INFO

Lau zutabe dituen proposamena aurkeztu du EH Bilduk Osakidetza «berriz zutik jartzeko»

Osakidetza «berriz zutik jartzeko» proposamena aurkeztu du EH Bilduk Gasteizen. Lau zutabetan onarritzen da: Gobernantza berria ezartzea, pertsonal politika berria garatzea, Lehen Arreta indartzea eta osasun publikoaren adiera zabalago bat mahai gainean jartzea.

Osakidetzari buruzko proposamena aurkezteko EH Bilduk Artium Museoan egin duen ekitaldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Osakidetza eraberritzeko proposamena aurkeztu du asteazken honetan EH Bilduk Gasteizen egindako ekitaldian. Bertan izan dira Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia eta Rebeka Ubera Gipuzkoako hautagai, osasun publikoko euskal sistemarekin lotura duten eta proposamena egiten lagundu duten hainbat ordezkarirekin. Guztien artean 23 orri dituen programa diseinatu dute osasun sistema publikoa «berriz zutik jartzeko».

Otxandianok azaldu duenez, lau zutabe nagusi ditu proposamen honek. Lehena da gobernantza berri bat behar dela Osakidetzan, izan ere, bere esanetan, «orain artekoa izan da gobernantza zentralista eta bertikala». «Gobernantza berri bat behar du Osakidetzak, behar diren eraldaketak egiteko modu egokian, eta horretarako langileekin batera egin behar da», adierazi du.

Langileen egoera da, hain zuzen ere, EH Bilduren bigarren zutabea. Azaldu duenez, pertsonal politika berria behar du Osakidetzak, «behin-behinekotasuna asko jaitsiko duena eta lan baldintza duinak bermatuko dituena, profesionalek artatu ditzaten pazienteak modu egokian». «Karrera profesional egokiak eskainiko dituen pertsonal politika behar da, profesionalak Osakidetzan mantentzeko», nabarmendu du.

Izan ere, Rebeka Uberak Artium Museoan bildutakoen aurrean ohartarazi duenez, Osakidetzak 45.000 langile ditu, baina finkoak 19.000 bakarrik dira.  

Lehen Arreta indartu

Hirugarrenik, Lehen Arreta indartu behar dela azpimarratu du Otxandianok. «Lehen Arreta da sistemaren oinarria, eta sistemak huts egiten du oinarritik bertatik», esan du. Ekitaldian parte hartu dutenek gogoratu dute Lehen Arreta Erakunde Sanitario Integratuen barruan dagoela eta ez duela aurrekontu bereziturik. Horrek eragiten du ezin dela jakin zenbat inbertitzen den Lehen Arretan, «gardentasunik ez dagoelako».

Egoera honi aurre egiteko, EH Bilduk Lehen Arretak aurrekontu propioa izan behar duela adierazi du, eta gaur egun jasotzen duen diru kopurua handitzeko konpromisoa hartu du, helburu batekin: plantilla %10 handitzea. Edurne Agirre Lehen Arretako erizainak esan duenez, «ezinbestekoa da kontratu duinak eta erakargarriak eskaintzea».

Osakidetza «humanizatu»

Laugarren ardatza da osasun publikoaren adiera zabalago bat, osasun mentala ere jasoko duena eta ikuspegi soziosanitarioa ere barnebilduko duena. Ideia horrekin bat egin dute Liher Imaz Epidemiologiako teknikari eta Biologian doktoreak, Larraitz Arriola familia mediku eta Osasun Publikoan eta soziosanitarioan adituak, eta Olatz Mercader Onkologikoko pazienteen elkarteko eta Izan Iñurri elkarteko kideak.

Honek argi utzi du pazienteak ez direla zenbakiak, eta onkologia «humanizatu» egin behar dela ohartarazi du. Eta hori egiteko «pertsona gehiago behar dira, erizain gehiago behar dira», eta «burokrazia» gutxiago.

Beraiekin batera izan da Karlos Ibarguren, Donostia Ospitaleko medikua eta Emergentziak ESI-ko zuzendaritzako kide ohia. Pribatizazioen aurka agertu da, eta anbulantzietako zerbitzua publifikatu behar dela defendatu du. Zentzu honetan, Uberak azken urteetan pribatizatu diren zerbitzuen publifikazioa ere babestu du.

Aurrera egin, «jende askorekin batera»

Amaitzeko, Otxandianok Osakidetzan egin beharreko eraldaketa «jende askorekin batera» egin behar dela esan du, «batez ere, profesionalekin», beraiek direlako Osakidetzaren egoera zein den bertatik bertara ezagutzen dutenak: «Beraiek dakite zerk funtzionatzen zuen, zerk utzi dion funtzionatzeari eta zergatik. Beraz, egin behar den errejenerazio hau egin behar da beraiekin batera eta egin behar da gardentasunez herritarrekiko».

«Osakidetza da EAEko enpresarik handiena eta, beraz, enplegatzaile handiena. Osakidetzako ardura postu nagusietan egon behar dira herri honek dauzkan kudeatzailerik onenak. Eta hori ez da horrela izan azken urteetan, eta arazoaren zati bat, hortxe dago, hain zuzen ere», gaineratu du. Argi utzi du «herri honen anbizio nazionala» nabaritu behar dela datozen urteetan, «osasun sistema publiko bat martxan jartzerako orduan».

«Guk uste dugu posible dela, horretarako gaitasuna badagoela. Baina behar da politika zuzen bat eta gobernantza egoki bat. EH Bilduk konpromiso osoa dauka horretarako eta datozen urteetan buru-belarri jarriko gara horretan», azpimarratu du.