INFO
Entrevista
Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta
Aspeko pilotariak

«Joserekin ere batu egin behar da eta hala egin dut, kantxan eta kanpoan»

Arazo fisikoren bat tarteko izan badute ere, bikote nafarra txapelketako erregularrena izan da eta play offik jokatu gabe eta finalerdietan jokatutako hiru partidak irabazita helduko dira finalera, euren unerik onenean. Hala ere, badakite finala «txapelketako partidarik zailena» izango dela.

Jose Javier Zabaleta eta Peio Etxeberria. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ze sentsazio dituzue beste final baten aurrean?

Peio Etxeberria: Zerbait oso polita da, nik orain dela gutxira arte ez nenkin zer zen final bat jokatzea eta hilabete gutxitan bigarrena dut eta ilusio handiarekin.

Jose Javier Zabaleta: Ni pixka bat ohituagoa egon naiteke, baina finaletara sekula ez zara ohitzen eta gehiago nahi dituzu, halako uneak izatea... nik uste urtetik urtera gogo eta ilusio gehiagorekin hartzen dudala. Agian gauzak orain beste modu batera hartzen ditudalako, urteak pasa ahala ikusten duzulako oso zaila dela beti onenekin borroka horretan aritzea.

Peio, eskatu diozu aholkurik finalerako? Enpresako nagusia da Jose, beteranoena, nabari da?

P.E: Finalerako oraindik ez, baina bai txapelketan zehar aholku oso onak eman dizkidala. Niretzat zailak izan diren uneetan bere esperientziarekin oso aholku onak eman dizkidala unerik txarrenetan.

Zeintzuk izan dira une zail horiek, jakin badaiteke?

P.E: Bueno, burura datorkidan lehena Zornotzan izan zen, Unai Laso eta Urrutikoetxearen aurka jokatu genuenean –22-14 irabazi zuten 12-8 galtzen joan ostean–, ez ginela horren ondo hasi eta 12. tantoan zenbait gauza esan zizkidan aldagelan eta, egia esan, on asko egin zidatela.

Finalak jokatuz asko ikasten dela diote.

P.E: Nik uste nire kasuan hala izan zela. Finalean ez nuen ordura arte bidean egindakoa errepikatu. Jendeagatik, presioagatik edo ez dakit zergatik izan zen, baina nik uste asko ikasi nuela eta ikasitakoa hilabete hauetan ere praktikan jarri dudala eta balioko didala finalaz gehiago gozatzeko.

Zabaleta: «Nik uste urtetik urtera gogo eta ilusio gehiagorekin hartzen dudala finala, urteak pasa ahala ikusten duzulako oso zaila dela beti onenekin borroka horretan aritzea»

Gogoan dut kaiolako finalaren aurreko elkarrizketan oso lasai sumatu zintudala, lasaiegi agian?

P.E: Bai, nik uste hala izan zela, gero unea heldu zen eta ez nekien non sartu. Nik uste konfiantza gehitxo bezala nuela gauzak ondo irtengo zirela, nik uste hobe dela arreta pixka bat gehiagorekin joatea, aurrean nor duzun jakinda, eta nik uste oraingoan hobeto kudeatuko dudala.

Txapelketa hau ere agian zailagoa izan da, orduan dena borobil joan zitzaizun finalera arte.

P.E: Bueno, nik ez nuke hori esango, hura ere zaila izan zen, bere gorabeherekin, baina egia da txapelketa hau asko gozatu dudala. Ez dakit Binakako askoz gehiago jokatuko ditudan edo ez, baina honetaz asko oroituko naiz beti. Hasieran denek zioten Joserekin erraza zela eta nik ez nuke hori esango, Joserekin ere konektatu egin behar da, batu egin behar da eta nik uste hala egin dudala, kantxa barruan bezala kanpoan ere eta une zailetan horregatik egin dugula aurrera.

Jose, gogoan duzu Irujorekin jokatutako lehen final hura?

J.J.Z: Pixka bat bai, Juanek egiten zuen tira gurditik, baina finala baino gehiago txapelketako momentu zehatz batzuk ditut gogoan, berak tira egiten zuela, eta astero zerbait berria zen.

Zuri egokitu zaizu lan hori?

J.J.Z: Ez nuke esango, nik uste elkarri egin diogula tira. Izan dira une batzuetan zama berak hartu duela eta beste batzuetan niri egokitu zaidala tira egiteko, bietatik behar izan dugu finalera heltzeko.

Etxeberria: «gogoan dut nola esan nion ez nuela keinu edo aurpegi txarrik nahi, niri pertsonalki horrek min handia egiten didalako eta horrela izan da txapelketa guztian. Une zailetan elkar animatu dugu»

Peio, lehen aipatu duzu Joserekin akoplatu egin behar dela, zuk normalean protagonismo handia izaten duzu partidetan, hori Jose bezalako atzelari batekin, hainbeste agintzen duena, zailagoa da?

P.E: Elkar ulertu beharra daukagu. Gogoan dut lehen egunetako batean nola esan nion ez nuela keinu txarrik edo aurpegi txarrik nahi, niri pertsonalki horrek min handia egiten didalako eta horrela izan da txapelketa guztian. Une zailetan elkar animatu dugu eta horregatik gaude hemen.

Jokoan ere azken partidetan gehiago sartu zinela iruditzen zait, Josek bakarrik ezin duela irabazi konturatu bazina bezala edo.

P.E: Bueno, ez dakit, nik uste bien kontua izan zela, partida horien amaieran Josek pilotari asko eman zion eta aldeak egin zituen. Egia da une batzuetan ni gehiago sartu nintzela baina nik uste esperientzia puntu hori berak jarri duela.

J.J.Z: Nik uste txapelketan behar izan dugula batzuetan joko lasaiago bat, batzuetan komeni zitzaigun Peiok oldarkor jokatzea, berak dakien bezala, erritmo askorekin eta energiaz, eta beste batzuetan agian niri pilota gehiago utziz. Nik uste biek txapelketa nahiko konpletoa  egin dugula eta partida on dezente jokatuta.

Jose desberdin bat ikusi dugu? agian pilota hainbeste atzeratu gabe baina sendoagoa?

J.J.Z: Nik uste azken egunean bezala ez diodala sekula eman pilotari. Ez dakit zer esan, ni berdin ikusten naiz. Egia esan prestatzailearekin oso  pozik eta eskertuta nago eta nahi dudana da ahalik eta urterik gehien mantentzea maila honetan. Nik ez dut uste jokatzeko beste modu bat dudanik, ezta gutxiagorik ere. Batzuetan konfiantza gehiagorekin zaudenean pilota gehiago astintzen duzu, seguruago zaude, beste batzuetan zalantza gehiago dituzu eta ez zaizkizu gauzak irteten, beldur gehiagorekin zoaz pilotari jotzera eta gehiago huts egiten duzu, gutxiago eman, denetariko uneak daude.

Oraintxe topera zaudela ematen du.

J.J.Z: Bai, ondo aurkitzen naiz, azkenean garaipen garrantzitsuak lortzen ari gara eta horrek konfiantza ematen dizu eta espero geratzen zaigun partidan partida ona jokatzen dugun, biek gure onena emateko moduan gauden eta gauzak zail jartzea aurkariei. Nik uste irabazteko gai garela, baina horretarako maila ona eman beharko dugu, biek hitz egin dugu eta txapelketako partidarik zailena datorkigun hau dela ondorioztatu dugu.Bietako bat ondo aritzea ez da nahikoa izango, ez guretzat eta ezta eurentzat ere, hau Binakako txapelketa da eta bikote bezala jokatu beharra dago, bien artean batu eta gehien batzen duenak irabaziko du.

Ogetan bi aldiz irabazi diezue Altuna eta Martijari, balio dezake erreferente bezala?

J.J.Z: Bi partidak oso gogorrak izan dira eta bigarrena, batez ere lehen erdian, oso oso gogorra. Euren une onak eusten jakin izan behar genuen eta gero bigarren parte oso ona izan zen gu bien aldetik. Nik uste bi partida horietan txapelketako Peiorik onena ikusi nuela.

Nafarroa Arenak Ogetaren antza dela diote.

J.J.Z: Izan dezake, badute antzekotasunik, biek lur nahiko exijente eta azkarra dute, min egiten da emandakoan eta baita aurrean errematean. Niri asko gustatzen zait Ogeta, beti esan izan dut gehien gustatzen zidan pilotalekua dela, bertan inon baino gusturago jokatzen dut, beti joan naiz konfiantza puntu bat gehiagorekin pilotaleku horretara eta ea Arenakoa ondo joaten zaigun eta nire faboritoen artean sartzen den.

Alde ederra zuentzat Iruñean jokatu edo Bilbon.

J.J.Z: Bai, jendearentzat, gure ingurukoentzat errazago joateko aukera izatea abantaila handia da.

P.E: Nik ia etxean jokatuko dut –kotxean Arenatik bost minutu eskasetara bizi da–, ikaragarria da Iruñean jokatzea, hiru nafar gara gainera, gure jendearentzat opari handia da etxe ondoa jokatzea, jende guztia ingurukoa eta eurei omenaldi hori eman ahal izatea gauza handia da. Aurten gainera finalaren aurretik nahi dugunean entrenatzeko aukera izango dugu.

Zabaleta: «Julen eta biak oso gertukoak gara, lagun asko ditugu komunean eta finala polita izango da, atzelari lagunen arteko finala dela esan daiteke»

Zuretzat Jose, oso final berezia izango da, bizilagunen arteko derbi bat.

J.J.Z: Julen eta biak oso gertukoak gara, lagun asko ditugu komunean eta polita izango da, atzelari lagunen arteko final bat dela esan daiteke. Final oso berezia da, berak irabazten badu beragatik poztuko nintzateke beste edozeinek irabazita baino gehiago, Julen aspalditik ezagutzen  dut, baina esan dezakedana da bera gaztea dela oraindik eta izango dituela final gehiago aurretik. Ea hau nik irabazterik dudan.

Txapelketan zehar aipatu izan da enpresen arteko oreka handiagoa izan dela, baina Aspeko bi bikote zaudete berriz finalean, zerbait esaten dizue horrek?

J.J.Z: Egia esan, final gehienetan Aspeko pilotariak agintzen ari gara, aurten Aspeko beste final bat izango da eta nik uste oso pozik egon gaitezkeela Aspeko pilotariak eta goragokoak ere bai. Agian aldatzen dira entrenamenduak, beste enpresako bikote baten aurka ari zarenean, enpresa guztia, entrenatzaileak eta abar, zu laguntzeko daude erabat, orain  partzialak izan behar dute, guztiei ahalik eta gehien laguntzen saiatu eta kitto.