Pilotak gastatu eta partida asko gogortu daitekeenaren ustea agertu dute lau finalistek
Gaur 28 urte bete dituen Jokin Altunak eta Julen Martijak pilota biziagoak aukeratu dituzte ezker paretak materiala jango duela ulertuta.
Ohiko zirkuitutik kanpo dagoen pilotaleku bat izanda, Nafarroa Arenan jokatzen diren finaletan frontoia kezka bat gehiago izaten da pilotarientzat. Horregatik, aurten horretarako aukera izanda, normalean baino entrenamendu gehiago egin dituzte finalaren egoitzan eta ostegunean ere azken prestaketak egiteko asmoa agertu dute Altuna-Martija eta Etxeberria-Zabaletak. Bi bikoteak gustura agertu dira aklimatazio prozesuarekin, baina amezketarrak eta Etxeberrikoak onartu dute pilotalekuaren berezitasunek euren aukeraketa zertxobait baldintzatu duela.
Pilotekin txapelketa gorabeheratsua izan bada ere, gaurkoan bi bikoteek oso gustura amaitu dute aurkitutakoarekin eta Jokin Altunak azaldu duenez, eurek apartatutakoak pilota biziagoak dira Peio Etxeberria-Zabaletak aukeratutakoak baino. «Hemen lurrak eta ezker paretak pilota asko jaten dute eta dugu nahi pilotak geratzea», aitortu du.
Izan ere, 2022ko txapeldunek oso argi dute edozein baldintzetan Jose Javier Zabaletaren aurka jokatzea gatza bada, pilota geratzen denean are nagusiago izaten dela etxarrendarra. «Jotzaileek beti egiten dute min handiagoa pilota baxuarekin», azaldu du. Gauzak horrela, finala asko gogortu daitekeela sinetsita etorri dira gaurko aukeraketara eta igandean ere sufritzeko prest etorriko omen dira.
Finala luzatu daitekeen uste horretan bat etorri dira ere Peio Etxeberria-Zabaleta, baina ez dute uste bi bikoteek aukeratu dituzten piloten artean desberdintasun handirik dagoenik. Zenotzekoak argitu duenez, gainera, gaur entrenatzen aritu direan eta igandean espero dena baina hotzago zegoen Arenako kantxa eta igandean piloten portaerak aldatu daitezke.
Altuna eta Martija bezala, entrenatzen joan diren eran, ultzamarra erosoago sentitu da Iruñeko kantxan eta azken partidari uko egitera eraman zuten eskuko arazoak ere erabat ahaztuta omen ditu.
Bakarrik ez du inork irabaziko
Asko hitz egin da Zabaletak kantxa honetan egin dezakeen minaz, baina etxarrendarrak oso argi dauka ez direla «jokoa atzean kargatzera etorriko. Partida irakurtzen joan beharko dugu, baina argi dago pilotari bakarrak, ez aurrean ez atzean, ez duela finala erabakiko, bikote bezala gehien batzen duenak irabaziko du», azaldu du.
Halako egunetan ohikoa izaten da faboritoaren txartela besteen bizkar uztea eta Jokin Altunak ez du aukera pasatzen utzi nahi izan. «Orain arteko partidak irabazi dizkigute eta nik uste eurak direla faborito, baina gu ondo gaude eta gerra ematera etorriko gara».
Zabaletak, ordea, ez du karga hori beretzat hartu nahi izan. «Txapelketa aurkeztu zen egunetik argi neukan eurak zirela faboritoak, ziur nengoen finalean egongo zirela eta hala izan da. Azken partidetan erakutsi dute bikote bezala asko batzen dutela», gaineratu du.
Altunarentzat zorion tarta
Material aukeraketa amaituta, Jokin Altunak ezusteko polit bat izan du, gaur 28 urte bete eta tarta bat izan duelako zain, gainontzeko finalista eta bertaratutakoek ‘Zorionak zuri’ abestu dioten bitartean.