INFO

Donostiako Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzeko eskaera berretsi dute auzotarrek

Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformak eskaera formala aurkeztu du Donostiako Udalean, Pio XII.aren plazan dagoen eraikinean kultur etxea jarri dezaten. Denis Itxasok otsailean atea ireki zion hainbat urtez plataformak egindako proposamenari.

Gobernu Zibilaren eraikina Pio XII.aren plazan dago. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Eskaera formala aurkeztu du Donostiako Udalean Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformak, hain zuzen ere, Amara Berri auzoan dagoen Espainiako Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxe gisa erabili ahal izateko. Aspalditik datorren aldarrikapena da, baina Denis Itxasok otsailean egindako adierazpenek, orduan Madrilgo Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkaria zela, atea ireki diote proposamena aurrera eramateari. Hori dela eta eman du plataformak pausoa.

Adierazpenotan, plataformak berak gogora ekarri duenez, Itxasok azaldu zuen epe motzean eraikina, ala zati bat behintzat, Amara Berri auzoko kultur ekimenetarako utziko zutela. Hori dela eta, joan den astean, hots, martxoaren 11n, Donostiako Udalean aurkeztu zuten eskaera.

Poza agertu dute plataformako kideek, hainbeste urtean eskatutakoa egikaritzen ari dela ikusita. Era berean, prozesua zein fasetan dagoen jakiteko nahia agertu dute. Halaber, plataformak bere burua eskaini du espazioaren banaketa eta erabilera erabakitzeko, urteetako esperientzia lagun.

«Gabezia bat» beteko luke

Eskaeran proposatu dute egun Gobernu Zibilarena den eraikinean zerbitzuren batek geratu behar badu, bertan utzi beharrean Ernest Lluch kultur etxera mugitzeko, eraikinaren erabilera aproposagoa egite aldera.

7.000 metro karratu inguru ditu eraikinak eta auzotarrek bestelako erabilera bat izan beharko lukeela uste dute. Horregatik sortu zuten 2018an Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforma. Auzo elkarteetako jendeak eta, oro har, Amaran kulturari eskainitako azpiegiturak pobreegiak direla uste duten herritarrek osatu zuten taldea, izenak berak dioen bezala, Pio XII.aren plazan kultur etxe bat bultzatzea helburu duena.

Haatik, Amarak badauka Ernest Lluch kultur etxea, Anoeta estadioaren behealdean kokatua. Baina, baldintza kaskarrak dituela salatu izan dute auzotarrek. Esaterako, kokalekua dela eta estadioaren zarata jasanezina diote, eta liburutegian ez dagoela ezer egiterik. Halaber, joan den martxoaren 5ean Anoetan zegoen partidua zela eta, kultur etxea itxi eta bertan behera utzi zituzten jarduera guztiak. Gabezia horiei aurre egingo liekeen kultur etxea behar dute, beraz, Amara Berriko bizilagunek, eta hori eskatu dute Udalaren aurrean.