INFO
Entrevista
Koikili Lertxundi
Athletic-eko jokalari ohia, bederatzi final «jokatutakoa»

«Athleticentzat inflexio puntu handia da hau, eta lana ez da oraindik amaitu»

Koikili Lertxundik, Athleticeko jokalari ohiak, final asko galdu ditu, bai zelaian bai irratian iritzi-emaile gisa: «1984ko gabarra ez nuen ikusi, oso txikia nintzelako, baina aurten nire alabarekin joango naiz». Koparen garaipenaz hau dio: «Inflexio puntu handia da eta erronkak ez dira bukatu».

Koikili, Athleticekin eginiko gola ospatzen, 2007. urtean. (Monika del Valle | Foku)

Asteburu gogorra baina ahaztezina izan da Koikili Lertxundi Athleticen jokalari ohiarentzat ere. Sevillara joan diren milaka eta milaka pertsonen artean egon da otxandiotarra, eta orain beste ezinbesteko hitzordua du: gabarra ikustea, Bilbon, ostegun honetan.

Belaunaldi gazi-gozoak osatu dituenetakoa da Koiliki: gertutik garaikur asko ikusi izan du garaipenik gauzatu gabe. Orain bai, ospakizunaren unea iritsi da, eta... nola biziko dute aukera izan ez zuten horiek? Berak du hitza. 

Lehenik eta behin, nola bizi izan dituzu Kopako egun hauek?

Ostegunean alaba eta bikotekidearekin furgoneta hartu genuen eta poliki-poliki gerturatu ginen Sevillara: Salamanca aldean lo egin genuen, beti furgonetan, eta hortik beherantza.

Behin Sevillan, berehala giroa itzela iruditu zitzaidan. Turismo apur bat egin genuen, Giralda ikusi genuen, han egiten den ohiko buelta eman genuen, eta Athleticen «fan zonen» lo egin genuen ostiral gauean.

«Urduritasuna, pasioa, emozioa... sentitu nituen Sevillan. Azkenik, eskerrak!, zoriontasuna. Eta bukatzeko, bakea»

 

Larunbatean bazkaria, eta gero arratsaldean kalejiran joan ginen zelairaino, kontzerturen bat ikusi genuen... Itzulera apur bat korapilatsuagoa izan genuen, auto iladak zirela eta, Ruta de la Plata errepidean, baina ezer larririk ez.

Hitz gutxitan nolakoa izan da esperientzia?

Urduritasuna, pasioa, emozioa (asko) eta partaidetasuna nabarmenduko nituzke. «Athletictasun» moduko bat izan da, familia handi batean bezala sentitu nintzelako. Azkenik, eskerrak!, zoriontasuna. Eta bukatzeko, bakea.

Finalari begira baikor zinen?

Beti izan behar da baikorra. Atsedenaldian bertan, ni baikorra nintzen oraindik, emaitza txarra izan arren. Azken finean taldean zortzi futbolarik ez zuten orain arte honelako finalik jokatu eta logikoa zen.

Taktikoki zer azpimarratuko zenuke?

Ernesto Valverdek aldaketa egokia egin zuen, Vesga Pradosen ordez, eta horrekin nolabait dena konpondu zuen. Prados ez zen erruduna, noski, baina norgehiagoka beste aldera joaten ari zitzaion Beñati, Mallorcak defentsatik bi aurrelariak zuzenean bilatzen zituelako. Berak ia ez zuen baloirik ikutu eta taldeak beste zerbait behar zuen. Bigarren zatian betiko Athletic ikusi genuen.

Zure alabak sekula galdetu al dizu zer den gabarra edo zer sentitzen duzu Athleticeko jokalari ohi gisa?

Egia da Sevillan zale askok gelditu gintuela, argazki bat eskatzen. Berak badaki nor izan nintzen, tresna teknologikoei esker ezagutu du nire iragana Athleticen. Begira, gauza bat esango dizut...

Zer? 

1984. urtean nik ez nuen gabarra ikusi. Txikia nintzen, 3 urte baino ez neuzkan, eta egia da, Bilbon bertan nengoen, baina ez nuen ezer ikusi. Aldiz, aurtengoan parte hartuko dut, ikusle gisa noski, nire alabarekin. Beraz, ikuspuntu honetatik familian «berdinketa» bat izango dugu gabarrari dagokionez: 1-1.

«Ikusi dudan gabarra bakarra 2009ko Kopako finalaren aurretik izan zen. 1984ko irudiak erakutsi zizkiguten, gu motibatzeko»

 

Ikusi dudan gabarra «bakarra» 2009ko Kopako finala baino lehen izan zen, Bartzelonaren aurka, Valentzian. Badakizu, gu motibatzeko 1984ko irudiak erakutsi zizkiguten, baina ez zen partidua irabazteko nahikoa izan, Messiren aurka...

Final batzuk bizi izan dituzu, ezta?

Bederatzi, bai. Batzuetan ez nuen jokatu baina bai taldekide nintzen edota esatari nenbilen irratian. Azpitxapeldun titulu mordo bat daukat. Eskerrak behin, aurten baino lehenago, Athletic garaile ikusi nuela, 2021eko Superkopan, Bartzelonaren kontra orduan ere.

Zer esan nahi du Koparen garaipen honek?

Klubari begira inflexio puntu handi bat da, denboraldi bikaina egiten ari da eta. Jendeak betirako gogoratuko du, eta Athleticek ez du oraindik bere «lana» bukatu, laugarren postua hor dago Ligan, gertu. Jendea disfrutatzen ari da taldearekin, Sevillan nabarmen konturatu nintzen, giroarekin, hainbeste argazki ateratzen edo milaka zalerekin egoten. Eta Championsen sartu ezkero, ikusiko duzu datorren urtean...

Taldekide ohi batzuk ongi ezagutzen dituzu...

Noski. Finalaren ondoren irudikatu nuen lehenbizikoa hau izan zen: «Nola disfrutatuko duten Muniainek, De Marcosek eta Ander Herrerak ere bai!». Besteak oso gazteak dira eta aurreko porrot guztiak ez dituzte bizi. Baina oso garrantsitsua da, talde batean, eskarmentu handiko bloke bat mantentzea.

«Zergatik Kopan hain indartsu? Nire ustez normalean gauez jokatzeak badu bere garrantzia»

Zergatik da Athletic, finala galdu ala irabazi, hain lehiakorra Kopan? Zer uste duzu horretaz?

Egia da, 25 aldiz irabazi du eta beste 16 finalean galdu du: 120 ediziotan 41 aldiz Athletic azken txanpan egon da. Hiru urtetan behin, meritu handia da hori, ia mirari bat da, zalantzarik gabe nabarmendu beharrekoa. Zergatik? Nire ustez normalean gauez jokatzeak badu bere garrantzia: hitzordu bereziak dira Kopako neurketak, iluntzean, giro handiagorekin... giro horretan askoz hobeto jokatzen du taldeak, batez ere San Mamesen. Eta ez du talderik onena izango 38 jardunaldietan zehar goian egoteko, baina etxean, Bilbon, Athletic gainditzea oso zaila da.