela» adierazi dute parte-hartzaileek.

Xuhar herri plataformak deituta Ertzaintzak foamez egindako oldarraldia salatzeko eserialdia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Igandetik astelehenerako gauean bost aste beteko dira Tolosako ihauterietan Xuhar Pazos gaztea Ertzaintzak zauritu zuenetik. Geroztik Segurtasun Sailak egia desitxuratzeko ahalegina egin duela, beste zenbait tokitan antzerako erasoak gertatu direla eta oro har «inpunitatearen apologia» garatzen ari dela salatzeko eserialdia egin dute ehunka lagunek Soldadu kalean bertan, Xuhar Herri Plataformak deituta.

«Kale honetan istilu larri batzuk disolbatzeko aitzakiapean, ustez bertan zegoen jendearen segurtasuna bermatu asmoz, sartu zen Ertzaintza kalean. Ertzaintzaren esanetan, bertan zeuden gazteak botilak botatzen hasi eta ertzainen segurtasuna arriskuan zegoela eta, foam jaurtigaiekin kargatzea izan zen ertzainen erantzuna –ekarri dute gogora–. Botilak, eskudo, kasko eta eskopeten aurka. Hori da proportzionaltasuna? Gutxi ez, eta jaurtitako foam jaurtigaietako batek 16 urteko gazte bati kalte larri atzeraezinak eragin zizkion begian. Hori da protokoloa betetzea?»

«Egia bertsio lokaztu eta sinestezinetan ezkutatu nahi izan badute ere, guk ez dugu sinesten! Horregatik bildu gara gaur hemen, eta horregatik eseri gara lurrean. Biolentzia polizialari planto egiteko. Inpunitatearen apologia egiten duen Erkorekari nahikoa dela esateko. Baina nekatuta gaudelako ere bai, azken hilabetean kale honetan hasi eta biolentzia kate bat osatu duten Bilbo, Gasteiz eta Donostiako esku-hartze desproportzionatuez nekatuta. Indarkeria polizialaz nekatuta. Gure segurtasuna bermatu behar dutenak zarete eta ez gu ospitalera bidaliko gaituztenak».

Arkada Sozial taldeak zenbait kantuz alaitutako ekimenean zera erantsi du plataformak: «Nekatuta gaude, baina amorrutik indarra atera dugu. Eseri ondoren altxa egingo gara. Altxatu guztiok! Nekatuta bagaude ere, eta bidea luzea izango bada ere, zuen astakeriei erantzun bat emateko prest gaude, aurrean zutik izango gaituzue. Arkada Sozialek abesti batean dio ‘malkoak begitan ere irria eskeintzen daki’, malkotik gatoz, baina irrira goaz». Talde horren ‘Ukabilak gora’ abestu dute Xuharrekin elkartasunez.

Xuhar Herri Plataformak 16 urteko gaztea eta bere senideen ondoan egoteko konpromisoa berretsi du ekitaldiaren bukaeran, «eta indarkeria polizialaren aurrean» gaur bezala planto egitekoa ere bai.