Atzeak edo aurreak erakutsiko du Nafarroa Arenan nola dantzatu?
Aurreko eta atzeko erreferentzia nagusiak diren Altunak eta Zabaletak historia egiten jarraitu nahi dute, bere hirugarren txapela lukeen Martija eta lehenaren bila doan Etxeberria lagun dituztela.
Herri txiki, txapeldun handi. Amezketa, Etxeberria, Zenotz eta Etxarrengo biztanle guztiak sartuko lirateke gaur Nafarroa Arenan (18.00 ETB1), euren bizilagunik ilustreenak, bertatik bertara, historia egiten ikusteko. Atzo arratsaldean oraindik 130 sarrera inguru geratzen ziren saltzeko, baina giroak ziurtatuta dirudi gaur Iruñean, eta ez da gutxiagorako, pilotaren egungo bi erreferentziarik nagusienak, lehen aldiz, final batean elkarren aurka ikusteko aukera izango baita.
Julen Martija –bere hirugarren txapelaren atarian da eta Binakakoaren palmaresean Olaizola II.a, Arretxe, Vergara II.a, Lasa III.a edo Tolosa bezalako izenak harrapatuko lituzke– eta Peio Etxeberria –bere bigarren finala jokatuko du hilabete gutxian– gutxietsi gabe, argi dago pilotazale gehienen begiak Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaletarengan daudela iltzatuta, txapelen norabidea, hein handi batean behintzat, euren jardunaren arabera zehaztuko baita.
Ez alferrik. Txapelketan zehar zenbait arazo fisiko izan dituen arren, Jokin Altuna puntu-puntuan heldu da, profesionaletan hamar urte bete aurretik bere zortzigarren txapela –Binakako bigarrena– eskuratu ahal izateko. 28 urte bete berriak, palmaresean urrun daude oraindik Irujoren 13 txapelak, Olaizola II.aren 14ak edo Julian Retegiren 20ak. Baina hiru mito hauek Altunaren adin horretan lortutakoa ere argigarria da zeharo. Iberokoak 11 final –zazpi txapel– zituen jokatuta, goizuetarrak 9 –5 txapel– eta Eratsunekoak 3 baino ez –3 txapel–. Edozein ikuspegitatik begiratuta, esku pilotaren aro bat markatzen ari da amezketarra.
Julen Martijarekin, gainera, berme osoko bikotea osatzen dute, eta duela bi urte, esaterako, txapela janztea lortu zuten, txapelketa bikaina osatuta. Aurten ibilbidea gorabeheratsuagoa izan da, baina bata zein bestea euren unerik egokienean daudela ematen du, eta aurkariek badakite ezin dutela eurengandik erraztasunik espero.
Zabaletaren arabera
Kontua da, parean, azken urteetan –inoiz ez esatearren– binaka alderik handiena markatu duen Jose Javier Zabaleta izango dutela. Etxarrengoak bere bosgarren txapela nahi du; txapelketaren historian puntaren puntan jarriko litzateke Maiz, Retegi II.a eta Martinez de Irujorekin batera, eta bera litzateke bost aurrelari desberdinekin irabaztea lortuko lukeen lehen atzelaria.
Peio Etxeberria da lauretan halako partidetan esperientziarik gutxien duen pilotaria; kaiolakoan peaje garestia ordaindu zuen eta gaur lezioa ikasita omen dator. Denaren beharra izango du.
Nafarroa Arenaren ezaugarriek egokiagoak dirudite Zabaletaren joa nagusitzeko, baina Altuna tartean dela, edozer gauza espero daiteke beragandik. Atzeak erakutsiko al du aurreak nola dantzatu? Edo alderantziz izango da?