Nazioarteko GKE-ek ohartarazi dute ia ezinezkoa zaiela Gazan lan egitea
World Central Kitchen Gobernuz Kanpoko Erakundearen aurkako erasoaren ostean, nazioarteko zenbait GKEk Gazako Zerrendan lan egitea ia ezinezkoa zaiela deitoratu dute. Hala ere, ez daude prest Palestinako lurralde hori laguntza humanitariorik gabe uzteko.
Nazioarteko zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek ohartarazi dutenez, ia ezinezkoa zaie Gazako Zerrendan lan egitea, baina oraingoz ez dute pentsatu Israel suntsitzen ari den lurralde hori uztea.
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF), Save The Children, Oxfam edota Munduko Medikuak erakundeek prentsaurrekoa eskaini zuten elkarrekin, Israelek Gazan egindako eraso batean World Central Kichen (WCK) GKE estatubatuarreko zazpi kide hil eta hiru egunera.
Eraso horrek nazioarteko gaitzespen olatu bat eragin zuen, eta Jose Andres sukaldari espainiarrak sortutako GKEak Gazan operazioak bertan behera utzi zituen.
Isabelle Defourny Frantziako MSFko presidentearen ustez, gertaera «ez da ustekabea, duela sei hilabetetik hona Israelek hartutako erabakien lekuko izan gara eta, harrapatuta, janaririk gabe masiboki bonbardatuta dagoen herri oso baten aurka gerra egiten ari da eta».
Gaza uztearen gaia «egunero» planteatzen da, baina oraingoz ez dute hori egiteko asmorik, esan zuen. «Ez dira betetzen laguntza humanitarioa emateko baldintzak (...) Baina ez diogu Gazan lan egiteari utziko», adierazi zuen.
MSFko arduradunak esan zuen Zerrendako egoerak «erabateko izugarrikeria gainditu» duela eta, bere ustez, «genozidioaren baliokidea» dela.
Oxfamen ordezkari gisa, Scott Paulek adierazi zuen WCKren konboiaren aurkako erasoa «ez dela anomalia bat». «200 langile humanitario baino gehiago hil dituzte, sistematikoa da. Aste honetan, aldiz, nazioarteko langileak ziren», esan zuen.
Egunean «babarrun lata bat baino gutxiago»
GKE honek aurkeztu zuen ikerketa baten arabera, Gazako Zerrendako iparraldeko biztanleak egunero 245 kaloria baino gutxiagorekin bizi dira, hau da, «babarrun lata bat baino gutxiago».
Lurraldea «goseari aurre egiteko gunea izan beharko litzateke. Eta horren ordez, tiro egiteko leku libre bat da», salatu zuen Paulek.
Karyn Beattie Save The Children erakundeko kideak azpimarratu zuenez, «ezinezkoa zaie herritarrengana iristea su-etenik gabe».
Ekialde Ertaineko Munduko Medikuen arduradunak, Louis Bichetek, «lan baldintza egokituak eta segurtasuna» eskatu zituen GKEentzat.
Erakunde honek Gaza Hirian zuen bulegoa partzialki suntsitu zuten, nahiz eta bere posizioa Israelgo Armadak «ondo ezagutzen zuen», salatu zuen.
«Horrek zalantza handiak sortzen ditu Israelgo Estatuak naziorteko zuzenbide humanitarioa ulertzen eta errespetatzen ote duen», adierazi zuen.