Korrika 23, munduko bost kontinentetan, eta bederatzi «ahizpa» dituela
Larunbat honetan Zangotza, Agoitz, Iruñea eta Gares zapalduko ditu Korrikak, baina baita Kuba, Berlin edota Bartzelona ere. Geroz eta indar handiagoa hartzen ari da 11.edizioan abiatu zen Korrika Munduan ekimenak. Eta ez da aurtengo kontua...
Larunbat honetan Iruñera iritsiko da Korrika, baina baita Bartzelonara edota Berlinera ere. Izan ere, Euskal Herritik at dauden euskaldunak elkartzeko ekimena ere bada Korrika. Bruselan aurreko larunbatean jada egin zuen, giro itzela lortuz.
11.edizioan abiatu zen Korrika munduan, 20.Korrika munduan zehar ibili zen eta irudietan jaso zuen NAIZek; eta 22. Korrikak lau kontinenete eta 45 hiri zeharkatu zituen. Aurtengoan bost kontinenteak ukituko ditu: Afrika, Amerika, Asia, Europa eta Ozeania.
Hizkuntza gutxituetan komunitatea biltzeak berebiziko garrantzia du AEKren ustez: «Hizkuntza gutxituek gero eta erronka handiagoa dute hiztunak zein hitz egiteko espazioak eskuratzeko edo orain artekoei eusteko; horregatik, ezinbestekoa da komunitatearen pertenentzia —identitatea— hizkuntzarekin izaniko gozamenezko bizi-esperientziei lotzea».
Bilgune hori izateko baliatu nahi dute Korrika, euskal komunitatearen «emozio-leherketa, herri-aldarri alai eta tinkoa; batzuentzat ahalduntze-bidea, askorentzat euskarara hurbiltzeko era. Hizkuntza gutxituek ere prestigioa badutelako, harro herri».
Korrika ahizpak
Korrikaren oinarri hartuta, munduan zehar dauden hizkuntza gutxituek antzeko ekimenak jarri dituzte martxan, «Korrika ahizpak» izendatu ditu AEKk, bederatzi dira orotara.
‘Ar Regardeg’ du izena bretoiaren aldekoak, 2008an egin zen lehen aldiz eta aurtengo edizioa maiatzaren 17tik 25era izango da. Katalanaren alde ‘Correllengua’ egiten dute, 1993an sortu zuten Mallorkan, eta lau zutabetan egindako lasterketa herrikoi multzo batean datza. Galizieraren alde 2000.urtean egin zuten lehen ‘Correligua’, eta 2024ko edizioa prestatzen ari dira.
2024ko apirilaren 30tik maiatzaren 5era egingo dute korrika okzitanieraren alde ‘La Passem’ ekimenean. Galesaren aldeko ekimenak ‘Ras yr laith’ du izena, eta azken edizioa 2023ko ekainean ospatu zuten. Irlandar irla osotik igarotzen den lasterketa da ‘Rith’, Korrikaren formatu bera du.
Alsazieraren alde ‘Sprochrenner’ ekimea egiten da, 2020an egin zen lasterketaren lehen edizioa. Mapucheen mapuzugun hizkuntzaren aldeko lasterketak ‘Lefkantun’ izena du, eta 2016an jaio zen mapuzugun hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. 2023ko urriaren 1ean egin zen Korsikaren aldeko ‘Corrilinguaren’ azken edizioa.
Euskal Herria eredu gisa hartzen dute ekimen hauek eta Euskal Herriarekiko harremana lantzen dute zenbaitetan. Esaterako, iaz Ahurtitik sartu zen gure herrian La Passem okzitaniaren aldeko lasterketa. AEKk, EH Bilduko hautetsiek edota Euskal Elkargoak eraman zuten lekukoa, ekimen honi sostengua emanez.