INFO

Apartekoa ohiko egitearen magia: %60ko eraginkortasuna, finaletan

Profesionaletan hamar urte bete aurretik, Jokin Altunak bere ibilbideko 15. finala jokatuko du 28 urte bete eta lau egun geroago, Nafarroa Arenan jokatuko duen 28. txapelketa nagusian. Portzentajea %69ra igotzen da, azken lau urteak kontuan izanez gero.

Astelenan beste erakustaldi bat emanda, 15. finalerako txartela eskuratu zuen Jokin Altunak. (Endika PORTILLO/FOKU)

Zenbakiak hotzak izaten dira sarri. Estatistikek ez dute maiz garrantzitsuena bere horretan ikusten uzten, baina beste zenbaitetan argigarriak dira zeharo, eta haiei begiratzea izan daiteke Jokin Altuna lortzen ari dena testuinguruan jartzeko modurik egokiena. Amezketarrari gauzak kantxan hain erraz irteten zaizkio, hain natural, sailez apartekoa arrunta ere bilakatu duela bere kasuan. Baina beste askotan bezala, itxurak faltsuak direla argitzen lagunduko digute zenbakiek.

Izango da finalak irabazteko direla esan eta datuari garrantzia kenduko dionik, momentuz 7 baitira eskuratutako txapelak, baina lortutako erregulartasunak sekulakoa izaten jarraitzen du eta berarekin frontoian dabiltzanek inork baino hobeto dakite hori. Izan ere, denbora honetan 28 txapelketa jokatu ditu eta 15 alditan heldu da finalera, hau da %60ko eraginkortasuna izan du denbora honetan.

Debutatu eta hilabete gutxira jokatu zuen bere lehen finala, 2014ko Promozio mailakoa Iñaki Artolaren aurka, eta orduan fisikoki bera baino askoz garatuagoa zegoen alegiarrak aise irabazi zion, 22-8, Donostian ikusmin ikaragarria sortu zuen finalean. Huraxe izan zen bigarren mailan jokatu zuen txapelketa bakarra, maila berrira egokitzeko ia astirik gabe; Aspek 2015eko lehen mailako Lau eta Erdikoan eta Buruz Burukoan sartu zuen eta kaiolan finalerdietara heldu zen, final laurdenetara kantxa osoan.

Hortik aurrera, izandako txapelketa guztietan titular postua berea izan da eta finalak jokatzea ia-ia ohitura moduko bat bilakatu da amezketarrarentzat. Gustukoen izan duen Lau eta Erdikoan jokatu zuen lehen mailako bere lehen finala, Ogetan, Oinatz Bengoetxearen aurka eta 22-21 ihes egin zion lehen txapelak. Arantzak urte bete baino ez zion iraun, Mikel Urrutikoetxeari emaitza beraz gailenduta estreinatu baitzuen bere palmaresa 2017an. Hortik aurrera lortutakoa izugarria izan da. Kaiola izan du distantziarik gustukoena eta azken zortzi finaletan egon da jarraian; Buruz Buruko lau ditu eta Binakakoan izan ditu zenbakirik apalenak, aurtengoa bigarrena izango du eta. Baina ezin ahaztu ia txapelketan debutatu zuenetik bertatik abantaila handiak eman dituela atzean eta jokoaren parte izanda, iaz esaterako finaletik bertan zirela utzi behar izan zuela Xabi Tolosak partida erabakigarria, min hartuta.

Azkenaldian geldiezin

Haren ibilbideko zenbakiak latzak izanda, hauek azken urteetara mugatuko bagenitu, are argigarriagoak lirateke. Erreferentziatzat 2020a jarriko bagenu, jokatutako 13 txapelketetatik bederatzitan jokatu du finala, hau da, bere eraginkortasuna %69,23ra igoko litzateke. Izugarria.

Palmaresean urrun daude oraindik Irujoren 13 txapelak, Olaizola II.aren 14ak edo Julian Retegiren 20ak. Baina hiru mito hauek Altunaren 28 urteekin zuten palmaresa ere argigarria da zeharo. Iberokoak 11 final –zazpi txapel­­– zituen jokatuak, goizuetarrak 9 –5 txapel­– eta Eratsunekoak 3 baino ez ­–3 txapel–. Edozein ikuspegitatik begiratuta, esku pilotaren aro bat markatzen ari da amezketarra.