INFO

Protesta EEPren batzarrean, ez dutelako euskal eragileei eskainitako diru-ekarpena handituko

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra du astelehen honetan. Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du, azaldu duenez oraingoan ere ez delako euskal eragileei emandako diru-ekarpena handitzerik aurreikusten. 2017tik egiturak eskaini dien aurrekontua ez da batere mugitu.

Euskal Konfederazioko eragileek aldarrikapenak eraman dituzte EEPren batzar nagusira. (Guillaume FAUVEAU)

Aldarrikapenez bete da Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) astelehen honetan Baionan egiten ari den batzar orokorra. Azterketak Euskaraz-en pankarta buruan zela, kartelak eskuan eta ‘Baldintza duinak nahi ditugu’ oihuka sartu dira Euskal Konfederazioko kideak eraikinera eta horien artetik pasatu dira EEPko ordezkariak.

Bilera egin duten aretoan ere ikusi dira Azterketak Euskaraz-en kamiseta berde biziak eta hainbat kartel, AEK-ko eta Seaskako langileenak, Euskaltzaleen Topagunekoak, Euskal Hazienak eta hedabideenak, bertzeak bertze.

 

 



2024ko aurrekontua bozkatu behar dute EEPko ordezkariek, eta, Euskal Konfederazioak iragarri duenez, ez da euskal eragileei eskainitako aurrekontua emendatzerik espero. 2017tik egiturak eskaini dien aurrekontua ez dela batere mugitu eta horrek anbizio falta islatzen duela salatu du.

«Euskara kondenatzeko erabakia da»

«Euskara eta euskalgintza kondenatzeko erabakia da. EEP osatzen duten instituzioek sinesgarritasun guzia galdu dute hizkuntza politika eraginkorra egin nahi dutela diotenean», adierazi du euskalgintzaren bilguneak ‘Kazeta’-k jaso dituen hitzetan.

Horregatik, partida ez onartzeko eskatu die Konfederazioak administratzaileei. «Aitzineko urteetako soberakinetarik esleitu gabe diren 750.000 euro Lankidetza fondora esleitzea galdegiten diegu iaz izan aitzinamenduak segurtatzeko eta 2017tik igoerarik ukan ez duten eragileei inflazioaren araberako igoera segurtatzeko, bai eta sortu diren proiektu berrien oinarrizko diruztatzea segurtatzeko ere», argudiatu du. Hori eginez gero, euskal eragileei bideratutako 2024ko aurrekontua 750.000 euro handituko litzatekeela esplikatu du.