INFO

Etsipenik gabe, Lezon loratu da alternatibetatik eragitera datorren «gazte frontea»

Milaka gazte batu da Lezon, Ernaik antolatu duen Gazteon Eskutik ekimenaren azken egunean eta Iruñeko Aberri Egunera egin bezperan. Ziurtatu dute Euskal Herriko gazteek alternatiba errealak dituztela plazaratzeko eta, beraz, eztabaida politikoan zuzenean eragin dezaketela sinisten dute.


«Gazte fronte bat osatzera goaz, gure ahotsa eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko, baina baita bestelako Euskal Herri bat posible dela erakusteko ere. Dena aldatuko duen belaunaldia da gurea». Konbentzimendu hori adierazi du Ernaik antolatu duen Gazteon Eskutik ekimenaren bigarren egunean, eta horixe bera erakutsi du Lezora ostiral eta larunbatez egin duen gazte-oldeak, herria loretan uzteraino.

Tarteka zakar izan den giroak ez du mikaztu gazteek gazteentzako –antolatzaileen arabera, 1.000 pertsona baino gehiagok hartu dute txandak egiteko ardura– espresuki sortutako egitasmoa; eta euriak baino gehiago, blaitu dira Ernaik herri osoan zabaldutako guneetan eskaini dituen mahai-inguru eta hitzaldien ideia eta proposamenekin. Mintzagaiak, denetarik izan dira: Palestinako egoera, eskuin-muturraren mehatxua Europan, pornoa, desira eta moralari buruzko eztabaida… urteroko Gazte Topaguneak, Gazteon Eskutik izatera mudatu den honetan, egunak galdu ditu, baina ez edukia.

Arratsaldean, Gazteon Eskutik topaketaren ekitaldi zentralera txarangaz lagunduta joan da jendetza. Zaratagunean jarritako karpan oihal erraldoi bat jaurti dute goitik behera: lore bat erakutsi du, negutiarra, artean esnatu gabe zena. Agertokitik adierazi dute gazteek ere izan dezaketela sentsazio negutiar hori, ez baita erraza ikasketak, lana, espektatibak eta presioak kudeatzea, ezta salbuespenez amari lapurtutako orfidalarekin ere. Testuinguruak ere zail dela, Palestinara ala hiru hilabete eskasean 17 langile galdu dituen Euskal Herrira begiratuta ere.

Baina lokatzetan ibiltzeko prest ziren gazte independentistak, «Euskal Herri libre bat posible zela sinisten duten inurruak», eta loretan utzi dute Lezo: agertu dute beste oihal bat, behetik gora oraingoa, eta erakutsi udaberrira irekitako lore bat.

Egitea da politika

Iluntasunera errenditzeak ez du zentzurik, gazte hauen ustez, argia egiteko indarra dagoenean. Ideia hori nabarmendu du larunbat arratsaldean, gerora kontzertuak –Hofe x 4:40, Tribade eta DJak besteak beste– eta festa hartu dituen Aterazarata gunean, Ane Alava bozeramaileak. «Gris marraztu digute etorkizuna, gure mundua, baina guk argi utzi nahi dugu udaberria eta aldaketaren aroa behin eta berriz loratzeko gai garela!», ziurtatu dute agertokitik.

Milaka gazte batu da industria-gunean prestatutako Aterazarata espazio handira Gazteon Eskutik topaketaren ekitaldi nagusia aditzera, nahiz eta euskal presoak falta ziren; bereziki, epaitegi espainiarren aginduz espetxeratutako Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak hartu dituzte gogoan.

Energia eta ahalduntze txute beharrezkoa hartu du gazteriak Lezon, ez baitituzte garai onak bizi, segurtatu dutenez. Prekarietatea, borrokaren kriminalizazioa, gerrak, inposatutako espektatibak betetzeko presioa… maila batean edo bestean, gazte langileek konpartitzen dituten ezaugarriak dira, Ernaiko eledunak agertu duenez. «Eliteak, elite izaten jarraitzeko, beste batzuk zapaldu beharra du. Kapitala ahalik eta gehien metatzeko esplotatzen gaituzte, gazteon bizitzak arriskuan jartzeraino», ohartarazi du.

Lehia, beraz, bizitza eta kapitalaren kontrakoa dela argi du Ernaik, baina ez deritzo nahikoa alternatibak proposatu gabe errudunak bilatzeari. Erantzuleak seinalatu bai, baina batez ere «aldaketak eragitea» da politika, beraien ustez. «Guztion gizartea guztion onerako antolatzeko ahalegin kolektiboa da politika», berretsi du Alavak.

Beraz, bizitzaren aldean uxartu duten lubakitik, gazteen «beharrak, nahiak eta anbizioak» asetzeko lanean dira, ziurtatu dutenez. Horretan datza antolakuntzaren garrantzia, gazteen aburuz.

Jauzia, kalean eta instituzioetan

«Guk, lagunok, herri bat daukagu eraikitzeko», bota du hizlariak jende-bete zabalgunearen aurrera. Duin biziko den herria dute itu, bizigarria, eta halako Euskal Herri bat eraikitzeko proposamen «zehatzak, errealak eta egingarriak» dituzte, baietsi du. «Ez gara konformatzen espainiar Estatuaren, EAJren eta PSNren ogi apurrekin. Argi dugulako zer den duintasuna gazteontzat; argi dugu ez dela bikote heteronormatibo batekin etxe bat erosteko 8 ordu lan egin eta bizitza osoan ordaindu ezingo dugun hipoteka bat izatea», adierazi dute.

Horren partez, herri bezala jauzi bat egiteko momentua dela iritzi diote, «eta ez edonolakoa», iragarri dute. Jauzi hori kalean bai, baina instituzioetan ere eman behar dela argi dute. Aldaketa horretan bultza egiteko «gazte fronte» baten gisara jokatuko dutela agertu dute, gazteen ahotsa «eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko».

Eta konbentzituta daude berehala etorriko dela aldaketa, apirilaren 21eko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EH Bildurekin. «Irabazlea izango den proiektu baten parte gara, eta ez soilik datozen hauteskundeetan boto gehien lortuko duen proiektuaren parte garelako, baizik herritarrak eta haien bizi baldintza irabazle ateratzen direlako ezker independentismoa kalean eta instituzioetan dagoenean».

Utopiaren lorratzean; lokatzean

Proiektu erreala duela sinisten du Ernaik, nahiz eta ez dion uko egiten utopiaren lorratzean ibiltzeari. «Utopikoen saga bateko kide gara –balioetsi dute–. Euskal Herriarekin amesten zuten gau eskolako ikasle eta irakasleen, Sartagudako alargunen, intsumisioaren bidea aukeratu zutenen oinordekoak, Martxoaren hiruko borrokalarienak, Euskaldunakoenak, baita greba feministako etxeko langileenak ere. Urtero Bilboko kaleak hartzen dituztenak gara, presoen alde, baina baita gure nazioaren aldarrikapenaren alde; herri galdeketetakoak eta giza kateetakoak gara. Eta gu gara, bihar, Euskal Herri independentea lortuko dugunak!»

Bide hori berdin ibiliko dute lokaztuta badago ala ez. «Urteak daramatzagu borroka den lokatz putzu erraldoi honetan sartuta, gure eskuak zikinduz, lurra landuz, forma emanez, bihar lorerik ederrenak loratu daitezen. Inongo gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herri sozialista eta feminista errealitatea izan dadin lanean. Loratu dezagun, beraz, udaberria, eta eraman dezagun herri hau askatasunera!»

Ahaldunduta eta energiak hartuta, festaren biharamuna ere bidea egiten emango dute gazteek, Iruñean egingo den Aberri Egunean.