Energia berriztagarrien industriako makroproiektuen aurka elkarretaratzea deitu dute
Euskal Herria Bizirik sareak kontzentrazio zaratatsua deitu du datorren asteazkenerako, martxoak 20, 10.00etan Barakaldoko BECen Europako industria eolikoaren Wind Europe kongresuaren aurrean, energia berriztagarrien makroproiektuak gelditzearen alde.
Euskal Herria Bizirik sarea martxoaren 20an Barakaldon ospatuko den Wind Europe Annual Event jardunaldian mobilizatu egingo da, kontzentrazio zaratatsu batekin. Proiektu mota hauek instalatu ahal izateko baimenak etetea eta «natur baliabideen suntsipen sistematikoa geldiaraztea» eskatuko du.
Gaur egun, bai «natura eta landa eremua suntsituko duten makroproiektuak» instalatzeko eskaeren ugaltzeak zein onartzeke dagoen Energia Berriztagarrien Arlokako Lurralde Egitasmoan aintzat hartzen diren proposamenek 150 instalazio inguru eraikitzea ekarriko dute, Euskal Herria Bizirik-ek salatu duenez. «Funtsean, hauek mendietan eta nekazaritza eremuetan kokatu nahi dituzte eta gure naturan, ekonomian, historian zein kulturan eragin zuzena izango dute. Hau guztia, gainera, gizartearen iritzia aintzat hartu gabe, gehiengoak proposamenari uko egingo liokeela kontuan hartuta», gehitu dute.
Hori dela eta, datorren asteazkenean, martxoak 20, BECen kontzentrazio deialdia egin dute, 10.00etan. Egunotan Wind Europe Annual Event 2024 (Europako industria eolikoaren urteko jardunaldia) antolatuta dago eta «berdez makillatutako burbuila ekonomiko berria elikatu nahi duten munduko enpresarien eta politikarien bozeramaileak» elkartuko dira.
Zehazki, sareak bi puntu aldarrikatu ditu. Alde batetik, «proiektu mota hauek instalatu ahal izateko baimenak eta Lurralde Egitasmoaren egungo izapidetzea berehala etetea» eskatzen dute, «kulturan, naturan, ekonomian eta historian eragin negatiboak dituelako; gure lurraldea eskaintzaile hoberenari saltzen diogulako edo behintzat hipotekatu». Zentzu honetan, bai erredakzioan zein garapenean gizartearen parte-hartzea erabakigarria izango den beste egitasmo bat bideratzea eskatu dute.
Bigarrenik, «natur baliabideen suntsipen sistematikoa geldiaraztea» exijitu dute: «Gero eta agerikoagoak dira txikizio honen ondorio ekologikoak eta sozialak. Bederatzi muga biofisikoetatik seien gainditzeaz eta egonkortasun ekologikoaren itzulerarik gabeko arriskuaz kontziente izanik, ingurugiroarekin harremantzeko modua oinarritik aldatzearen beharra aldarrikatzen dugu».
Azkenean, gogoratu dute Azpetian apirilaren 13an egingo den Lurraren defentsaren aldeko manifestazioa eta egun horretan «oso presente» egongo den aldarrikapena: paradigma aldaketa premiazkoa da, «pertsonak eta natura sistemaren erdigunean kokatuko dituena, politika guztietan osasunaren kontzeptua txertatuko duena eta ondorioz, larrialdi klimatikoaren testuinguruan balio ekologikoak erabakigarriak izatea kontuan hartuko duena».