INFO

Bi emakumeri sexu erasoa egiteagatik Santurtzin atxilotutako gizona espetxeratu dute

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Santurtziko etxebizitza batean bi emakumeri sexu erasoa egitea leporatuta Ertzaintzak joan den igandean atxilotu zuen 24 urteko gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman du epaileak, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzak igandeko 7.30ak aldera izan zuen gertaeraren berri. Emakume bat polizia-etxean agertu zen eta goizaldean Santurtziko etxe batean sexu erasoa egin ziotela salatu zuen. Ertzaintzako agenteek eman zioten laguntza biktimari hasiera batean, eta sexu erasoen protokoloa aktibatu zuten.

Poliziaren unitateak erasoa jazo zen etxebizitzara hurbildu ziren eta gertaerari buruzko informazioa bildu zuten. Horrela izan zuten gizon berak beste emakume bati egindako sexu erasoaren berri.

Bi biktimek salaketa bana aurkeztu zuten, eta erasotzailea arratsaldean bertan atxilotu zuen Ertzaintzak eta polizia egoitzara eraman zuen. Eginbideak amaitu ondoren, atxilotua astelehenean jarri zuten Barakaldoko guardiako epaitegiaren eskuetan, eta epaileak prebentzioz espetxeratzeko agindu zuen.