INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Iruñea harrotasunez leherrarazi du Korrikak

Gogoz hartu du Iruñeak gaur Korrika. Gogor jo du eguzkiak bezala, eguerdian ekialdetik sartu eta arratsaldean mendebaldetik utzi du lekukoak Hego Euskal Herrian zapaldu duen lehenengo hiriburua. Iruñerriko auzo eta herrietan itzulinguruka ibili eta gero, Erriberaren txanda izango da bihar.


«Batzuek yoga egiten dute, nik euskarari ematen diot. Izena eman nuen duela 20 urte, utzi nuen, eta duela zortzi berriz hasi nintzen. Euskara ikasi nahi dut, hitz egin nahi dut». Rakel Beroiz Bergara agoiztarraren hitzak dira, Korrikako furgonetatik jaitsi berri. Makina bat ediziotan parte hartu du aurretik AEK-ko ikasle honek, baina atzo lehen aldiz ibili zen esatari lanetan. Harro? «AEKrekin beti harro».

Urrotzen jaitsi eta Agoitzera itzuli da Beroiz, bertako euskararen eguna ospatzera. Korrikak, ordea, Iruñerako bideari jarraitu dio, gaua Pirinioetan barna igaro ostean. Hego Euskal Herriko lehenengo hiriburuaren txanda da gaurkoa. Larunbat eguzkitsu batek lagundu du bestela ere festa handia izateko tankera guztia zeukan eguna. EAEko lagun asko sumatu ahal izan diran Alde Zaharreko kaleetan goizeko lehen orduetatik, Korrika bere asteburu nafarrean laguntzeko asmoarekin.

Ekialdetik sartu da Iruñera lekukoa. Mendillorri auzoa uztean, nafar Gobernuko Geroa Baiko ordezkariek hartu dute lehen lerroa. Metro batzuk aurrerago, ordea, osasunzaleena izan da protagonismo guztia. Real Madrilen aurkako partida hasi baino ordu erdi lehenago baino ez da pasatu Korrika Sadar azpitik, eta gunea jendez lepo zegoen ordurako. Zaleek jarri diote kolorea kilometroari, Patxi Puñal kapitain ohiak eta Maite Valero eta Josune Urdaniz jokalariek lekukoa hartzen zuten bitartean.

Mezu bat Nafarroako Parlamentuarentzat

Arrosadia, Azpilagaña eta Iturrama atzean utzita, Iruñe erdialdera iritsi da uholdea. Zoriak Euskal Herrian Euskaraz-i eman zion lekukoa Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderi pasatu beharra. Lekukoarekin batera mezu bat eman diote, Gorteetan irakurtzeko eskaerarekin batera.

Sugoi Etxarri EHEko bozeramaileak azaldu du gero keinu horren helburua: «Korrika historikoki aldarrikapenak egiteko plaza on bat dela aprobetxatu dugu, eta eskatu diegu basquewashing-a alde batera uzteko. Euskararen aldeko mugimendura etorri nahi badute, euskararen aldeko politika errealak egin ditzatela egunerokoan. Hori, Nafarroa Garaian, ofizialtasuna lurralde guztian aitortzetik hasten da». Hualdek kartel artean egin ditu Sarasate pasealekuko metroak.

Eta udaletxe plazan, martxoko txupinazoa

Peña federazioaren eskutik sartu da Alde Zaharrean korrika, tarteka aurrera egin ezinik, jende pilaketengatik. Udaletxe plazan iritsi da eguneko irudietako bat, Rakel Arjol Peñetako presidenteak lekukoa Joseba Asiron alkateari ematean. Plaza osoa hartu du irribarre batekin, eta ikurrina eta mezu ezkutua zerura eramanda, Santo Domingoko bidea hartu du, munduak jakin dezan, Iruñeak alkate euskalduna daukala berriz.

«Hau bai, benetako txupinazoa», bota du esatariak furgonetatik, plaza jendez lepo ikusita. Bazen sanfermin girorik Iruñean eguerdian.

Alde Zaharrean itzulinguruka ibili eta gero, tartean Arrano elkartearen 40 urteak ospatuz, Korrika Zabalgunera igaro da, Belosoko aldapako bidean Burlata eta Atarrabia bisitatzeko asmoz. Lehenengoan beste elkarte baten lau hamarkadak omendu dituzte, hain zuzen, Axularrenak, eta bigarrenean «Gurea defendatu» zioen pankarta handi batek jarraitu dio martxari, auzitegiek debekatu berri duten herriko frontoiko Euskal Herriko armarriaren irudiekin batera.

Atarrabiatik Iruñera salto egin du berriz Korrikak; hobeto esanda, Txantreara. Jendez gainezka zegoen ibilbidea, eta korrikalari askok espaloiak hartu behar izan zituzten, lekukoak ez baitzion inori itxoiten. Agoitz inguruan mantsotu eta hiriburura 40 minutuko atzerapenarekin iritsi da, baina Barañainera 10 minutuko aurrerapenarekin. Iruñea, euskalduna, eta azkarra.

Lekukoa, Erriberara

Gaua Nafarroako erdialdean eman eta gero, Erriberara iritsiko da bihar Korrika. Tutera eguerdia igarota zapalduko du lehen aldiz, Cascantera bideratu aurretik. Hortik berriz iparrera hartuko du, Tutera beste behin zeharkatuz eta Milagro, Azagra eta Lodosa elkartzen dituen errepidetik Lizarraraino iritsiz. Gauez utziko du Korrikak Nafarroa, eta Araban barneratuko da.